Aste-bukaeran hasiko dira bertso udalekuak
Uztailean zehar, txandaz txanda, 9 eta 18 urte bitarteko 194 gazte izango dira egonaldietan
I. M.
Jueves, 6 de julio 2023, 12:28
Aste-bukaera honetan hasiko dira 2023ko Bertso Udalekuak. Ohi bezala, udan ere bertsoz gozatzeko aukera izango dute 9 eta 18 urte arteko gazteek antolatutako txanda ezberdinetan. Lehena larunbatean, uztailak 8, hasiko da Amaiurren eta ondoren uztaila bukaera arte txandaz txanda elkartuko dira bertsozale gazteak Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Guztira 194 partaide izango dira aurten, Bertsozale Elkartetik adierazi dutenez.
Publicidad
Zehazki Euskal Herriko herrialde guztietako eta Diasporako 163 gaztetxok eman dute izena eta hauekin egongo dira Bertso Udalekuetako 31 hezitzaileak. Parte hartzaileen %80a bertso-eskola bateko kideak dira eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak. «Bertsozale gazteenen ezinbesteko hitzordua dira Bertso Udalekuak eta aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu Bertsozale Elkarteak. Izen-ematea zabalduta egun gutxitan bete ziren leku guztiak», zehaztu dute antolakuntzatik.
Lehen egonaldia 16-18 urteko bitarteko gazteena izango da Amaiurren egingo dena uztailaren 8tik 17ra. Hau bukatu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12-13 urte arteko gazteak uztailaren 24ra bitarte. Uztailaren 24tik 28ra 9-11 urtekoen txanda izango da, hauek Zuhatzan egingo dute euren egonaldia. Azkenik, 14-15 urte arteko gazteak Larraulgo aterpetxean elkartuko dira, uztailaren 25etik 31ra.
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión