Azken 25 urteetako liburuekin osatu dute aurtengo Biblioporrak gida

Azken 25 urteetako liburuekin osatu dute aurtengo Biblioporrak gida

Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko Udal Liburutegiek osatzen dute katalogoa; ehundik gora proposamen dakartza adin guztietara moldatutako aukeraketarekin

DVDonostia

Irakurzaletasunari eutsi eta liburuak irakurtzeko urtaro aproposa da uda. Urtaro bakoitzarekin ohi dutenez, Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako, Legazpiko eta Oñatiko Udal Liburutegiek elkarlanean Biblioporrak gida argitaratu dute.

Ondarroa, Markina-Xemein, Iurreta eta Ermuko Herri Bibliotekek ere hutsik egin gabe argitaratu dute beraien gomendio-sorta: 'Udan ze berri?' izenekoa.

Aurten 25 urte bete ditu Biblioporrak gidak. 1994. urtean sortu zuten lehenengoa Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Legazpi eta Oñatiko udal liburutegiek. Taldean bat eginda aritzen dira; «jakinda kanon idealik ez dagoela», ados jartzeko ahalegina egiten dute liburu, musika eta film berri eta ugarien artean aukeraketa egiteko. Berrituta dator oraingoan ekimena.

Ehundik gora proposamen dakartza, lagunduko dutenak edozein adin, ohitura eta zaletasun duten pertsonen irrika asebetetzen. Berriak bezain interesgarriak diren produktuak daude, adinka sailkatuak, eta baita gaurkotasuna galdu ez duten liburuak ere, 25 urte hauetako gidetatik berreskuratu dituztenak, «irakurketa ahaztezinak, alegia». Horiek seinalatuta ageri dira gidan.

Adin guztietara moldatutako aukeraketa burutu dute, zero urteetatik hasi eta helduentzako eleberrietarainokoa. Disko eta filmak ere ageri dira gidan, eta adierazi dute, baita ere, aipatutako zein produktu dauden eLiburutegian eskuragarri.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegiek formatu digitalean irakurtzeko sistema da, eta filmak eta ikus-entzunezkoak online ikusteko aukera ere eskaintzen du. Horrela, azken nobedadeak, literaturako klasikoak, filmak, ikus-entzunezkoak eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek egindako hautaketa zabal bat eskuratu ditzake erabiltzaileak.

Temas

Euskera