Belaunaldiak batzeko, poesia eta musika
Azaroaren 6an eta 8an errezitaldiak, hitzaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Lezon
Poesia eta musika uztartuz bidea egin du jada Balea Zuria argitaletxearen eta Lezoko Udalaren Kultura sailak elkarlanean antolatzen duten 'Poesia Kaia' ekimenak. Orain lau urte abiatu zen, ordutik pausoz pauso hazten joan da eta azaroaren 6tik 8ra beste bultzada bat eman nahi zaio, oraingoan «belaunaldien arteko» zubi-lana eginez. Hartarako, ohi bezala, errezitaldiak, hitzaldiak eta zuzeneko emanaldiak izango dira. Agerraldian izan ziren Balea Zuriako kidea Juan Ramón Makuso; Lezoko Kultura zinegotzia Aitzol Saizar eta Ainhoa Salaberria kultura teknikaria. «Oso pozgarria da bosgarren urtez poesiari lekua egitea kultur agendan», oroitu zuen hitzartzean Aitzol Saizarrek. «Hain ohikoa ez den diziplina horri lekua ematea da helburua, eta poesiara hurbiltzea herritarrentzat», azpimarratu zuen.
Publicidad
Programak bi zita nagusi ditu. Lehena azaroaren 6an, 19:00etan, izango da Kultura aretoan. Jokin Muñoz idazle nafarrak 'Mugako poetika' hitzaldia eskainiko du, Maddi Muñoz dantzariarekin batera, Muñozek bitan irabazi du Euskadi Literatur Saria, 2004an lehena, 'Bizia lo' (Alberdania, 2003) lanagatik, eta 2008an 'Antzararen bidea' eleberriagatik (Alberdania, 2007), Kritikaren saria ere jaso zuena. Iaz kaleratu zuen bere azken lana, 'Quiero ver' eleberria (Erein).
Bigarrenik, azaroaren 8an eta 19:00etan ere, poesia errezitaldia izango da hiru idazlerekin: Berta Piñán asturiarra Rakel Pardo urdazubitarra eta Sara Uribe-Etxeberria Atxurra zumaiarra. Azken honek VIII. DK Poesia Saria eskuratu zuen 'Kuntzak eta kerak' bildumarekin. Ostean, Oiasso Boskotearen eskutik 'Mozarten klarinete boskotea LA handienean, K. 581' musika kontzertu laburra izango da.
Salaberriak azaldu zuenez bi jardunaldiak doakoak izango dira, baina larunbatean antolatu denerako Lezoko Udalaren edo Kultura Departamentuaren webgunean gonbidapenak lortu beharko dira. Era berean, azken honen bulegoa irekia izango da 8:30etik 13:30era.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión