Aurten hautatutako film laburren katalogoa aurkeztu du Kimuak-ek

Katalogo berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu/Kimuak
Katalogo berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu / Kimuak

Filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik

DVDonostia

Kimuak programaren 22. edizioan banatuko den film labur sorta hautatu dute, katalogo berria osatzen dutena. Katalogo berriak fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak jasotzen ditu. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, bi gaztelaniaz eta bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, ez dauka dialogorik.

Kimuakek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatuak suertatu diren film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanoren 'Artiko', Raúl de la Fuenteren 'El infierno', Jesús María Palaciosen 'Labo', Ion de Sosa eta Chema García Ibarraren 'Leyenda dorada', Izibene Oñederraren 'Lursaguak', Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren 'Mateoren ama' eta Ainhoa Gutiérrez del Pozoren 'Medvedek' dira ikus-entzunezko hautatuak.

Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiaren ekimeneko aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Carlos Plaza –Donostia Kulturako Zine Unitateko teknikaria–, Carmen Serrano –Andaluziako Juntako 'Cortometrajes Andaluces' film laburren sustapen katalogoko koordinatzailea–, Garbiñe Ortega –Punto de Vista zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku ikus-entzunezko prestakuntza, ekoizpen eta emanaldiak egiteko proiektuko zuzendaria–, Roberto Barrueco –Bartzelonako MECAL Nazioarteko Film Labur eta Animazio jaialdiko zuzendaria– eta Ruth Pérez de Anucita –Donostia Zinemaldiko Komunikazio Arduraduna eta Zuzendaritza Batzordeko kidea–. Aurkeztutako 65 proposamenak aztertu dituzte.

Mmilaka urteko kulturari helduz

'Lursaguak' (Escenas de vida) Izibene Oñederra animatzaile azkoitiarrak hirugarren aldiz hartuko du parte Kimuaken, 'Hezurbeltzak, una fosa común' (2007) eta 'Hotzanak, For Your Own Safety' (2013) egin ostean. Hélène Cixous-ek zioen moduan, inoiz ezagutu ez den espezieko milioika lursagu, milaka urteko kulturaren oinarri kontzeptuala birrintzen ari diren garai horretantxe bizi gara. Kontzeptu honi helduta, egileak animazio indartsua eraiki du.

'Mateoren ama' Moriarti Produkzioak etxearen azken film laburra da, Aitor Arregi (Oñati, 1977) eta Jose Mari Goenagak (Ordizia, 1976) zuzendua. Biek hartu dute parte zenbait aldiz Kimuaken, hain zuzen 'Tercero B', 'Sintonía', 'Lagun mina', 'Renovable' eta 'Zarautzen erosi zuen' film laburrekin. Elkarlanean egindako lehen fikzioa da honakoa, 2007an Lucio dokumental luzea egin ostean. Jon Garañorekin batera zuzendu dute 'La trinchera infinita luzea', urte honen amaieran estreinatuko dena.

'Mateoren ama' fikziozko draman, denboraldi batez ama ikusi gabe egon den Angel Marik indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera bisitan joatea erabakitzen du. Gogorra egiten zaio ama horrela ikustea: seme alabak ezagutzen ez dituen amona baten moduan. Iñigo Aranburu, Itziar Aizpuru, Mariasun Pagoaga eta Aitziber Garmendia dira protagonistak.

Ainhoa Gutiérrez del Pozo (Donostia, 1994) zuzendariaren hirugarren film laburra da 'Medvedek' dokumentala. Jatorri eslobeniarreko bi hartz emeren etorrerak nafar Pirinioko paisaian nola eragiten duen aztertzen du. Hartza Pirinioetako biztanle izan da milaka urtez, baina bere desagertzeak aldaketa ekarri zuen eta hartz berrien presentzia gatazka azaleratzera dator. Bere lanak dokumental eta fikzio artean kokatzen ditu antropologia eta zinema uztartuz zuzendariak.

Temas

Euskera