«Artelanei begiratzeko orduan oso mugatuta gaude»

«Artelanei begiratzeko orduan oso mugatuta gaude»
MÓNICA RIVERO

Barbara Stammell Getarian bizi da eta erakusketa ipini du Zarauzko merkatuan. Batik bat olioz egindako erretratuak ikus daitezke

FELIX IBARGUTXI

Zarauzko merkatuko goiko solairuan maiz egiten dira arte-erakusketak. Toki berezia da, tamaina oso handiko lanak ere lasai kabitzen direlako. Barbara Stammel (Alemania, 1960) aspaldi jarri zen Getarian bizi izaten, hainbat erakusketa egin du Euskal Herrian, eta orain Zarauzko merkatuan 'Irudia, erretratua, simulazioa' izenburuko erakusketa ipini du. Bertan, aurpegi-erretratuak ditugu gehienbat.

– Erakusketan sartzen den jendeak zera pentsatuko du: jende tristea erretratatu du artista honek. Aurpegi alai gutxi batzuk baino ez daude. Eta garbi dago zuri pertsonaren begirada interesatzen zaizula.

– Momentuak izaten dira, eta momentuak oso azkar pasatzen dira. Niretzat, lehenengo pausoa da beste pertsonari begiratu eta haren begiak ikusi. Begiak hor gelditzen dira. Gero, aurpegia, urtean zehar, aldatu egiten da.

– Eta begiak margotzean, zuk nahiko duzu –pentsatzen dut– erretratutako pertsonaren benetako begiak jasotzea, islatzea.

– Jende erreala pintatzen dut batzuetan. Eta beste batzuetan jende imajinarioa. Badakizu zer nahi dudan? Ikusleak zera pentsatzea: koadroko hori begira daukat!

– Batzuetan argazki batetik abiatzen zara?

– Bai. Batzuetan. Gainera, erretratatutako lagun batzuk ezagunak ditut.

– Hemen badago koadro bat oso desberdina. Besteak baino handiagoa da, ez dauka markorik...

– Emakume hori ez da inor, eta denok gara. Lan bereziki zaila izan da niretzat, zeren oihal hori lihozkoa da. Berez lihozko zaku batzuk ziren, eta erosi nituen Alemanian bigarren eskuko merkatu batean. Etxera eraman eta deskubritu nuen zaku horiek, atzean, nazien garaiko zigilu batzuk zituztela. Hori jakiteak baldintzatu egin ninduen eta hasierako ideia aldatu egin nuen.

Lihozko zakuak erabili zituen koadro hau margotzeko.
Lihozko zakuak erabili zituen koadro hau margotzeko. / MÓNICA RIVERO

– Esango zizuten behin baino gehiagotan: zure koadro hauek desosegua sortzen dute.

– Telebistan eta egunkarietan ikusten dugun mundua oso gogorra da, baina ez dugu begiratu nahi izaten, baztertu egiten dugu irudi eta inpresio horiek.

– Ez dugu sufritu nahi.

– Baina inpresio horiek nonbaiten gelditzen zaizkigu, hor barruan. Batzuk, nire lanak ikustean, haserretu egiten dira pixka bat, eta nik pentsatzen dut: oso ondo! Hala ere, nik ez dut erretratu hauek egiten jendeak sufri dezan.

– Eta zergatik egiten dituzu?

– Erretratuak aspaldikoak dira, badakizu. Hor daude Egiptoko momietan ere. Guk geure burua ikusten ez dugunez, ispilua behar dugu. Baina egiten dugun guztiak erretratatzen gaitu, adibidez zerbait idazten dugunean. Artelan guztiak –ez bakarrik nireak– gure ispiluak dira, eta gehiago ikasiko dugu ados ez gauden artelan horiek ikusita. Ados bazaude, dena ondo doa, ez duzu zeure burua kuestionatzen. Dena dela, artelanei begiratzeko orduan oso mugatuta gaude; pentsatzen edo sinesten duguna baino ez dugu ikusten.

– Zure erretratuak ez dituzu guztiz bukatzen. Buruko ilajea, adibidez, ez duzu guztiz margotzen.

– Hori lagatzen dut zuentzat, ikusleentzat. Badaude forma batzuk begiak, automatikoki, osatzen dituena. Interesgarriago iruditzen zait horrela uztea, osatu gabe.

– Sudurrak garrantzia izan ohi du zure erretratuetan. Batzuetan azpimarratu egiten duzu, berez daukan baino indar gehiago hartzen du. Sudurzuloak agerian uzten dituzu beti...

– Jeneralean, begiak modu naturalistan pintatzen ditut. Baina aurpegia, niretzat, maskara da, mozorroa. Horregatik, gustatzen zait materialez kargatzea. Niri iruditzen zait pertsonen aurpegiak aldatuz doazela denboran zehar, baina begiak hor mantentzen dira.

– Erakusketa honetan zenbat urtetako lanak daude?

– Batetik, azken bi urteotan egindako lanak daude: nire ama zenari egindako erretratuak eta ordenagailu-pantailetan egindako erretratu txiki horiek. Badaude 2008ko serie batzuk, baina lan gehienak nahiko berriak dira.

– Zure amari egindako erretratu horiek mina transmititzen dute.

– Hilda zuen izena. Orain hiru urte hil zen. Eta iaz hasi nintzen koadroak egiten. Azken urteak txarrak izan zituen. Baina berez pertsona umoretsua zen, eta ikusiko duzu nola azkena egin dudan koadro horretan beste aldarte bat daukan.

– Eta nola bururatu zitzaizun ordenagailu-pantailen gainean egitea margolanak, horiek ere aurpegiak?

– Nire semea izan zen. Nik tablet bat nahi nuen eta semeak kalean aurkitutako bat ekarri zidan, txantxetan. Tailerrean eduki nuen denbora askoan. Halako batean, pentsatu nuen: hau bai gauza polita, markoa du berekin, ispilua ere bada, bi beltz tonu desberdin ditu... Lehenengo erretratu sinple bat egin nuen bertan, eta gero horrelako pantailen bila hasi nintzen. Birziklatze guneetara joan nintzen eske.

– Eta horrelako euskarri baten gainean margotzeko beste material batzuk behar dira?

– Ez, olio normala, mihisetan erabiltzen dudana. Ondo itsatsita gelditzen da. Labana beharko zenuke hau urratzeko.

– Zu nola azaldu zinen Euskal Herrira? Maitasun istorioren bat dago tartean?

– Bai. Nire gizona hemengoa da. Alemanian zegoen filosofia ikasten, elkar ezagutu eta azkenean hona etorri. Orain dela 25 urte azaldu ginen.

– Euskara ikasi duzu. Deigarria da. Zergatik ikasi zenuen?

– Asko gustatzen zaizkit hizkuntzak. Baina hau hizkuntza arraroa da, adibidez, aditza atzean dauka. Beste kontzeptu bat da. Gustura ikasi nuen, egunero bi ordu joaten nintzen euskaltegira, jende asko ezagutu nuen.

– Eta salmenta aldetik nola zabiltza?

– Partikular asko sumatu dut erosi nahian, orain hamar urte baino gehiago. Nire koadroak ondo gelditzen dira etxe batean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos