'Argia'ren mendeurrena ospatzeko, lau hitzaldi egingo dituzte San Telmo museoan

'Argia' aldizkariaren azala/
'Argia' aldizkariaren azala

'Argia 1919-2019: Zerukotik lurrekora' zikloa antolatu dute maiatzaren 21etik 28ra bitartean, «lorpen historiko horren balioaz jabetzeko»

DVDonostia

Ehun urte bete dituen euskara hutsezko lehen hedabidea da Argia, eta egindako ibilbidea erakustearren, 'Argia 1919-2019: Zerukotik lurrekora' zikloa antolatu dute Donostiako San Telmo Museoaren laguntzaz. Euskarazko hedabide batek lehenengoz mendeurrena bete du, eta «lorpen historiko horren balioaz jabetzeko«, lau emanaldi oso berezi egingo dira Donostian, maiatzaren 21etik 28ra bitartean. Saio guztiak museoan izango dira, 19:00etan hasita. Sarrerak doan izango dira, lekuak bete arte.

Lau emanaldi «oso berezi» izango direla aurreratu dute, «hizlariak euskal kazetaritzan eta kulturgintzan ekarpen handia egindakoak direlako, eta berariaz prestatutako saio bereziak izango direlako, nola edukiz hala formatoz. Horrez gain, San Telmo Museoko erakusketan Zeruko Argiaren lehenbiziko zenbakiak daude ikusgai, jendartean bizi ataleko Euskal kulturaren gunean. Baita '100 urteko soka-dantza' dokumentala ere. Hauek biak maiatzaren 31ra arte egongo dira ikusgai.

Hasteko, maiatzaren 21ean, asteartea, 'Mendearen umeek munduari desafio' hitzaldia egingo du Koldo Izagirrek. Gabriel Arestik duela mende erdi eta gehiago argitaratutako artikulu batetik abiatuta, Zeruko Argia agertoki zutela zaharkituaren eta berritasunaren artean sortu ziren hainbat eztabaida komentatuko ditu Izagirrek.

Hurrengo egunean, maiatzaren 22an, '100 urte ehunka irudi' hiltzaldi ilustratua egingo dute Antton Olariaga eta Joseba Larratxek. Azaleko irudiak, artikuluentzako ilustrazioak, umore zintak, kartelak... Euskal Herriaren iruditeria kolektiboari hainbat ekarpen egin dizkio Argia aldizkariak, eta horiek aztertuko dituzte, hain zuzen.

Olariagak lau hamarkadatan zehar Argiarentzako egindako marrazki garrantzitsuenen errepasoa egingo du. Testua eta irudiaren arteko harremanak, umorea, euskara bera komunikazio tresna, postergintza, komiki-lanak eta diseinua, besteak beste.

Ostiralean, maiatzaren 24ean, 'Enpeinatzea ez bada libre' errezital poetikoa egingo dute Joxemari Ostolaza, Malores Etxeberria eta Josu Landak. Maiatzaren 28an, aldiz, euskarazko kazetaritza izango du hizpide Elixabete Garmendiak. Aurreratu duenez, Zeruko Argia-Argiaren ehun urteek «euskarazko kazetaritzaren bizkar-hezurra marrazten dute. Euskarri horretan bermatuta, euskarazko kazetagintzaren 'nahi eta ezina' errepasatuko du, lapitz gorriarekin azpimarratuz kinka horretan egoteak ezarri dizkion ezaugarriak: normaltasun eza, militantzia, jazarpena 1936ko gerratik hasita... Izan ere, 'heroismora kondenatua' ageri baita euskarazko kazetaritza, esan du.

Saio guztiak, esan bezala, 19:00etan izango dira, doako sarrerarekin, lekuak bete arte.

Temas

Euskera