Antzezlana egingo dute Ekain koba aurkitu zuteneko 50. urteurrenagatik

'AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak)' antzezlaneko irudia/
'AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak)' antzezlaneko irudia

Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria irabazi duen antzezlan monografikoa da. Urriaren 18an 19:00etan, doan, ikusi ahalko da Zestoako Kultur Etxean

DVDonostia

Azpeitiko Antxieta taldeko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa topatu zutela 50. urte igaro dira aurten. 1969ko ekainaren 8an egin zuten aurkikuntza; Paleolitoko labar-margo ikaragarri hauen aurkikuntza ospatzeko 'AMA-ALU-LUR (sorgin baten ametsak)' antzezlana prestatu dute.

Ekainberrik ospakizun jardunaldiekin jarraitzen du horrela, Ekain kobaren 50. urteurrenagatik antolatutako jarduerekin. Urriaren 9an Labar Artearen Europako Eguna ospatu zen eta urriaren 18 eta 19an, Ondarearen Europako Jardunaldien barne hainbat jarduera daude antolatuta, antzezlanaren emanaldia tarteko.

Urriko ospakizun nagusia aldiz, Intujai Teatro konpainiaren antzezlan honen emanaldia izango da, hilaren 18an, arratsaldeko 19:00etan Zestoako Kultur Etxean. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien testuinguruan kokatzen da Ekainberrik Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatu duen emanaldi hau.

Donostia Kultura 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza Saria irabazi duen antzezlan monografiko bat da: bi espeleo-arkeologok harri eta zur utziko dituen paleolito garaiko irudi bitxi bat topatzen dute kobazulo batetan.

Antzerkia ikustera joan nahi duen orok gonbidapenak hartzera gerturatu beharko du Zestoako Turismo Informazio Puntura, tokiak mugatuak direlako. Gehienez 4 gonbidapen emango dituzte pertsonako.

Lili Jauregian ere, urriaren 19an egongo diren bisita teatralizatuen paseak doan eskainiko dira. Honetarako ere, Ekainberri eta Lili Jauregiko Zestoako sarrera salmenta bulegoan erreserba egin beharko da.

Temas

Euskera