Beganoak, blogariak, gayak eta jihadistak, Euskaltzaindiaren Hiztegian

Blog hitzari dagokion sarrera Hiztegiaren bertsio elektronikoak./
Blog hitzari dagokion sarrera Hiztegiaren bertsio elektronikoak.

Guztira, 517 sarrera eta 165 azpisarrera berri sartu dira, eta beste 381 zuzendu eta osatu

Euskaltzaindiak 682 forma gehitu dizkio bere Hiztegiari. Guztira, 517 sarrera eta 165 azpisarrera berri sartu dira Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bertsio elektronikoan eta beste 381 zuzendu eta osatu.

2016an, paperean eta sarean aurkeztu zen Euskaltzaindiaren Hiztegi berria, eta azken aldaketa garrantzitsuak aurtengo otsailean egin izan dira. Otsailetik, forma asko aztertu ditu Hiztegiaren Batzorde ahaldunduak, aldaketa ugari proposatuz. Aldaketa hauek azken lau hilabeteotan egin diren Osoko bilkuretan aurkeztu eta onartu dira. Euskaltzain osoek zerrenda horiek ontzat eman dituzte eta, ondoren, Hiztegiaren bertsio elektronikoan ezarri dira.

Honatx zenbait sarrera berri aipagarri: ahobatezkotasun; beganismo; bidegorri; blog; blogari; brigadista; burka; buxatu; desizoztu; ehorztetxe; endekapen; etxegabetu; flysch; gay; gospel; hasieratu; iktus; ilegalizazio; imajinario; jasangarritasun; jihadista edo pexmerga.

Azpisarreren artean ere badaude egunero erabiliak izan arren Hiztegian falta zirenak: debuta egin; droga(-)mendekotasun; errugabetasun(-)presuntzio; eskola(-)jazarpen; genero(-)indarkeria; herri(-)galdeketa; hiri(-)hondakin; hitzarmen kolektibo; inguruabar aringarri; inguruabar astungarri; Jehovaren lekuko; kultur etxe; urruntze(-)agindu...

38.409 sarrera

Aurrerantzean, urtean bizpahiru aldiz eguneratuko da Hiztegiaren bertsio elektronikoa. 'Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak' egitasmoari 2006an eman zitzaion hasiera, Hiztegi Batuaren 2000. urteko argitalpenean oinarriturik. Horrek 2012an paperean argitaratu zen Euskaltzaindiaren Hiztegia eman zuen. Ondoren, Hiztegi Batuaren bigarren itzuliko formen artikuluak landu ziren eta lehen argitaraldiko hainbat sarrera eta azpisarrera berrikusi eta osatu ziren.

Euskaltzaindiaren Hiztegia 2016ko urrian sareratu zen lehenengo aldiz. Ondotik, beste hitz asko osatu eta zuzendu dira. Azken bertsio elektroniko honetan, 38.409 sarrera, 7.150 azpisarrera eta 62.519 adiera daude guztira.

Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, 1991n hasi, eta etengabe, adieraz, adibidez eta azpisarreraz hornitzen dena. Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokira zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos