Baloia libre Holanda aldetik

Dusan Tadicek Vitesseri sartutako gola ospatzen./Olaf Kraak / EFE
Dusan Tadicek Vitesseri sartutako gola ospatzen. / Olaf Kraak / EFE

'Futbola apeta kontrolaezinez bete kirola delako? Ikusleok, zaleok, drogen mendekoen antzera, etengabe behar dugulako zirrara bat? Izan dadila, otoi, azken-aurrekoa baino handiagoa eta gaindi ditzala hurrengoak'

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Datorren asteartean dugu hitzordu ezinbestekoa hartuta. Norekin? De Jongekin. De Lightekin. Van de Beekekin. Tadicekin. Neresekin. Erik ten Hagekin. Zerekin? Futbolarekin. Benetako futbolarekin. Futbol ederrarekin. Futbol osoarekin. Aspaldi zahar batetik datorren gaurko futbolarekin. Futbol gaztearekin. Alaiarekin. Holandako Ajax taldeak jokatzen duenarekin. Talka, topo, estropezu egingo du hilaren 30ean mimoz, dirutza ederraz eta artez eraikitako talde arrokatsu batekin: Pochettinoren Tottenhamekin.

Champions txapelketaz ari gara. Final aurrekoetan gaude. Harritzekoa bada ere, Messiren, Suarezen, Busquetsen, Piqueren, Lengleten, Dembeleren edo Ter Stegenen Barça ia konparaezinak Salah errege duen Liverpoolen kontra jokatuko duen partidak ez du horrenbeste ikusmin pizten. Nahiz eta, honezkero, blaugranak txapeldunen artean beldurgarrienetarikoak izan hiru lehia bikainetan: Espainiako Ligan, Kopan eta Europako tronua erabakitzen duen horretan.

Ez. Desira guztiak, begirada denak, azterketa oro eta finalerdiarekiko arreta osoa bereganatzen duen taldea Ajax da. Ez ibili ezbaika, halaxe da. Futbola apeta kontrolaezinez bete kirola delako? Heroiak etengabe sortzen, kontsumitzen eta baztertzen dituen kirola? Ikusleok, zaleok, drogen mendekoen antzera, etengabe behar dugulako zirrara bat? Izan dadila, otoi, azken-aurrekoa baino handiagoa eta gaindi ditzala hurrengoak. Tamainaz eta zorabioz

Bai horixe eta ez horixe. Ziztu batean ikasi dugu maitatzen egungo Ajax taldea, fin, eder, fresko eta lotsagabe maneiatzen duelako baloia. Futbol zelaian aise, gustura, eroso, denbora-pasa alaian sumatzen ditugulako jokalariak. Erritmo pop batean mugitzen dute pilota. Erritmo pop batean mugitzen dira eurak berak.

Eurak? Nortzuk? Jokalari gazte sorta bat. Gazteak oso. Zaharrenak —Tadic serbiarrak— 30 urte ditu, beste mutiko lotsagalduko horien konpainian gaztetu den arren. Arras. Fina da aurrelari plantak egiten dituen erdilari hau. Eta miraria Ajaxek eskaintzen digun futbola. Baina miraria guztiak bezala, errepikaezina gerta daiteke; dohainez beteriko belaunaldi baten ñir-ñir igarokorra, Amsterdameko futbol zelaian istant batez bakarrik iraungo duena. Datorren denboraldian hautsiko da taldea, Europako erraldoiek izar libre ia horiek guztiak fitxatuko baitituzte. Baina baloia oinean duten bitartean, gozamenerako beta emango digute. Astearte honetan, esaterako.

Amsterdam Arenan edo beste nonbait. Igual dio, igual die. Izan ere, futbolzaleok hasi ginen Ajax berri hau txundiduraz eta plazer sakonaz begiratzen Real Madrilen Bernabeu estadioan eta Juventusek etxe duen Turinen. Inork ez zuen inondik inora irudikatu han, bi erraldoi horien tenpluotan, mukizu lagun-talde horrek horrenbesteko alegrantziaz jokatuko zuenik. Alegrantziaz. Jakinduriaz. Itxuraz, ganoragabe; izatez, zorrotz eta zuhur. Baina halaxe izan zen. Ondo pasatzera atera ziren denen miresmena eta errespetua duten zelai horietara, non jokalari ia guztiak txiki sumatzen duten euren burua. Non irabaztea gutxitan gauzatuko den amets duen futbolzale orok. Non 12. futbolariak —ikusleak, hots— bene-benetan egiten duen joko . Txaloz, txistuz, orroz. Harmailetan bulkadaz. Baina futbolaz gozatzera atera ziren Ajaxekoak. Zelai txit goren bietara.

Eta Futbolak —maiuskulaz— saritu zituen. Elkar maite dute futbolak eta egungo Ajaxek. Hantxe eta orduantxe jabetu ginen: amodiozko istorio eder baten lekukoak gara zaleak. Adin batekoak Johan Cruyffen Ajaxekin gogoratu ginen, gogoratzen gara. Gaurko taldea pop-a baldin bada, bere garaikoa hippy-txima-luze mordoa bazen. Ero batzuk dirudite Mazraouik edo De Witek, baina sendoak dituzte —denek— ideiak. Eta manerak. Azkarrak eta pipertsuak izateaz gain, ausartak izateaz aparte, badakite futbolak baloiaren jabetza zuzena behar duela. Jokalari bakoitzaren kokapen zehatza. Eta lehiakidearen gaineko presioa, harri arerio pairaezin bilakatuko zaiona. Bere onetik atera arte. Cristiano erotu zuten Turinen. Benzema eta Courtois birrindu zituzten Madrilen. Lau gol egin zuten han futbolaren zerbitzari leial, fier eta jator horiek. Lau! Eta ez sufrikarioz baizik eta, antzaz, parrandan.

Horrexegatik, asteartean mitoz, historiaz, diruz gainezka den Anfield estadioan edozer —kalitate eta plazer handiko edozer— gerta daiteke, planeta osoa lekuko delarik. Cruyffek esanda: 'futbolean aritzea erraza da, baina futbolean modu errazaz jardutea munduko gauzarik zailena da'. Mukizuek eta Erik ten Hag entrenatzaileak —mila gudatan parte hartutakoak— ederki asko dakite hori. Hala ere, jokoan daudela, jolasean dirudite.