Borrar
Ione Larrañaga eta Arrate Rodriguez, Atartean ikusgai dauden euren ilustrazioekin. Iñigo Arizmendi

«Azokan dagoen objektu oro, testu edo musika janzten dute ilustrazioek»

Aspaldiko eskari bati erantzunez eta dagokien tokia lortuta, Durangoko lau egunak baliatu dituzte euren errealitatea azaldu eta ikusarazteko

Jon Agirre

Durango

Igandea, 7 abendua 2025, 00:14

Comenta

Nahi baino beranduago, «kostata», heldu da Durangoko Azokan ilustratzaileen etxea den Atartea zein Landako gunean duten erakusmahaia (Artekale 060), baina hemen izanik «oso pozik» jaso dute ilustratzaileek. «Beharrezkoa genuen horrelako toki bat», diote Atarteaz, «Landakoko erakusmahaien artean stand bat edukitzea ikusgarritasuna da, oso garrantzitsua da guretzat» Artekaleko txokoaz eta, biekin, «gure lan eta artista profesionalei garrantzia» ematea direla. Hartaz mintzo dira Kike Infame, Iban Galan 'Desegin', Arrate Rodriguez eta Ione Larrañaga. Lauek argi dute hau lehen pausoa besterik ez dela. Baikor dira, baina lehenik Atartea zein erakusmahaia egonkortzea, «urte bakarreko kontua ez izatea» da garrantzitsuena. «Ez dugu hito bat izatea nahi», dio Infamek. Izan ere, elkartea «oso anitza» da eta, hala, egile gehiagok izango dute aukera euren lana erakusteko stand-ean zein Atartean. «Bizitza eta ilustrazioa ulertzeko oso modu ezberdinak ditugu, oso une politean gaude». Eta gerora pauso gehiago ematen jarraitzea. Besteak beste «ikusgarritasuna ematea, hedabideetan ere», aldarrikatzen du Galanek.

Infamek (Bilbo, 1975) esan bezala «elkartetik pentsatzen genuen liburuaren ekosistemaren parte garela eta arraroa zela presentzia ez izatea, burugabekeria hutsa». «Orain arte egin ez izana akats bat iruditzen zait, baina ez nuke horrekin geratu nahi, baizik etorkizunari begira hasiera bat dela», gehitzen du Rodriguezek (Errenteria, 1984). Gerediaga Elkartearekin hitz egin eta elkar ulertu ostean, behin «modua» aurkituta, heldu da irtenbidea, aurrez kartel-egileen hitzaldiekin egin bezala. Programazioa aurkeztean azaldu zuen antolakuntzak su motelean landu dela eta hori oroitu nahiago du Galanek (Arrasate, 1985), prozesua graduala izan dela. «Azken urteotan pausoz pauso garrantzia handiagoa eman digute, toki gehiago, gertutasun gehiago ere izan dute gurekin». Ildo beretik doa Larrañaga (Antzuola, 1993). «Ibiltzen segitzeko aurrerapauso bat da, hortik abiatu eta aurrera jarraitzeko». Kontua da aurrez halakorik ez zela existitu. Bat dator Rodriguez, nolabait «icebergaren punta» izan dela. «Ez dadila muestratxo bat izan», dio lehenak. «Ez dut lengoaia belikoa erabili nahi, baina ez da erlaxatzeko adinako zerbait», ohartzen du bigarrenak.

Denek irudia eta honen indarra, garrantzia aldarrikatzen dute, are gehiago Adimen Artifizialaren aro honetan -oso kritiko dira haren erabilerarekin-. «Beste guztia, testua, musika edo Azokan dagoen edozein objektu oro, janzten du. Dela ilustrazio bat, dela irudi bat, argazki bat...», nabarmentzen du errenteriarrak. Asmo horretan elkarteak berak baino sortzaileek eta haien lanak izan dezaten ikusgarritasuna, espazioa lagatu zaie print, laminak, autoedizioak, fanzineak eta normalean radarretik kanpo geratzen direnak erakutsi ditzaten. «Tratu zuzena dute horrela, betidanik nahi izan dugun 0 kilometroa».

