Beantatuz jaialdiak berriro eramango du artea Tolosako kaleetara

2016ko edizioko irudi bat./IÑIGO ROYO
2016ko edizioko irudi bat. / IÑIGO ROYO

Ekainaren 14tik 17ra bi mural egingo dira, eta bietan hartuko du parte Emily Read aurtengo artista gonbidatuak

Zazpigarren urtez, artea kalera aterako du Tolosan Beantatuz Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiak sanjoanetako lehen asteburuan, ekainaren 14tik 17ra. Tolosajo Udalak ohar baten bidez aurreratu duenez, «jaialdiak erakusketak eta muralak bateratuko ditu herriko leku ezberdinetan». Gainera, edizio honetan, aurten belaunaldiartekotasuna landu duen Haurren Hiria ekimenarekin lotura izango du jaialdiak. Bestalde, Emily Read artista kanadarra izango da protagonista nagusietakoa.

Izan ere, Tolosako Udala, Barrabun Kultur Elkartea, Gko Gallery, BOXa eta Art Fix-en artean antolatutako festibalak «betidanik izan du oinarritzat kultura, ohitura, hizkuntza eta adin ezberdinetako pertsonen arteko kolaborazioa bilatzeko xedea; arteak eta kreazio-ekintzek balio dezatela elkartze eta bateratzerako oinarritzat. Elkar ulertzeko eta kolaboraziorako oinarritzat eta baita adierazpen artistiko eta sozio-kulturalerako ere».

Programazioaren barruan bi mural egingo dira: bata Plaza Zaharra-n eta bestea Zumardian. Bietan Emily Read artistak hartuko du parte. Aurrenekoaren oinarritzat bere 'Not so hopeless' proiektua hartuko da, arriskuan dauden animalien ingurukoa.

Bigarren murala, Zumardi Handian, artistaren eta Haurren Hiria-ko partaideen artean egingo da. Azken mural honek ekimen osagarri bat izango du; 'Not So Hopeless' ekimena azalduko da eta gaiaren inguruko gogoeta bultzatuko da.

'Hirian Hazi' erakusketa kolektiboa ere ikusgai egongo da. Haurtzaroari buruzko hausnarketa egiteko gonbidapena egiten da erakusketa horretan, «umeak eta hiria, umeak eta aiton-amonak eta haurtzaroko oroitzapen beldur eta txundidurak erabiliz oinarritzat». Erakusketa Gko Gallery-n egongo da ikusgai, baina 10 obrarik esanguratsuenen kopiak Tolosako leku ezberdinetan kokatuko dira, artea kalera irten dadin.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos