

Secciones
Servicios
Destacamos
Eusko Jaurlaritzak eta UZEIk Arkitektura Hiztegia aurkeztu dute astearte honetan, 5.100 fitxa terminologiko dituen baliabide «elebidun zabal eta adostua». Horretaz gain, eraikingintzari buruzko 1.350 kontzeptu inguruk euskarazko definizioa ere badute, eta hurrengo faseetan azpieremu honetan lanean jarraitzeko asmoa aurreratu dute.
Izan ere, aurkeztutako hiztegiaren asmo nagusietako bat arkitekturako profesionalek azken urteotan adierazitako premiari erantzutea da, zehazki «hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei», hauei aurre egin baitiete euren egunerokoan. Honela, baliabideak emanez, euskara esparru profesionaletan erabiltzea sustatu nahi dute bi eragileek, orain arteko iturrien arabera hainbat ordain izan ditzakeelako arkitekturaren kontzeptuak berak.
Ez da arkitekturaren esparruko profesionalek aurre egin behar dioten gabezia bakarra, astearte honetan egindako agerraldian azaldu dutenez. Hiztegiak zehaztasun terminologiko handiagoa eskaintzen du, ezinbestekoa baita eduki espezializatuak komunikatzeko. Hiztegi honetako euskarazko baliokideek UZEIren bermea dute, eta une oro betetzen dituzte Euskaltzaindiak lexiko orokorraren arloan ezarritako arauak eta Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeak emandako gomendioak.
Bere hitzartzean Bego Arratek, UZEIko terminologoak, azaldu duen bezala astearte honetan aurkeztutako hiztegia «erreferentziazko lineako tresna bat da, elebidun adostu, zabal eta eguneratua». Zehazki euskarazko eta gaztelaniazko ia 5.100 fitxa terminologiko edo kontzeptu ditu, gehiengoa (% 74) eraikuntzari buruzkoa. Gainerakoak lurralde-antolamenduari eta hirigintzari buruzkoak dira, % 8 eta % 18 hurrenez hurren. Berau hurrengo faseetan zabalduko da.
Besteak beste, uholde-arriskuak kudeatzeko plan, naturaguneen elkarrekiko lotura, hiri adimendun, azpi-junturako armadura, presentzia detektatzeko sistema, ehun bikeztatu edo atorra berreskuragarri bezalako terminoak daude jada.
Eraikuntzaren alorrean, materialei eta eraikingintzari dagozkien azpieremuak landu dira, eta azken horren barruan elementu eta sistemei, instalazioei, prozedurei eta tresnei buruzko terminologia jorratu da. 2023an baliabide horri beste azpieremu batzuei dagozkien terminoak gehituko zaizkiola aurreikusi da, hala nola patologia, jasangarritasuna eta birgaitzeari dagozkionak.
Hiztegi elebiduna Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren ekimenez sortu da. Gainera, arkitekturaren esparruko eragile garrantzitsuenen arteko adostasunetik eta sinergiatik sortu da, hala nola Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen elkargo ofizialak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.