'7ak bat' antzezlan «berezi eta ausartak» irabazi du XX. Donostia Antzerki Saria
ATX Teatroa konpainia bizkaitarraren proposamena, Donostian iazko apirilean aurkeztu zena, martxoaren 27an ikusi ahal izango da Victoria Eugenia antzokian
Euskaraz sortutako testu-antzerkia aintzat hartzen duten sariak ez dira asko. Euskara hutsean jardutea erabaki duten konpainiak ere ez gehiegi. Donostia Antzerki Saria eta orain dela hamar urte Bilbon sortu zen ATX Teatroa konpaina dira adibide bakanetakoak. Eta bat egin dute, talde bizkaitarraren '7ak bat' antzezlanak lortu baitu 20. edizioko saria.
Publicidad
Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 2000 urteaz geroztik ematen duten sariak errekonozitzen du aurreko urtean Donostian helduentzako antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako lanik onena. '7ak bat' Antzoki Zaharrean antzeztu zen, apirilean, eta epaimahaiak erabaki du horixe izan dela baldintza horien barruan 2019an taularatu den lanik aipagarriena. Iaz Donostian antzeztu ziren euskarazko hamalau lanen artean hamabik bete zituzten sarirako hautagai izateko baldintzak, hots «konpainia profesional baten antzezlana lehendabiziko aldiz Donostian eskaintzea».
Sariaren aurkezpenean, taldeko kideekin batera, Donostia Kulturako Antzerki unitateko arduradun Norka Chiapusso eta Jon Insausti Kultura eta Euskara zinegotzia izan dira. Insaustik nabarmendu du 2019an zehar helduentzako 48 antzerki emanaldi eskaini zirela euskaraz, eta 9.522 ikusle bildu zirela horietara. 2000. urtean 13 emanaldi eta 2.456 ikusle izan zirela kontuan hartuz, zinegotziaren ustez ari da igartzen arlo horretan egindako ahalegina.
ATX konpainiak, sari gisa, Amable Ariasen artelan bat eta 12.000 euro jaso ditu, eta martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Victoria Eugenia antzokian antzeztu ahal izango dute berriz '7ak bat'.
Gaiztoetan gaiztoenak
Antzezlanak ez du zerikusirik izenburuak iradokitzen duen lurralde-batasunaren aldarrikapenarekin. Ezta inondik ere. Lotura zuzenagoa du zazpi bekatu kapitalekin, harreman hori ere berezi samarra izan arren. Hain zuzen ere, ia dena da berezia inprobisaziotik abiatuta taldea osatzen duten denen artean sortutako testuan, egile-izen zehatzik gabeko lan kolektiboan. Epaimahaiak esan zuen '7ak bat' dela «gaiztoetan gaiztoenak, gizakiaren gaiztakeriari buruzko satira ausarta».
Publicidad
«Berezia da sorreratik» saria esleitu diotenen ustez, eta «sortzeko erak berak eragina izan du eta igarri egiten da antzezlanean, sinesgarritasuna eta indarra ematen baitio». Epaimahaiak, gainera, «ondo baino hobeto balioetsi du obra horrekin hartutako arriskua, produktu ezohiko eta desberdina taularatu baitu ATX konpainiak».
Sorkuntza lanean funtsezkoak izan dira hiru antzezleak: Aiora Sedano, Miriam K. Martxante eta Estibaliz Villa. Haien ekarpenak Iñaki Ziarrusta zuzendariak lotu eta batu ditu, dramaturgia egituratuz. Ziarrustak «punki-komedia feminista»-tzat jo du '7ak bat', eta gogoratu du 2018an ospatu zen Mary W. Shelley-ren 'Frankenstein' eleberriaren mendeurrenak piztu ziela 'frankenstein' propioa sortzeko gogoa.
Publicidad
ATX-ena «zazpi bekatuak islatzen dituzten zazpi gorputz desberdinetako zazpi atalekin» osatuta dago, eta betaurreko moreak ditu, hasieratik baitzeukaten argi emakumeen aldeko aldarrikapena izango zela. Munstroaren egitekoa, baina, ez da bekatua deitoratzea edo ikuslea beldurtzea, hori askatzea baizik, «aurreiritzirik gabe bizitzera» gonbidatzea baizik.
Umore ukitua
Hori guztia egin dute, orain arteko lan ilunagoetan ez bezala, umore ukituz. «Lehenengo ikuskizuna da jendeak barre egiten duena, umorea sartzean indarra hartzen du proposamenak», esan zuen ekoizpen eta sustapen lanetan aritu den Naia Muñozek. Ziarrustaren hitzetan, berriz, «lubrikatzaile ona da umorea» irensten gogorrak izan daitezkeen proposamenak sartzeko.
Publicidad
Ez da ordea aurreneko segundotik ikusleak barre-algaraka jartzen dituen umore klasea, pixka bat kostatzen baitzaio publikoari zeren aurrean dagoen ulertzea eta oholtzatik proposatzen zaioaren aurrean bere burua kokatzea.
Martxoaren 27koaz gain, badaude oraindik aurretik izen handiko zenbait taldek irabazitako saria lortu duen antzezlana ikusteko aukeraren batzuk, baina ez dira asko. Ziarrustak esan zuenez, «gure lanek, euskarazkoak eta berezi samarrak, bide laburra dute, pare bat urteren buruan iraungitzen dira». Une honetan, dena den, badute beste ekoizpen bat bizi-bizirik: haurrei eta familiei zuzendutako 'Kaskarot'.
Publicidad
...
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión