Borrar
Patxi Goikolea eta Arantzazu Loidi, biak izango dira Illunbeko finalean irabazleei saria ematen. G.B.E.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Arantzazu Loidik jantziko dio txapela txapeldunari

25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria, aldiz, Patxi Goikoleak emango du. Biak, lehen bertso eskolako ordezkariak dira

I. Altuna

Donostia

Martes, 3 de diciembre 2024, 11:41

Lehen haurren bertso-eskolak 50 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hau ardatz izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Omenaldia egin nahi izan zaio Almeneko bertso-eskola horri, eta Illunben hilaren 14an jokatuko den finalean ere, keinu berezia egingo zaio, izan ere, sari nagusiak emango dituzten bi protagonistek eskolaren sorreran parte hartu zuten.

Honela, Almeneko ikasle izan zen Arantzazu Loidik txapela jantziko dio txapeldunari, eta bere irakasle izan zen Patxi Goikoleak 25 urtez azpiko bertsolari onenari saria emango dio.

Bertsozale elkartetik nabarmendu dutenez, azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da Arantzazu Loidirena (Aretxabaleta, 1967). Lehen haurren bertso-eskola hartako kide, bertsolaritzaren alde eta ertz ugari bizi izan ditu: hasi bertsoak abestetik eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta.

Bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, 1982an Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan eta handik hiru urtera jantzi zuen txapelketa horretako txapela; bat-batean zein idatziz. Plaza ugari egin zituen hurrengo urteetan, baita sariketak ere: 1991ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte, eta horixe izan zen bere azkena, 1993an plazako jarduna utzi baitzuen. Hala ere, ez zen bertsolaritzatik urrundu: hamarkada luzez aritu zen gai jartzen eta epaitzen, Gipuzkoako zein Euskal Herri mailako ekimenetan. Bertsolaritzaren inguruko bi ikerketa ere plazaratu zituen, bertso-eskolei eta hedabideei buruzkoak.

Bertsozaletasuna hauspotzen

Loidi eta bere belaunaldi kideak hauspotzen aritu zen Patxi Goikolea (Arrasate, 1933), Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera. Hiruak bildu eta Debagoienako bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso-eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Arantzazu Loidik jantziko dio txapela txapeldunari

Arantzazu Loidik jantziko dio txapela txapeldunari