Astigarraga aktibatuko duen formularen bila, abiatu dute Muttuai Fest musika jaialdia

Jaialdiaren aurkezpeneko irudia/Muttuai
Jaialdiaren aurkezpeneko irudia / Muttuai

Ekainaren 13tik 16ra, Kazkabarra eta Gabiltzanian taldeekin batera, Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek 'Dama beltzak' ikuskizuna taularatuko dute, Latitud 43 taldeak 'Relatividad' lana aurkeztuko du eta askotariko kontzertuak ere egingo dituzte

DVDonostia

Muttuai Fest musika jaialdia Astigarragan egingo dute ostegun honetatik igandera bitarte, hau da, ekainaren 13tik 16ra. Gaur bertan, hasteko, Kazkabarra eta Gabiltzanian taldeekin batera, Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek 'Dama beltzak' ikuskizuna taularatuko dute, eta «musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten bost emakume beltzi merezitako errekonozimendua ere egingo diete», Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin-i, hain zuzen.

Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolariek, Borja Fernandez eta Aitor Manterolak lagunduta, bertso saio musikatuan parte hartuko dute, eta Latitud 43 taldeak 'Relatividad' lana aurkeztuko du. Jaialdiak hiru gune izango ditu, hirurak ere bata-bestearengandik oso gertu daudenak, herrigunean bertan: Apeztegi plaza (ahateena edo txistulariarena), Kultur etxe atzeko lorategia eta Murgia jauregia.

Udalerriko merkatari eta tabernariek antolatutako musika jaialdia da Muttuai Fest, Udalaren eta herriko musika eskolaren laguntzarekin. Ostiralean, ekainak 14, Name-ko bost taldek joko dute: Tolare, Eira, Ttakun, Deblauki eta CDMontrek. Tartean, baita astigartarra den Apalatxek ere, Maider Zabalegi oiartzuarrarekin eta Buffalo zarauztar hirukoarekin batera.

Ekainaren 15ean, larunbatez, DJ Aleman disko jartzailearekin batera Black Gamba eta Suakai izango dira jotzen. Lehena Karlos Nguema dantzari ezaguna partaide duen talde donostiarra da, dantza erritmoetara emana (funk, reggae, soul), eta bigarrena, berriz, jaialdi osoan musika klasikotik gertuen dagoen taldea, tresnei dagokionean (arrabitak, txeloak…).

Jaialdia igandean bukatuko da, ekainaren 16an. Eguerdian Mac Jeara's Band ibiliko da swinga hedatuz kalejiran, New Orleans moldera. Eta arratsaldean, Petti blues gitarra jole beratarrak bakarka joko du, La Jodedera euskal-kubatarrek herriko Aiztondo abesbatzarekin batera, Kubako erritmoetan, Muttuai itxi baino lehen.

Ekimenaren baitan, halaber, bestelako kultur ekintzak ere antolatu dituzte. Antolatuko diren jarduerak kultur alorrekoak izango dira. Kale giroa suspertu nahi dute horrela, herriko eragile ezberdinen arteko sinergiak bilatu eta sinergia horietaz baliatuz ekimena aurrera eramateko elkarlana eta kooperazioa sustatuz.

Temas

Euskera