Ataungo Ibilaldi Magikoan parte hartzeko izena eman beharko da

Donostian aurkeztu dute aste honetan Mitoaldia. /LOBO ALTUNA
Donostian aurkeztu dute aste honetan Mitoaldia. / LOBO ALTUNA

Bigarren Mitoaldia beteagoa dator. Ekitaldi nagusia, Ibilaldia, hilaren 14an izango da

FELIX IBARGUTXI

Martxan da Ataungo bigarren Mitoaldia, orain ere Jose Migel Barandiaranek jasotako mito eta kontakizun zaharren inguruan gauzatuko dena. Ostiral honetan, uztailak 6, izango da lehenbiziko ekitaldia, 'Errementari' filmaren proiekzioa, eta ekitaldi printzipala, Gau Ibilaldi Mitologikoa, hilaren 14an izango da. Ikusle kopurua urtero gora doanez, oraingoan sistema aldatzea erabaki dute, eta ikuskizunera azaldu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute atari honetan. Sarrera doakoa izango da ohi bezala.

Mitoaldiaren aurkezpenean Jentilbaratza Kultur Elkarteko Maitane Aizpurua honela mintzatu zen: «Gure arbasoentzat, mundura egokitzeko, mundua ulertzeko modua ziren mitoak. Haiek ez zekiten zergatik azaltzen zen eguzkia, zergatik zetorren gaua. Guretzat, berriz, mitoak oso bestelako gauza dira: ez dira ipuin soilak, haien bidez, dakigu gure arbasoek zer pentsatzen zuten, nolako sinesmenak zituzten».

Barandiaran Museoko koordinatzaile Ainhoa Diez de Salazarrek gaineratu zuen «aurrekoa baino beteagoa» datorrela bigarren Mitoaldi hau, «eta publiko berri bati irekia».

Esanda bezala, ostiral honetan hasiko dira ekitaldiak. 'Errementari' filma eskainiko dute 19:00etan Herri Antzokian –Barandiaranek jasotako 'Patxi errementari' kontakizunean oinarritua–, bukatutakoan Paul Urkijo zuzendariarekin hitz egiteko aukera egongo delarik.

Hilaren 7anibilaldia egingo da gune mitologikoak bisitatuz, Jon Aizpurua gidari dela. Aurretik izena eman beharra dago Barandiaran Museoan. Hilaren 8an, berriz, ipuin kontaketa egingo da Barandiaran Museoan, eta horretarako ere izena eman beharko da aurrez.

Uztailaren 9tik 12ra, udalekuetako taldeentzat tailer bereziak antolatuko dira Barandiaran Museoan. Tokia mugatua denez, kasu honetan ere izena eman beharra dago berandu baino lehen. Aurten sortu den ekimen berria da hau.

Hilaren 11n, 'Euskal mitologia egituratua' izenburua duen hitzaldia egingo du Juan Inazio Hartsuagak, euskal mitoak sakon aztertutako antropologoak. Izena ematea ezinbestekoa izango da.

Eta egitarauko ekitaldi printzipala, entzutetsuena, uztailaren 14an izango da, larunbatez. Gau Ibilaldi Mitologikoko antzezpen handirako 1.200 ikusle onartuko dira, bi txandatan. Ohi bezala, eszenak guztiz berriak izango dira eta abiapuntua museoa izango da.

Jakinarazi dute umeentzako karrorik ez dela komeni, ibilbidean koskak daudelako eta gune batzuk estu samarrak direlako.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos