'Berdea da more berria' liburuaren aurkezpena egingo dute Kaxildan

'Berdea da more berria' liburuaren aurkezpena egingo dute Kaxildan
Argia.eus

Argiak antolatua, Onintza Irureta, Nekane Zabala eta Aitziber Aranberrik emakumeen hiru grebaz mintzatuko dira apirilaren 29an Amara Zaharreko liburu-dendan

EL DIARIO VASCO

'Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak.' liburuaren autorea, Onintza Irureta; Nekane Zabala, Hernaniko polizia-etxeko garbitzailea —bere lankideekin batera irailaren 19tik greban dagoena—; eta Aitziber Aranberri, Ategorrietako Villa Sacramento zaharren egoitzako langilea —greban dagoena, halaber— izango dira Amara Zaharreko Kaxilda liburu-dendan astelehen honetan, apirilaren 29an, 18:30etan.

Irantzu Varela kazetariaren hitzaurreak aurkezten digu Iruretak idatzitako lana, emakume grebalariak protagonista dituena. Zortzi borrokalari elkarrizketatu ditu horretarako: Maribel Sampedro Martínez, Ainhoa Menéndez Llamosas, Marina Costa Bonome, Verónica Aguado Otero, Lara Góngora Góngora, Marisol Rueda Espinha eta Aitziber Tolosa Contreras. Haien ahotik kontatzen da 2016ko greba handia. Halako indar erakustaldia ez da, ordea, hutsetik sortu. Liburuaren lehen zatian 1980ko urteak jorratzen dira; ELA sindikatuak sektorean egindako apustuaren giltzarriak azaltzen eta egoitzetako emakume zaintzaileen hazte prozesua kontatzen da bertan.

2016ko martxoan hasi zen dena. Ia bi urtez luzatuko zen borroka, 378 egun greban. Bizkaiko zaharren egoitzetako langileak kokoteraino zeuden. Ia langile guztiak emakumeak ziren, zaintza lanak egiten dituzten gerokultoreak, lan baldintza kaskarretan. Ustekaberik ez, zaintza beti bezala emakumeen ardurapean, ordainik gabe edo gaizki ordainduta. Bosgarren hitzarmena sinatzea garaipena izan zen, baina borroka hark lan baldintzak hobetzea baino gehiago lortu zuen: emakumeak ahaldundu ziren, zaintza erdigunean jarri zuten, gizartea sentsibilizatzea lortu zuten eta beste sektore feminizatu prekarioentzat eredu eta hauspo izaten ari da.

Manu Robles-Arangiz Institutuaren eta Argia aldizkariaren laguntzarekin plazaratu du liburua Iruretak eta, pasa den otsailaren 20ean Bilboko Bira gunean aurkeztu ondoren, Donostian aurkeztuko dute astelehen honetan —hilak 29—.