Asko esan daiteke hitz gutxirekin

Iazko irabazleak, aurreko urteetan ere sarituak, Juan Ramon Alberdi eta Ekaitz Goikoetxea. /
Iazko irabazleak, aurreko urteetan ere sarituak, Juan Ramon Alberdi eta Ekaitz Goikoetxea.

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin, Oihenart Aforismoen VIII Lehiaketa antolatu du

Zortzigarren urtez, Arnaud Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) euskal poeta, legegizon, historialari eta politikariaren izena daraman aforismo lehiaketa antolatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Euskaraz dagoen aforismo lehiaketa bakarra da, alegia.

Modu laburrean azaldutako pentsaerak dira aforismoak, hitz gutxirekin asko esan daitekeela frogatzen dutenak. Kontakizun laburrak, herri ipuin motzak edota esaera zaharrak izan daitezke aforismo ereduak. Gehiago zehaztuz, «aforismoa idazkera mota bat da non paradoxek, iruditegiek, herri jakintzak eta gogo ariketek aurrera egin dezaketen modu egokian. Paremiologian eta Errefrautan haien moduko asko aurkitu arren (Oihenartek jasotakoak horren adibidea izanik), aforismoek berrikuntza dakarte berez, eta sortu berriak behar dute izan. Oso jenero literario egokia da saiakerak idazten hasteko, gogamenari berea ematen baitio, idazkerari behar bezalako trataera duina aitortzen diola», adierazi dute antolatzaileek.

Badira idazleak aforismoak oso gogoko dituztenak, eta lehiaketa honek baditu parte-hartzaile leialak, hala nola iaz lehen saria partekatu zuten Ekaitz Goikoetxea eta Juan Ramon Alberdi, aurreko urtean aurreneko eta hirugarren izandakoak, hurrenez hurren, bien artean Koldo Izagirre zutelarik. «Aforismoa, hitz-jokoekin eratutako pozoi linguistikoa da» esan zuen Alberdik iaz, saria jasotzerakoan. «Egunerokoari nire begi-belarri-bihotzetatik ateratako argazkiak» dira berriz aforismoak Goikoetxearentzat.

Lehiaketan edonork har dezake parte, lanak urriaren 26a arte bidal daitezkeelarik. Posta elektroniko bidez aurkeztutako aforismoak, berriz, azaroaren 2an bilduko dira. Baldintza nagusia da euskaraz eginiko lan originalak bidaltzea. Oinarri zehatzak hemen ikus daitezke.

Temas

Euskera