Pio Baroja, Urbeltz eta Lipus, bat eginda

'Martin Zalakain' ikuskizuneko partaideetako batzuk, Victoria Eugenia antzokiaren ondoan / Sara Santos

Asteburu honetan Donostiara iritsiko da, oholtzan 80 dantzari eta 20 musikari ariko direlarik, 'Martin Zalakain' ikuskizuna. Dantza eta antzerkia uztartzen ditu

FELIX IBARGUTXI
Martes, 12 diciembre 2017, 10:55

'Martin Zalakain' ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokira iritsiko da asteburu honetan. Ikuskizun guztiz berritzailea da, dantza eta antzerkia batzen baititu. Juan Antonio Urbeltz arduratu da dantzaren arloaz, Ander Lipus taxutu du alde teatrala eta Harkaitz Canok moldatu du testua, Pio Barojaren ‘Zalakain abenturazalea’ eleberri ezaguna oinarri hartuta. «Hau hasiera bat da, dantzarekiko dramaturgia baten hasiera», esan zuen Urbeltzek atzoko aurkezpenean.

Laurogei dantzari ariko dira taula gainean eta hogei musikari. Juan Antonio Urbeltzek 60ko hamarkadan sortutako Argia taldeko dantzariez gain, talde hauetakoak ariko dira oholtzan: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze) eta Elai-Alai (Portugalete). Narratzailearena, berriz, Ander Lipus aktoreak egingo du -berea duen mugimendu-modu berezi horrekin- eta bukaera aldera dantza ere egingo du, bai baitaki horretan ere.

Juan Antonio Urbeltz da ikuskizunaren arima. Berak hautatu zuen gaia, berak egin du koreografia. Betidanik izan du gustuko Pio Baroja, eta gainera harreman berezia eduki du harekin, atzoko aurkezpen ekitaldian kontatu zuenez: «Beti esan izan dut 'Okendo' kafetegia dela nire bulegoa, goizean kafea hartzen dut izango denarekin, eta eguerdian txakolina. Eta, hain zuzen ere, orain eraikin hori dagoen tokian zegoen etxe batean jaio zen Don Pío. Nire gurasoak 1939ko urriaren 23an ezkondu ziren, eta lehenengo gaua Pensión Oquendon egin zuten, Iriondotarrek zeukaten hartan».

Urbeltzek Harkaitz Canori eskatu zion 'Zalakain abenturazalea'-ren bertsioa idatzi zezan, eta honek «western karlistaren» kutsua eman dio. «Ziur nago Don Píok bedeinkapena emango liokeela testu honi eta prestatu dugun dantza sortari», adierazi zuen Urbeltzek.

Hona hemen Harkaitz Canoren testigantza: «Sekula bururatuko ez zitzaidakeen zerbait da 'Zalakain abenturazalea' lan koreografiko baten abiapuntutzat hartzea. Horregatik egin zitzaidan, hain zuzen ere, horren erakargarria proposamena. Garai baten erretratu paregabea den nobela bat, belaunaldi oso bat literaturara zaletzeko balio izan zuena, berriz berreskuratu, eta Barojaren lana beste ertz batetik interpretatzeko proposamen paregabea delako».

Jantzi kolore askotakoak

Argia taldeko Iñaki Arregik, berriz, jantzien eta doinuen aldetik egindako ahalegina nabarmendu zuen: «Agertoki beltzari zeinek ematen dio kolorea? Jantziak! Musika iradokitzailea behar da, eta uste dut ikuskizun honetakoa halakoxea dela». Halaber, Arregik esan zuen Argia taldearen ikuspegia inklusiboa dela: «Gurea ez da bakarrik zortzikoa. Eta ez da ikuspegi esentzialista; boleroak eta habanerak tartekatu ditugu ikuskizun honetan. Badago suelto-festa izugarri bat, badaude galai-dantzak...».

Doinuen arduradun, berriz, Mikel Urbeltz eta beronen ama Marian Arregi jardun dira. «Badugu soka-orkestra bat, Mediterraneoko kutsua ematen duena, badaude haize- eta metal-sailak, txistua, dultzaina...», esan zuen Mikel Urbeltzek. «Habanerak ez ditugu modu klasikoan jotzen, baizik eta tabernetan kantatu ohi ziren tankeran».

Harkaitz Canok egin du Pio Barojaren testuaren moldaketa, "western karlista" atera zaiolarik

Aurkezpenean ziren maisu-maistra lana egin duten beste bi kide ere, Garikoitz Otamendi eta Itziar Otamendi. Bigarren hau galai-dantzen ardura izan du batik bat. «Badakizue, mutilak nesken atzetik eta neskak ihesi», adierazi zuen. Garikoitz Otamendik, berriz, borroka kutsuko dantzak koordinatu ditu. «Makila-dantzak dira, eta Siziliako makil jokoetan oinarritu gara. Esgrimako mugimendu batzuk ere hartu ditugu».

Juan Antonio Urbeltzek, berriz, gogorarazi zuen 55 urte eman dituela «dantzak ikasten, ikertzen eta irakasten». 1960ko hamarkadan Argia dantza konpainia sortu zuen, gero 1987ra arte Euskal Herriko probintzietako dantzak jasotzeko eta taularatzeko ardura hartuko zuena. 1987tik aurrera ikuskizun propioak sortzen hasi zen, hala nola 'Irradaka' (1987), 'Zortziko' (1988) eta 'Alakiketan' (1992).

Argiako dantzariez gain Kezka, Haritz, Duguna Maritzuli eta Elai-Alaikoak ere ariko dira

Hau da eleberrriaren sinopsia: Martin Zalakain Urbia izeneko fikziozko herriko gazte euskalduna da. Mutil bihurria da. Ama hil ondoren, Migel Tellagorri zahar ostatuzaleak hezten du. Karlos Ohando herriko jauntxoa gorrotatzen du, izan ere gizon hau bere arrebaren atzetik dabil. Azkenean, Martinek lortzen du bere laguna den Bautista Urbiderekin ezkontzea arreba hori. Abenturak Hirugarren Gerra Karlistan girotuta daude, Zalakain eta Bautista deituriko gizon batekin batera. Iparralde eta Hegoaldearen arteko mugan estraperlo negozioetan dabiltza. Lan hauetan dabiltzalarik, Zalakain eta Bautista Santa Kruz apaizaren taldearekin elkartuko dira, behartuta, baina azkenean biek ihes egitea lortuko dute. Lizarran, eta jeneral karlistak engainatu nahian dabilela, Zalakain espetxeratu egiten dute. Zalakainek espetxetik ihes egin, Katalina andregaia hango komentutik erreskatatu eta harekin ezkonduko da. Karlisten erretiradan Karlos Ohandoren morroi batek erailtzen du.

Temas

Euskera
Secciones
Servicios