«Beti ibili naiz asmatu nahian zein den nire erregistro, nire tinbre egokiena»

Benito Lertxundi, lehengo astean Orion./MIKEL FRAILE
Benito Lertxundi, lehengo astean Orion. / MIKEL FRAILE

Benito Lertxundik beste disko bat plazaratu du, azken lau urteotan plazaz plaza eskainitako abesti berriak dakartzana

FELIX IBARGUTXIORIO.

'Ospakizun gauean' du izenburu Benito Lertxundiren (Orio, 1942) disko berriak. Aurrekoa, 'Oroimenaren oraina', 2012an atera zuen.

- Garai batean diskoek funtzio gehiago betetzen zituzten. Gero internet eta piratería etorri ziren. Orain diskoa zer da zuretzat?

- Kantuok egin nituela urte batzuk badira. Lau urte eman ditut kantuokin kantaldiz kantaldi. Gauza bategatik edo besteagatik atzeratu egin zait grabazioa. Gauza asko kontatuko nituzke, baina beno, ez dago horren beharrik. Egia da diskoaren industriak behera egin duela eta musika asko kontsumitzen dela internet bidez, baina oraindik ez da agortu diskogintza. Makina bat disko egiten da munduan zehar, eta oraindik ere badira disko batzuk asko saltzen direnak. Eta hor dago biniloaren fenomenoa ere, ez da gauza masiboa, baina berriro biniloak editatzen eta saltzen hasi dira. Nik uste dut diskoak beharrezkoak direla, azken batean interneten dagoen musika ere diskotik dator.

«Adimena libre denean, domestikatua ez denean, salbaia da, eta salbaia denez, bizkorra»«Grabazio-estudioa beti izan dut zerbait iluna, ez gustukoa»«Herri menperatu bat da gurea, eta jarrera kontsekuenteak ez dituena»

- Jakina, ez balego diskorik akabo interneteko entzuketak. Grabazio-gelatik pasatze hori zuk nola bizi duzu? Urteen poderioz lasaiago?

- Beti bezala bizi izan dut. Diskoa grabatzeko prozesua sekula ez da izan nire lanik hoberena. Beti izan dut arazoa grabaketa garaian. Grabazio-estudioan sartzen naizenean, beti izan dut sentipena hor ari dena ez naizela ni, beste bat dela, eta esku artean daukan hori ez duela ondo ulertzen. Grabazio-gelan kantuan hasten naizelarik, notak ematen ditut, letrak esaten ditut, baina ez dago arimarik; horrelako zerbait, nirea ez den zerbait kantatzen ariko banintz bezala. Gero, diskoa ateratzean, beti sentimendu bera daukat: ez dut entzun nahi gehiago. Oraintxe bertan ez daukat irizpiderik esateko diskoan zer egin dudan. Estudioa beti izan da zerbait iluna, ez gustukoa; baina hortik pasa behar, nolabait.

- Oraingoan badago berritasun handi bat: Kantaita enea izeneko disko-etxearen bidez atera duzu diskoa. Zuk zeuk sortutako etxea da, ezta?

- Horretarako egina dago, gainera. Guk kantuak egiten ditugu, eta gero, plazaratzea erabakitzen dugunean, enpresa batekin jartzen gara harremanetan eta diskoaren kudeaketa haren eskutik joaten da. Sorkuntzaren aldea oso ezaguna dugu, baina beste alde hori, guztiz ezezaguna. Alde horretatik oso utzia izan naiz eta, oraingo begiekin erreparatuta, ez zait gustatzen nire profil hori. Nahi izan dugu beste alderdi hori ere ezagutu; eta alabak nola Leinn karrera egin duen eta nahi duen musikaren arloan lan egin... Ikusiko dugu zer esperientzia den.

- Oro har mezu-diskoa da hau. Zuk beti testu mamitsuak erabili izan dituzu. Hor dago Pessoa ere, aspaldiko laguna duzuna. Oraingoan bi testuri jarri diezu musika. Haren zenbat testu musikatu duzu?

- Orain ezin dizut esan. Badira batzuk. Nire poeta kuttuna da.

- Eta oraingo letra honetan Pessoak transmititzen digun mezua: bizi lasai, ez bizi lehengoari begira.

- Bai, hala da. Baina hori esaten erraza da, eta gero egin egin behar da. Kontua da ulertzea etsaia, bizitzen uzten ez digun etsaia, norberak sortutako mamua dela. Norberak ikasi behar du hori, bere kabuz, beste inon ez du ikasiko. Hori dena bizi-jarrera batetik dator; atentziotik. Adimena libre denean, baldintzatua ez denean, domestikatua ez denean, salbaia da eta salbaia denez bizkorra. Detektatzen ditu oso zailak egiten zaizkigun gauzak, baina berez oso xumeak direnak. Eta gauza xumea ez da gauza sinplea, gauza sakonena izan daiteke. Azken batean zera esaten du Pessoak: zerk okupatzen gaitu bizitzan? Beno, okupatzen gaitu nolabait baloreen bidez egituratutako gizarte batek, eta horren arabera gidoi bat interpretatzen dut. Edo erabakitzen dut bizitzea neure pertzepziotik, libreki. Hori da Pessoaen mezua, eta Pessoa egin zait oso hurbila joera hori nigan ere badagoelako.

- Eta diskoan agertzen den zure beste ideia giltzarri bat: desikasi beharra.

