Ariketa fisikoaren inguruko sinesmen eta mito faltsuak

Ariketa fisikoaren inguruko sinesmen eta mito faltsuak
DV

Espainiako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialekin elkarlanean sortu du bideoa Euskadiko Elkargoak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak ziurtatu du «sinesmen eta mito faltsuak» daudela zenbait ariketa fisikok sorraraz ditzaketen lesioen inguruan, hala nola korrika egiteak edo pisua altxatzeak, eta hala adierazi du '12 hilabete, 12 osasun gomendio' kanpainaren uztaileko bideo gomendioan.

Madrilgo Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin, Kataluniako Fisioterapeuten Elkargoarekin, Nafarroako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Galiziako Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin, Valentziako Erkidegoko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialarekin eta Kantabriako Fisioterapeuten Elkargo Profesionalarekin elkarlanean egiten da kanpaina, eta uztaileko gomendioan ariketa fisikoari eta lesioei buruzko mitoak gezurtatu ditu:

Zehazki, uste zabaldua bada ere, euskal fisioterapeutek adierazi dute korrika egiteak ez duela belaunetako kartilagoa higatzen eta bizkarrezurreko diskoen altuera murrizten, kontrakoa baizik. Hain zuzen, azaldu dutenez, zenbait azterketa egin dira belauneko artrosia duten 50 urtetik gora pertsonekin eta egiaztatu da zenbat eta korrika gehiago egin, orduan eta altuera handiagoa dutela bizkarrezurreko diskoek.

Bestetik, bideoan adierazten da pisua altxatzea edo indar ariketak egitea ez dela kaltegarria bizkarrarentzat. «Pisu altxatzaile olinpikoek ez dituzte beste kirolari batzuek baino lesio gehiago izaten», ziurtatu du Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteorde June Ruizek.

«Jarduera fisikoa oso ona da osasunarentzat; izan ere, hilkortasuna murrizten du, gaixotasunak prebenitzen ditu eta, esan dugun moduan, ez da kaltegarria artikulazioentzat edo bizkarrarentzat», gaineratu du Ruizek.

SEDENTARISMOARI UKO

Hain zuzen, bideoan ikus daitekeen bezala, mugimendua norbanako bakoitzaren bizitzaren parte da, eta hala muskuluak nola hezurrak handitu eta hazkuntzara egokitzen dira, indartsuagoak eta erresistenteagoak bihurtuz. Hori dela eta, fisioterapeutek gomendatu dute kasu batzuetan helduaroan sortzen den «sedentarismoari uko egitea».

«Batzuetan pentsatzen dugu gorputza makina baten antzekoa dela, eta erabileraren poderioz narriatu egiten dela. Ondorioz, gelditu egiten gara eta uko egiten diogu mugitzeari eta ariketa fisikoa egiteari. Baina uste hori okerra da: gure muskulu eta hezurrak egitura biziak dira; hortaz, egokitzeko gaitasuna dute eta indartsuagoak eta erresistenteagoak bihur daitezke, behar bezala estimulatuz gero», adierazi du Ruizek.

Dena den, fisioterapeutek gogorarazi dute fisioterapeutarengana joan behar dela, patologiaren bat izanez gero. «Fisioterapeutek, mugimenduaren arloko profesional gisa, gure zalantzak argituko dituzte eta kasu bakoitzean gehien komeni zaizkigun ariketak zein diren esango digute», esan du Ruizek.