'Ataun Of The Dead' trilogiaren azken atala kaleratzera doaz: 'Napardeath'

Filmeko fotograma/Katihotsak
Filmeko fotograma / Katihotsak

Maiatzaren 5ean, igandean, izango da Donostiako Antzoki Zaharrean filmaren estreinaldia. Aurreko egunean, Hernaniko Biteri Kultur Etxean, eta geroago, Ormaiztegi, Beasain eta Bergaran ere izango da ikusgai

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Zortzi urteren ondoren, 'Ataun Of The Dead' trilogiaren azken atala kaleratzera doaz: 'Napardeath'. Maiatzaren 5ean, igandean, izango da Donostiako Antzoki Zaharrean filmaren estreinaldia. Doakoa izango da eta sarrerak eskuragai daude antzokian bertan. Donostiako Beldur Zinema Asteko aurtengo kartelaren aurkezpena egingo dute lehenik, eta filmaren proiekzioa gero. Guztia arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Lehenengo filmean berpiztu eta bigarrenean Eusko Alderdi Banpiroa garaitu ondoren, Zumalakarregi zonbia Iruñeara abiatuko da bere burua euskaldunen errege izendatzeko asmoz. Bidea ez da uste bezain erraza izango ordea, Ezker Abertzaleak Antso Azkarra momia berpiztuko baitu, nafar erresuma berrezarri eta tronua berreskuratzeko asmoz. Nor izango da garaile tronua lortzeko dema honetan? Euskal Herriko ibai, basamortu, gaztelu eta glaziarretan grabatu dute 7 hilabetez ikus-entzunezkoa, 150 lagun baino gehiago elkartu dituen produkzioan.

Filma Donostian ikusi aurretik, hilaren 4an, Hernaniko Biteri Kultur Etxean emanaldia antolatu dute. Filmeko parte hartzaile guztiak bertan izango dira eta bi pase antolatu dituzte, bata 19:00etan eta bestea 20:30ean. Doakoak horiek ere. Ondoren, Kontrakantxa Gaztetxean jarraituko du festak, The Indezents eta Wolfram Muñagorri musika-jartzaileekin.

Maiatzaren 10ean, ostirala, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan izango da ikusgai 'Napardeath'; maiatzaren 17an, Beasaingo Usurbe zineman; eta hilaren 19an, igandez, Bergarako Gaztetxean.

«Estralurtarrek Central Park-en lur hartzeaz kokoteraino», ikusi nahi dituzten istorioak gurera ekarri eta errealitate bilakatu nahi izan dituzte sortzaileek, «euskal iruditeria eta pertsonaiak uztartu eta gure historia zinemara eramanez. Hau guztia nola ez, natural ateratzen zaigun umorea lagun, Xahok irudikatutako Zumalakarregiren bertsio libre bat marraztuz eta satira politikoaren eremuan hatz puntak sartuz. Euskaraz, gure hizkuntzan. Gure burua guk ez badugu imajinatzen, besteek imajinatuko baikaituzte».

Ideia originala eta argumentua Beñat Iturrioz eta Xabier Padinena da, zuzendaritza eta gidoia, aldiz, Beñat Iturriozek gidatu ditu eta Katihotsak Logia Kultur Elkarteak ekoiztu du 'Napardeath'.

Temas

Euskera