Bengodi izeneko lurralde alegiazkoan Dekameronea irakurtzen. Urbeltzekin
Gipuzkoako Urrezko Domina duen dantzari, etnomusikologo, ikertzaile, euskaltzale, kultura gizon, bidaiaria eta horren dandy dotore eta guapoa den Juan Antonio Urbeltzekin ele egiteak, plazer ezin konparatuzkoa izateaz gaindi, multibertso estrainio eta eder baten dimentsio guztietara zaramatza eta hor zaudela, atera ez duzula nahi sumatzen duzu gorputzaren eta arimaren geruza guztietan.
Horrela ibili ginen bera eta biok arrats gorri batean Donostiako Zumardian. Zertaz ele-bideetan? Japoniako azeriez, San Martinde Unxeko ardoaz, sefardien kantaz, euskal cromlechez, soldadu herrenarekin dantza egin ohi zuen hartz emeaz…
Bat-batean, Boccaccio aipatu zuen Marian Arregi zenaren alargun enamoratuak. Esan zuen poeta Nafarroakoak oso ikasia eta maitasunaren sukarretara arras emana bide zen florentziar horrek mereziko zuela, dudarik ez izan, bere izena izango zuen kalerik, plazarik, zumardirik.
Erantzun genion guk seguru hamaika zituela bere Toscanan. Ihardetsi zuen Gipuzkoako Kultura Zuzendaria izandakoak ez zela Italiaz ari. Berak Giovanniren izena aldarrikatu nahi zuen hemen, euskaldunon lurraldean. Zer dela eta galdetu genuen guk eta berak honako esaldi hauek errezitatuz erantzun: «Maso rispose che le più si trovavano in Berlinzone, terra de' Baschi, in una contrada che si chiamava Bengodi, nella quale si legano le vigne con le salsicce».
Hasierako harridura gurea jakin –min sekulakoa bilakaturik, azalpenak eskatu genizkion (otoi) eta berak esan Boccacciok euskaldunen aipamen fantasiaz beterikoak egiten dituela literaturaren gailurretako bat den bere 'Dekamerone'-n. Multibertsoko auskalo zein dimentsiotan geundenez, ezerk ezin gintuen zor ta lor utzi dena baita posible fisika edo poetika kuantikoaren besoetan bazaude, are gehiago Urbeltzekin partekatzen baduzu dimentsio hori.
Idazlearen hitz horiek euskaratzeko eskatu genion (arren) eta hara non Urbeltzek Armiarmaren sarean eskuragai den itzulpen bati helduz, zera argitu zigun, VIII. Jardunaldiaren 3. Ipuinean badira Kalandrino eta Maso Saggio pertsonaiak berbetan, mirakuluzko harri batzuei buruz. Ea non diren galdetzen dio adimen apurreko Kalandrinok eta iseka egin nahi dion Masok honelako erantzuna bota: «euskaldunen lurrean».
Emango dizkio gero harri bihurturik den entzule gaixo horri esplikazio zabalagoak, fantasiaz gainezka daudenak. Boccacciorentzat, honelakoak ziren euskaldunon lurrak eta usadioak: «Bengodi izeneko lurralde batetatik, mahats ahienak lukainkez lotzen diren eta diru batetan gauza bat erostean ahate bat errezebitzen duten toki batetatik. Bertan Parma-ko gazerazko mendi bat dago, eta jendeak handik pastak eta makarrioak eratzen dituzte, gapoi-zukutan egosteagatik. Eta gero guztia behera botatzen zuten, eta gehien hartzen zuenak gehien zedukan. Aldamenean arno gorrizko hibai bat zerion, inon edan ahal daitekeen hoberena».
Oi baino besterik errateko ez zen ba gauza ustekabe handia jasotako Kalandrino. Asmatu omen zuen gero galdezka nola jarraitu: «erradak, jende horrek egosten dituen gapoiez, zer gertatzen da?».
Eta Maso maltzurrak: «Euskaldunek jaten ditiate».
.Ustekabez ustekabe den Kalandrino inozoak: «Inoiz egon zarea bertan?»
Masok sartu dion ziria gozatuz: «Milatan ere».
Kalandrinok, euskaldunon lurrak ezagutzeko grina handiz: «Eta zenbat legoa dago handik?»
Masso gaiztoak: «Mila eta mila bider mila, eta gauez joan haiteke haren bila».
Guk, Kalandrinok berak baino sorpresa galantagoa harturik, galdetu genion Urbeltzi non arraio aurkitu zuen altxor hori. Ez bakarrik italierazko testuak. Baita euskarara ekarritakoak ere. Eta Urbeltzek, azeri bat bezain artetsu erantzun zuen jatorrizko hitzak euskarazko Wikipedian agertzen zirela eta euskarazkoak Gabriel Arestik berak itzuliak zirela, lapurtera klasikoa maisuki erabiliz, Boccacioren 'Dekamerone' tipia berean. Gordeta dira bai euskaratu zituen hamabost ipuinak Armiarma doako sare aberatsean.
Atera ginen Juan Antonio eta biok geunden multibertsoko dimentsio hartatik eta ekin genion tipi tapa Bengodirako bideari bagenekielako gauez egingo genituela aurrean ziren mila eta mila legoa.
Bai, Boccacciok plaza bat merezi du gurean…
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.