Hazparneko Mediateka izango da 'Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria' erakusketaren hurrengo geldilekua

Hazparneko Mediateka izango da 'Baiona, 1964: euskara batuaren zedarria' erakusketaren hurrengo geldilekua
Euskaltzaindia.eus

Baionan eta Maulen egon ondoren, Hazparneko Mediatekan ikusgai izango da maiatzaren 2tik ekainaren 6a bitarte

EL DIARIO VASCO

Euskal Elkargoaren, Euskararen Erakunde Publikoaren, Hazparneko Herriko Etxearen eta Crédit Agricole-ren babesarekin, Euskararen Akademiak 1964ko bilkuretan gertatutakoa eta Baionako batzar horietan euskara batuari eginiko ekarpen garrantzitsuak jaso nahi izan ditu 'Baiona 1964: euskara batuaren zedarria' erakusketa ibiltarian.

Xarles Videgainen —Ipar Euskal Herriko Euskaltzaindiaren ordezkariaren— hitzetan «60. hamarkadan euskararen batasunari Ipar Euskal Herritik egin zitzaion ekarpenari buruzko erakusketa da Hazparnen ikusiko dena. Gogoan izan behar da 1964an Baionan ezarritako erabakiak ezagutu eta ontzat harturik, 1968ko Arantzazuko bilkura antolatu zuela Euskaltzaindiak».

Euskaltzaindiak sorreratik bereganatu zuen hizkera literarioa osatzeko xedea. Ortografia finkatu, hiztegia eguneratu, euskaldun guztientzat idatz-arau berak zehaztu eta beste hainbat arlo landu behar ziren euskarak etorkizuna izan zezan. Baina ez zen adostasunik lortzen, batasun hori nola egin, zeren arabera, zer hobetsi, zertan oinarritu. Euskalkien aberastasuna galtzeko beldur ziren.

Euskara batuaren premia areagotu egin zen 60ko hamarkadan. Txillardegik, beste batzuekin batera, bere gain hartu zuen ardura. Lantaldea osatu eta ia urtebetez aritu ziren lanean, Baiona Ttipian, Euskal Idazkaritza elkartearen babesean. Finean, lantalde horren emaitzak osatu zuen euskara batuaren lehen oinarria, eta 1964ko agorrilaren bukaeran aurkeztu zieten Euskal Idazkaritzan bildu ziren Euskal Herri osoko berrogei bat euskaltzaleri. Henri Grenet auzapez-diputatuak eta gainerako hautetsiek ongietorria egin zieten herriko etxean.

Nagusiki zortzi lagun aritu ziren lantaldean: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Jean-Louis Davant, Eneko Irigarai, Jesus Solaun, Telesforo Monzón, Roger Idiart, Pierre Andiazabal eta Jean Hiriart-Urruty. Lantaldearen proposamen zehatzak: hitzen deklinabidea, ortografiarako irizpideak, izan eta ukan aditzak, eta h-dun hitzen zerrenda bat.

Baionako Biltzarreko babesle Pierre Lafittek zintzo-zintzo helarazi zituen proposamenak Euskaltzaindira eta, hala, abiapuntu sendoa jarri zitzaien eskura aurrerantzean bidea urratu beharko zutenei. Izan ere, 1968Ko Arantzazuko Biltzarrean Euskaltzaindiak euskara batzeko lehen arau-multzoak finkatu zituen.