

Secciones
Servicios
Destacamos
Anoetan Oskarsson bere bigarren gola sartzeko zela iritsi zitzaigun berri txarra, Iparreko gizonaren bi gol haiek baino ordu batzuk lehenago zendu zen, zitzaigun, Marianne Evelyn Gabriel Faithfull.
Abeslaria. Aktorea. Mitoa. Ikonoa. Urteak eman zituen ospearen deliziak eta miseriak dastatzen. Markaz fuerakoak izan ziren bere garaiak, mugarik ez zuten hamarkada horiek (60koan ekin zion bizitzan, musikan, drogetan, zineman zeharreko bere ibilbide ezin konparatuzkoari, Mick Jagger, Keith Richards eta parekoekin partekatua). Are gutxiago 'Swing London' hartan. Are gutxiago rock &rollen beso/atzaparretan murgildurik bazinen. Are gutxiago inork otzandu ez duen zaldi zuri horren (heroina, alegia) xarma deabruzkoak harrapaturik bazinen.
Hamaika aldiz izan zen gailurrean Marianne Evelyn Gabriel Faithfull. Hamaika ere erori. Beste hainbatetan igo. Eta jaitsi. Marianne Evelyn Gabriel Faithfull, hain zintugun maite, hain nahi genuen zure ondoan izan bizitzan gora, musikan behera. Hain izan ziren egundokoak zure kantak, 'As Tears Go By', esaterako, 1979ko Broken English ezin konparatuzko hura (Grammy saria ere zureganatu zenuen…), 2004ko 'Before the Poison' sorginkeria ezin ahaztukoa…
Askotan galtzen genuen Marianne begi-bistatik, Sarritan bere musikaren falta igartzen genuen gurean. Luzez desagertzen zen pantailetatik, egunkarietako azaletatik. Kalean zela erdi galdurik zion jendeak. Pena ezin aguantatu ginela azaltzen zen berriro, bat-batean.
Usatuak ginen. Demonio guztien kontra egin behar izaten zenuen borroka, hegoak zikindurik zituzten aingeru batzuen laguntzaz. Zauriturik ateratzen zinen lehia horietatik guztietatik. Alta, orbaintzen zitzaizkizun ebaki horiek,lausotzen ziren hartutako laidoak. Zure miresleak beti izan ziren zu berriro noiz agertuko esperoan. Askok, bueltatzeko gonbita luzatu zizuten. Esaterako, Sofia Coppolak berak. Mundua zoratuko zuen bere 'Maria Antonieta'-n nahi zintuen aktore. Eta zuk onartu. Eta ez zizun eskaini Sofiak bigarren mailako pertsonaiarik. Ez horixe, Austriako Maria Teresa enperatrizaren papera erregalatu zizun. Eta zuk oparia probestu. Gurekin batera.
Enperatriz bat antzeztea ederki asko zegokizun. Kasik inork ez du aipatu eskainitako herio-kantuetan baina zu baroisa zinen. Eva ama izan zenuen baroisa ere. Mick Jaggerrekin izandako Corrine alaba izango da, aurrerantzean, baroisa, zu bezala. Eta ai zein zelako noblezia egundokoa zuena; Sacher-Masoch baroigoa da zuena…
Bai, zu, Marianne Evelyn Gabriel Faithfull, Robert Glynn Faithfull militar eta espioi britaniarraren alaba, bazara, amaren aldetik, Leopold Sacher-Masoch noble eta idazlearen hereniloba! Eta gutako makina bat izen horren aurrean makurtu egiten gara. Izan ere, zure asaba-herenak idatzitako 'Venus im Pelz' (Larruz jantzitako Venusa, hots. Polanskik egokitu zuen zinemara…) kontakizun erotiko askoak jendea zoratu/deabrutu/eszitatu zuen. Horren sakon ze ordutik, zure arbaso horren abizena (zurea ere dena) erabiltzen dugu sexu harreman zehatz bat azaltzeko, harreman deliziosa non, horretan aritzen direnek adosturik, mina plazera bilakatzen den. Bai, jakina, sadomasokismoz ari natzaizue hizketan…
Oskarssonek bigarren gola sartu zuenerako guk bagenekien nola aitortuko genuen, genizun, mira. Etxera bueltatu orduko bilatuko genuke Jack Cardiffek 1968an zuzenduriko 'The Girl on a Motorcycle' eta ikusiko. Nostalgiaz ikusi, liluraz ikusi, maiteminetan ikusi.
Bertan, Harley-Davidson Electra Glide eder baten gidari, motor jantzi larruzko beltzaz jantzia, bazenuen bai, zure aurre-aurrekoa izan zen nobleak sortutako Venus haren ukitu bat, hain baitzinen desiragarri eta arriskutsua, hain baita , oraindik ere, sentsuala pelikula. Hain perilosoa zue ametsak berotzen dituen Alain Delon hura.
Hil zara Marianne, Realak PAOK greziarra gainditu zuen egunean Aintza eta aintza larruz jantzitako baroisa gurea. Infernu guztien gainetik eta zeru guztien azpitik zara ibilia. Motorrez zein oinez. Ikonoa izan zinen. Baita haragi-hezurrezko emakume benetakoa ere. Zure ohorez 'It´s All Over Now, 'Baby Blue' kantatuko dugu. Bai, 'The Girl on a Motorcycle'-n abesten zenuen huraxe: «Alde egiteko garaia da. Hartu azkar gorde nahi duzun hori eta zoaz; dena bukatu da».
Adiorik ez, Marianne, ez adiorik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.