Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Arestiren «lanturu eta kexen» oihartzuna Donostiara heldu da

Arestiren «lanturu eta kexen» oihartzuna Donostiara heldu da

Kandido Uranga eta Inazio Tolosak poetari «aitortza» egiteko emanaldi berezia, «oso soila» eskainiko dute

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 24 de abril 2025, 10:21

Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' liburuko Q letrari dagokion 'Profeta bati' izeneko poema irakurrita bertan nabari den «lanturua» transmititzea eta poeta bilbotarrari «aitortza» egitea du helburu Kandido Uranga eta Inazio Tolosak ondutako 'Gabriel Arestirekin' emanaldia. «Pentsa, euskal literatura modernoaren aita izanik, jende askok, gazteek batez ere, ez dute ezagutzen», dio penaz. Antzerkia motz geratzen den eta errezitaldi hutsetik urrun den emanaldia, performance-a dei litekeena, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan izango da apirilaren 25ean eta 26an 19:30ean. Ideia bat egiteko oso baliagarria da promozio modura zabaldutako bideo edo teaserra.

1964an argitaratu zen 'Harri eta herri', Urangak urte batzuk geroago irakurri zuen, unibertsitate garaian, eta aspaldikoa du harekin zerbait egiteko nahia. «Nik nire artean beti pentsatu dut aktore bezala 'egunen batean honi helduko diot', duela bi urte edo heldu nion serio eta berrirakurtzen hasi nintzen», azaltzen du Urangak. Batik bat «aitortzatik» du asmoak, aktorearen ustez «beste hainbesteri bezala» zor zaiona. «Niretzako figura errelebantea da euskal kulturan. Haren aurrean makurtu eta txapela kentzen dut». Eta duela 60 urte idatzi bazen ere, egun oso balekoa dela argi du. «Oraindik ere zeresana du. Beti aldarrikatzen zuen herriarentzat zela bere poesia. Herriaren barnean sartu nahi du bere hitza, mailukadaka bada ere». Emaitza «oso soila» dela aurreratzen du Urangak, ez duela «batere artifiziorik» eta Arestiren hitzak direla «mailukada eta inpaktu» horietara heltzeko bidea.

Ez da irakurleak nabarituko duen kontu bakarra, «lanturu» horietan Arestik sufritutako «bakardadea» oso presente baitago. «Lehen irakurtaldian ez nuen nabaritu, baina orain... Ze kexak, ze lanturuak. Barrena ukitzen du horrela sentitzeak». Urangak azpimarratzen duen bezala «euskal munduko garaiko stablishmentak, eliza nagusi, antipatia handia» erakutsi zion, hein batean zuen «sentsibilitate komunista» zela-eta. Alde hartatik ere ez zuen babes gehiegi jaso. «Ez zen oso minbera euskararekiko». Haren estilotik goraipatzen du nola unibertsitate garaian erakutsi zien «euskara beste modu batera ikusten» eta idazten zuen «literatura ulergarria» egiten zitzaiela. «Beste hainbat poeta askoz gehiago kostatzen zitzaizkigun. Poesia egin eta irakurtzeko beste modu bat zegoela ikusi genuen».

Poesia bezala, «arrunta»

'Profeta bati' poemaz gain Pedro Alberdik idatzitako 'Gabriel Aresti Eibarren' fikzio-lana, «ipuin ederra», izan dute oinarri. Hain zuzen, huraxe du abiapuntua ikuskizunak eta Alberdiren testua moldatuta lehen 15 minutuak Aresti «euskal kulturaren inguruan» kokatzeko baliagarriak dira poetak Eibarren lan egin zuen garaia aitzakiatzat hartuta: «ze kezka zituen, non ibiltzen zen, zeinen inguruan... Egunerokotasun horretan. Oso humanoa da, gai arruntenekin osatua». Gainerakoa, ordu erditik gora, Q poemaren 28 orriak performatzeko baliatu dituzte.

'Gabriel Arestirekin'

  • Aktoreak: Kandido Uranga eta Inazio Tolosa.

  • Datak: Apirilak 25 eta 26, 19:30ean.

  • Non: Victoria Eugenia Club aretoa.

  • Sarrerak: 15 euro.

  • Iraupena: 50 minutu.

Izan ere, ez da soilik ipuina eta poema errezitatzen diren emanaldi bat. Azken testua ontzean «esperimentazio bideetan sartzeko» aukera eman diete euren buruari «poesiaren muineraino, izpirituraino heltzeko». Eta musika bozgorailu bezala txertatu dute, gorputzak eta ahotsak izan daitezen protagonista. «Musika sartzen denean ez da haren gainean egiteko edo errezitazioa hobetzeko. Alderantziz da. Dago hitza, ahotsa, gorputza, esperimentazioa, sormena, espiritua... Eta musika kolpeka, mailukadaka, sartzen da hitzaren barneko esanahia edo muina handitzeko».

Azaroan estreinatu zuten 'Gabriel Arestirekin' emanaldia eta ordutik eskainitako ikuskizunetan egitearen poderioz bilakaera eduki du, baina ez gehiegi. «Eginaldi bakoitzean beti bilatzen eta aurkitzen dira modu berdinak, baina esperimentatzeko unea sortzerakoan izan zen». Bolada hartaz oso oroitzapen ona gordetzen du. «Bidaia oso zirrikagarria izan zen, ziragarria, gustu handikoa. Asko gozatu genuen». Bidean apenas kendu dute bertsoren bat, hori bai, indarrik eta mailukadarik galdu gabe.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arestiren «lanturu eta kexen» oihartzuna Donostiara heldu da