Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko Ikerketa Sarira lanak bidaltzeko epea ireki dute

Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko Ikerketa Sarira lanak bidaltzeko epea ireki dute
Floren Portu

Irailaren 29ra arte, edozein egilek hartu dezake parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edo doktoretza tesiak aurkeztuz

DVDonostia

Artez Blai Kultur Elkarteak Artez Blai Arte Eszenikoen Ikerketa Sariaren 12. ediziorako deialdia egin du, arte eszenikoen inguruko ikerkuntza eta ikasketa bultzatzeko asmoz, eta irailaren 29ra arte ireki du lanak aurkezteko epea. Lanak posta elektroniko bidez bidali behar dira artez@artezblai.com helbidera, mezuan 'Artez Blai Arte Eszenikoen Nazioarteko XII. Ikerketa Saria' aipatuz.

Sariaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, edozein egilek hartu dezake parte, ikerketa, azterketa, hausnarketa teoriko zein saiakera edo praktika proposamenak modu kritikoan agertutako testuak edo doktoretza tesiak aurkeztuz, betiere arte eszenikoei lotuta, hau da, genero eta estilo guztietako antzerkia, dantza bere espresio bide zabalena aintzat hartuz, zirkoa, magia eta beste edozein arte performatibo. Lanak kudeaketa, teknika edota arlo artistikoari buruzkoak izan daitezke.

Egileek nahi adina testu aurkez ditzakete, norbanaka zein beste egileren baten laguntzaz eginikoak. Euskaraz edota gaztelaniaz idatzitakoak, originalak, edozein euskarritan argitaratu gabeak (ez zatika, ezta osorik) eta argitaratzeko konpromisorik gabeak izan behar dira lanak. Doktore tesien kasuan, unibertsitateen biltegi digitaletan badaude, argi adierazi beharko da. Lanen gaia librea izango da, eta, luzerari dagokionez, gutxienez 175.000 eta gehienez 450.000 karaktere izan behar dute (espazioak barne).

Irabazten duen lana Artezblai argitaletxearen 'Teoria eta Praktika' bilduman argitaratuko da, eta irabazlea 2020ko urtarrilerako jakinaraziko da, www.artezblai.com egunkari digitalean, elkartearen sare sozialetan eta komunikabideetan. Irabazleak argitaletxeari emango dizkio argitaratze eskubideak eta irabazien %10 jasoko du.

Epaimahaia gutxienez hiru eta gehienez bost espezialistek osatuko dute, Artez Blai Kultur Elkarteko zuzendaritza taldeko kideren bat idazkari dela. Erabakia apelaezina izango da.

Temas

Euskera