Aurreiritzi, mito, estereotipo edo ezezagutzak eraisteko lehen pausoa izan da standa Larrañagaren aburuz. «Gure laginak ikustean jendeak pentsa dezake bat-batean, azkar batean egiten ditugula. Jarri eta ordu erdi batean egiten dituzula, infantilizazio handia dago hor, ez da ikusten lan prozesu oso luze bat dela, fase desberdinekin, ez soilik publikoarentzako. Idazlearekin harremanetan jarri, gero argitaletxearekin... Prozesua pentsatzen jartzen garenean hasten da eta amaitu arte denbora asko pasatzen da, tartean zirriborro asko daude». Antzuolarrak pauso bakoitza xehatu ahala baietz dio buruarekin Rodriguezek.

Zuzeneko harremanean ere ekarpen handia egin zuten atzo Ilustratzaileen Eguna deiturikoaren baitan hainbat sortzailek emandako hitzaldiak zein estreinako egunean Ikasle Goizaren programazio barnean antolatutako tailerrek, euren egunerokoa azaldu eta hartzaileek jasotzeko oso baliagarria izan baitzen. «Gure egoera nahiko prekarioa da -dio Galanek- eta elkartetik profesionaltasun puntu hori bilatzen dugu. Oraindik ez zaigu beharrezkoa garrantzia eman», salatzen du. Izan ere, «irudigintzan daukagun kalitatea beste arte esdo kultura diziplinen parekoa da. Ordu asko pasatzen ditugu lan hauek sortzen eta beharrezkoa da hori jakitea».

Aniztasun hori, hein batean, sektorearen prekarizazioak behartua dela ñabartzen du Infamek. «Multitarea, multitasking... Azken finean garbigailua eta lehorgailua gara aldi berean, denetarik egin behar duzu txokoa aurkitzeko, dibertsifikatu».

Eta kanporako baliagarria bada, barnera begira zer esanik ez. «Horrelako espazioekin niri gustatzen zaidana edo gehien betetzen nauena da taldea egiteko aukera ematen digula». Lan askotan indibiduala, bakartia ere, antzeko aukerak komunean jartzeko moduak dira: profesionaltasuna, egunerokoa, aurrekontuak, proposamenak, lan kargak edo «adimen artifizialak izorratu zaituen», dio barre artean baina oso serio. «Oso kontra gaude, prekaritate handiagoa ekartzen du, ez guri [ilustratzaileei] bakarrik, idazleei ere eta beste lanpostu asko-askori», kontatzen du Larrañagak. Hala, hausnarketa global eta elkarbanatu bat egitera deitzen du. «Etorkizunari begira mediokritatea ekarriko du [artistikoki]. Eta ikusteko dago [ilustratzaileak] nora eramango gaituen». Gizarteko beste hainbat esparrutan bezala, errenteriarrak uste du heziketa gakoetako bat dela. «Eskuintze honetan pedagogia egitea, ikastea eta gauzak ulertzea oso garrantzitsua da. Egiten dugun lana ikusita, kriterioa edukiz».

Balorazio sakonak egiteko goizegi, esperientzia «brutala» izaten ari da Infamerentzat. Eta, haren ustez, Azokarentzat ere. «Haize freskoa izan da, Landako kolorez bete du». Rodriguez zein Larrañagarentzat ezustetik ere izan du. «Esaten den gauza izango dela uste nuen, baina interesa dagoela ikusi dugu eta, aizu, hori oso polita da». Hartan eragina izan du, antzuolarrarentzat, Azoka erdigunean jarri izana. «Ez da keinu bat soilik, sinbolikoa, izan. Jantzita dago».

Azkenik, eta Gerediaga Elkartetik gaur 14:00etan Landako plazan deitutako mobilizazioa bezala, Galanek Palestinarekiko hitzak izan zituen. «Begirada guztiak Durangon jarriak ditugu eta Euskal Irudigileen aldetik Genozidiotik eta gerrateetatik begia ez kentzea aldarrikatu behar dugu».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Azokan dagoen objektu oro, testu edo musika janzten dute ilustrazioek»

«Azokan dagoen objektu oro, testu edo musika janzten dute ilustrazioek»