- Esan nahi nukeena da azken finean konturatu behar duzula ikasi duzun horrek ez duela balio. Eta konturatzen zarenean ez duela balio, da bizkarretik motxila kentzen duzunean bezala; arintze bat gertatzen da. Libre zara eta ez dago ezer idatzirik. Zuk igarri behar duzu, zeure adimen eta sentsibilitatearekin, zerk laguntzen dizun bizitzen eta zerk ez. Orduan zure bizitzak kalitatean irabaziko du, aberatsagoa izango da.

- Badago 'Otzandu herrian' izenburuko kantua ere. Aurrekoetan ere esan izan duzu gure herria herri menperatu eta otzana dela.

- Nik herri otzan bat aurkitu nuen, eta jendaurreko langintza batean sartu nintzen. Ikusten dut herri menperatu bat dela gurea, eta jarrera kontsekuenteak ez dituena, herri domestikatua delako. Gainera, menderakuntza bera ere domestikatu da, herritarrek legitimatu dutelako menperatzaileen araudia eta diskurtsoa. Nola esaten zaio horri?: herri otzandua.

- Ez Dok Amairuko kantari eta musikari asko joan dira, joan zaizkizu; azkena, Joxan Artze.

- Esango dizut. Nik baditut munduan zehar pertsona eta pertsonaia kuttun batzuk, eta nahi nuke beti hor egotea, aldamenean. Baina naturaren legeak hor daude, eta haizea bezala pasatzen da heriotza. Nola egingo diogu aurre naturari? Ez, ez! Pasa egin behar dugu, eta pasako dugu lehentxeago edo beranduxeago. Egia diot, ez dut postureorik batere. Leteren hileta elizkizunean, han nengoen Urnietako elizatarian, etorri zitzaizkidan ume batzuk autografo eske, eta emakume bat, «zer pena!» esanez. Erantzun nion gertaera naturala zela, eta aurpegi arraroarekin begiratu zidan. Egia da, heriotza gauza naturala da eta pasa egin behar dugu. Ez da onartu beharreko kontua, ezinbestean baita.

- Zer moduz dabilkizu eztarria?

- Ongi. Asmatzen dudanean, ongi. Ni inbiditan egoten naiz, batzuek esaten dutenean badaukatela kantatzeko modu jakin bat, erregistro jakin bat. Ez da nire kasua izan; beti ibili naiz bueltaka hara eta hona, asmatu nahian zein den nire erregistro, nire tinbre egokiena. Kontzertu batzuk oso gustura egin ditut, beste batzuk ez hain gustura.

- Baina eztarriak ondo erantzuten dizu, ez daukazu arazo fisikorik.

- Ez dakit bada... Batek esan zuen, Zarauzko kontzertuaren ostean, kantu berriak grabeegi kantatu nituela, eta pentsatu zuela ahotsa galtzen ari nintzela, baina gero beste kantu bat oso kantatu nuela.

- Disko honetan, pare bat kantutan-edo, ahotsa grabeago jartzen zaizu.

- Nire kantuen bizkarrezurra beti letra izaten da, asmatu edo ez. Letrak zer esaten didan, horren arabera jokatzen dut. Igual iruditzen zait, goragotik joanda, letra horrek indarra eta usaina galduko duela.

- Beraz, badira letra batzuk ahots lakarragoa eskatzen dizutenak.

- Etxean, lantokian, badaukat sabai-leiho bat, eta garai batean usoak etortzen ziren, usategia baitzegoen inguruan. Halako esperimentu ba-tzuk egin nituen usoekin: musika bat jarri eta ea zer egiten zuten.

- Zabalik egoten zen sabai-leiho hori?

- Ez, itxita. Egun batean, ari nintzen aproba batzuk egiten kantu berri batekin. Kantatzen nuen era batera eta ez zidan gauza handirik esaten. Jaitsi nuen tonu erdia, gero beste bi tonu erdi jaitsi, eta bat-batean txori batzuk agertu ziren leiho ondora! Gero goragotik kantatu eta txoriak desagertu! Esango duzu txoratuta nagoela, baina beste bitan egin nuen esperimentua eta, tonua jaistean, berriz ere txoriak agertu. Badakizu zer? Musikariei esan nien: aizue, tonuz aldatuko dut kantu hau.

- Batzuetan, letra nolakoa den, kantatu beharrean errezitatu egiten duzu.

- Arrazoitzen zaila izaten da. Sentsazioak izaten dira. Gogoak, arimak eskatzen dizu horrela egitea.

- Aurreko diskoan bezala, badira koru batzuk, Olatz Zugasti eta Intza Unanuerekin eginak.

- Aurreko diskoan ez zen Unanue agertzen, baina ordurako uste dut ari zela nirekin kantuan.

- Horrelako koruek lanketa handia eskatuko zuten.

- Batzuek esan didate ez genuela behar adina landu.

- Nork? Mokofin batek?

- Olatzek [Zugastik] berak.

- Egiten al duzu kantuan Euskal Herritik kanpo?

- Deiak baditut, baina gertatzen dena da gu hamar lagun garela agertokian eta hori astuna eta garestia da. Proposatu izan didate Ameriketatik-eta ni bakarrik joatea gitarrarekin, baina horrelakorik ez dut egin nahi, hori nire prehistoriako kontuak dira. Parisko antzoki eder batean egin nuen kantaldia, nire talde osoarekin, jende asko bildu zen, bostehun lagunetik gora, eta berriro martxoan egin nahi dute; ez dakit toki berean edo Parisko beste areto batean.

Temas

Euskera