Baliabide digitalak, arauaren hedapen eta onarpen sozialaren mesedetan

Mintegiaren azken eguneko irudi bat. /Euskaltzaindia
Mintegiaren azken eguneko irudi bat. / Euskaltzaindia

Mikel Zalbide, euskaltzain osoa: «Arauak gustukoak diren, erabiltzen ote diren, nork erabiltzen ote dituen aztertu behar da, eta, finean, jarrera, ezagutza eta erabilera aztertu, teknologia berriak baliatuz»

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Bukatu da Euskaltzaindiaren mendeurreneko azken mintegi akademikoa (Ingurune digitala, hizkuntzen estandarizazioa eta euskara). Azken saioetan parte hartu dute, besteak beste, Miriam Urkiak, Hans Van de Veldek, Mikel Zalbidek, Vincenç Rivièrek eta Joaquim Rafelek.

Gainontzeko mendeurreneko jardunaldi akademiko guztietan bezala, ingurune digitalari eskainitakoak ere leihoa zabaldu die auzoko hizkuntzei, eta jardunaldiaren lehen egunean –atzo- frantses, okzitaniar, frisiar, galego eta gaztelaniaren akademietako kideei hitza eman ostean, katalanari heldu zaio txanda azken egunean.

Joaquim Rafel Bartzelonako unibertsitateko katedradunak hainbat adituren hitzak bere egin eta lexikografia krisian dagoela aipatu du bere mintzaldiaren atarikoan; hain zuzen, hiztegi gehienak «esanahia dekodetzera edo ulermenera zuzenduta daudelako, eta ez produkziora»; bere ustez, «ez dutelako sortzeko edo kodetzeko funtziorik». Identitate krisi horrek ez ezik, Internetek ere hiztegi erabiltzaileen galera eragin duela azaldu du.

Euskaltzaindiak teknologia berrien aldeko apustu sendoa egin izana berrestera heldu dira jarraian Miriam Urkia (UZEIko lexikografiako zuzendari eta Euskaltzaindiko IKT batzordeko ordezkaria) eta Aitor Maritxalar (analista, programatzaile eta aholkulari teknologikoa). Urkiak «ezinbesteko» jo du ingurune digitala euskararen araugintzan, «baina are ezinbestekoagoa zabalkundean», Euskaltzaindiaren lana «hizkuntza aztertzea, arautzea eta zabaltzeaz gainera, hori guztia modu estandarrean, berrerabilgarrian eta irisgarrian egitea» ere badelako.

Mikel Zalbide euskaltzaina araugintza ebaluatu beharraz aritu da. Ehun urteko saioaren buruan, «albo-hizkuntza handien parean edo paretsu jarri dugu euskara, eta helburura iritsi gara edo iristeko puntuan» dela gogoratu du. Horren aurrean, «zenbaitek, estandarizazioaren alorrean eginkizun handirik ez dugula» esateko tentaldia izan dezakeela aipatu du, «egin beharrekoak eginik, Euskaltzaindia soberan dagoela». Alabaina, «arauak ematea gauza bat da eta hizkuntza estandarizatzea beste bat», eta onarpen soziala jo du estandarizazioaren funtsezko osagai: «Ikuspegi intralinguistikoa ez da aski; araugintza purua antzua da».

Zalbideren ustez, «hezur-mamitze edo inplementazio-lanarekin uztartu behar da corpus-plangintza», eta, era berean, «hezur-mamitze hori etengabe ebaluatu». Alegia, arauak gustukoak diren, erabiltzen ote diren, nork erabiltzen ote dituen eta finean «jarrera, ezagutza eta erabilera» aztertu, teknologia berriak baliatuz.

Hain zuzen, IKTko arduradun Andoni Sagarnak azpimarra egin dio Zalbideren mamiari jardunaldiaren amaierakoan, eta horretarako metafora bat erabili du: «Ingeniaritzan kontrol sistema ikasi dugunok bi sistema bereizten ditugu. ». Lehenari agindua ematen zaio motorrari, «baina ez du beti funtzionatzen», eta beraz, «feedback-a behar du, elikatu egin behar dut, ongi ibil dadin». Euskararen eremura etorrita, esan du Euskaltzaindiak arauak zabaldu dituela, baina horien eraginaz ezer gutxi dakitela aitortu du. Sagarnaren ustez, «tresna bada, hiztegiek osatzen duten corpusa da tresna hori». Aldaketak nondik nora joan diren ulertuz gero, «ondorioak errazago atera ahal izango dira».