Asisko Urmeneta Bruselako Fête de la BD azokan

Asisko Urmeneta Bruselako Fête de la BD azokan
Félix Morquecho / DV

Irailaren 13tik 15era egingo den azokak 100.000 bisitari eta 250 egile baina gehiago biltzen ditu urtero

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskal komikigintza bosgarren aldiz egongo da ordezkatuta irailaren 13tik 15era Bruselan egingo den Fête de la BD - Strip Feest jaialdi entzutetsuan. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdian, eta aurten Asisko Urmeneta euskal marrazkilaria egongo da horien artean, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Fête de la BD - Strip Feest jaialdia 2010ean sortu zen, eta komikiarekin loturiko hamaika lantegi, hitzaldi, aurkezpen, mahai inguru eta erakusketa eskainiko ditu berriz ere. Horrez gain, Europa osoko editoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakutsiko dituzte.

Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzarekin eta EUNIC (European Union National Institutes for Culture edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) erakundearekin lankidetzan antolatu da euskal kulturaren parte hartzea; Etxepare Institutua 2015etik da sare horretako kide.

Nazioarteko pabilioian, EUNICek antolatutako standean egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako argitalpenekin batera, hala nola Estonia, Polonia, Hungaria, Lituania, Israel, Finlandia edota Portugal. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoitzitako lanak aurkituko dituzte postuan; era horretan, sektoreko editoreek, profesionalek eta publikoak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute.

Asisko Urmeneta

Aurten gonbidatua izan den euskal sortzailea Asisko Urmeneta marrazkilaria da. Egile nafarrak komikia, ilustrazioa, marrazki bizidunak eta karikatura landu izan ditu, besteak beste. Umorea izan du ardatz, eta hizkuntza eta dialektoak lagun.

Bi ekintzatan hartuko du parte euskal ordezkariak Bruselako jaialdian, biak larunbatean, irailaren 14an. Batetik, goizeko 11:00etan lantegi bat eskainiko du frantsesez, 'Caricature, graphic design and sequential art' izenburupean (Karikatura, diseinu grafikoa eta arte sekuentziala). Egun berean, 16:00etan, beste lantegi bat eskainiko du Paulo Monteiro artista portugaldarrarekin batera: 'Creating comics when you don't know how to draw' (Komikiak egitea marrazten jakin gabe), ingelesez eta frantsesez.

Azokak iraungo duen egunetan zehar bere lan batzuk ikusgai egongo dira postuaren ondoko espazio batean, EUNICen parte diren gainontzeko artisten lanekin batera, parte hartzaile diren herrialdeetako komikigintzaren aniztasuna erakusteko asmoz. Horrez gain, azokara gonbidatuak izan diren EUNIC sareko autore guztiek azokaren egunetan zehar euren liburua sinatzeko tarte bat izango dute, Asisko Urmenetaren kasuan, 'AztiHitza' (2018).

Etxepare Institutua EUNIC Bruselako kide elkartu denetik kultura aniztasuna sustatzeko lanean aritu da Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzarekin batera, eta nazioarteko zenbait proiektutan hartu du parte, hala nola Bruselako Fête de la BD komiki jaialdian edota hiri berean irailaren 26an hasiko den Transpoesie poesia jaialdian.