Anjel Lertxundi (Idazlea): «Literatur itzulpengintza berez oso sendo dago, herrena duena da ikusgarritasuna»
Itzultzaileek euskarari eta irakurleei egiten dizkieten ekarpenak nabarmendu ditu beste hainbat gairi buruzko gogoetak ere biltzen dituen saiakeran
«Pasioz idatzitako liburua» da 'Itzuliz usu begiak', Anjel Lertxundik atzo Donostian -hedabideen aurrean goizez, jendaurrean iluntzean- aurkeztu zuen liburua. Agerraldi bietan lagun izan zuen Koro Navarro itzultzaileak eskerrak eman zizkion «tema handiz eta suhartasunez» aritu izanagatik aspaldi honetan «itzulpenaren alde». Irakurlearen alde ere aritu da liburuan, irakurketa samurtzen saiatu baita euskararen, sorkuntzaren eta itzulpengintzaren inguruko gogoetak, aipuak eta pieza sailkagaitzak bildu dituen «116 teselak osatzen duten mosaikoan».
- Liburuan diozu aspalditik zenuela hari horiei guztiei heltzeko gogoa.
- Literatura Unibertsala saileko lehen aleetako batean itzultzaile batek hitzaurrean adierazi zuen zein eragozpen izan zituen bere lanean, eta apuntatu egin nuen. Literatur itzultzaileen kezkek zerikusia dutenez sorkuntza lanarekin, jarraitu nuen apuntatzen, aurkitzen nituen gauza interesgarriak biltzen. Apunte horietan dago liburuaren jatorria.
«Euskaraz sorkuntza lehenesten da, itzulpena ez da hartzen naturaltasunez» «Itzultzaileek egin duten ahalegina ez da behar bezala kontuan izan»«Saiakera modu askotara idatzi daiteke. Ni saiatu naiz saiakerak irakurgarriak egiten»
- Gutxi itzuli izanaz damu zarela ere idatzi duzu.
- Itzuli ditudan gauza handiak izan dira Juan Kruz Igerabiderekin batera euskaratu nuen Luzio Apuleioren 'Urrezko astoa' (Literatura Unibertsala bilduman) eta Eugenio Montaleren poemak ('Munduko poesia kaierak' bilduman). Aurrenekoak izan zituen zailtasunak, baina hizkuntza askotan dago, eta erreferentzia horiekin jokatu genuen. Erronka handiagoa izan zen Montale itzultzea. Neuk aukeratua zen, baina damutu ere egin nintzen... 'Itzuliz usu begiak' idaztera eraman nauen bidea, zehazki, orduan hasi zen.
- Literatur itzulpena eta sorkuntza bata bestearen parean jarri dituzu. Itzulpengintzaren defentsa horren sutsua egiteak, ordea, iradokitzen du harremanak ez direla oso orekatuak.
- Euskararen kasuan ez dago orekarik, ez. Deigarria iruditzen zait Hegoaldeko irakurleak nolako naturaltasunez irakurtzen dituen gaztelaniaz itzulpenak, ohartu gabe itzulpenak direla. Euskaraz, berriz, sorkuntza lehenesten da, eta itzulpena hartzen da halako disziplina baten moduan eta ez naturaltasunez, itzulpenak irakurtzea aldapan gora abiatzea balitz bezala.
- Aitzakia merkea da, baina euskal irakurleek eskura daukaten katalogoaren ezaugarriek ez al dute zerikusirik berotasun eskas horrekin?
- Eskaintza gero eta ugariagoa da, zorionez eta, gainera, katalogoaren gai horretan badaude faktoreak zerikusi handiagoa dutenak merkatuarekin, argitaletxeen egiturarekin, gaitasun ekonomikoarekin... Baina, batez ere, kontuan izan behar dugu bideak zabaltzen joan direla literatura jasoa garatzen joan den neurrian. Prozesu hauek izaten dira jasotik normalizatura, ez alderantziz. Itzulpenak etorri direnean hasi dira garatzen bertako literatura eta itzulpengintza bera. Itzultzailea, hasiera batean, idazleei edo hizkuntzaren garapen duinari begira dago. Gero etortzen dira beste garapen batzuk.
- Gauza arruntak irakurtzea gogoko duen irakurle arruntaren premiak asetzen dituztenak?
- Irakurleari liburu baten irakurketa erraza egingo bazaio, lehendik egin behar dira pauso batzuk, berez horretarako landu gabe dagoen hizkera bat leuntze aldera. Demagun liburuan 'Altuberen malda' deitzen dudana, gure sintaxiak daukan joera hori, dena atzera botatzekoa. Prozesu luze baten ondoren, hori badoa leuntzen, eta itzulpen errazagoak egiten laguntzen du, baina horretara iristeko lan handia egin dute hainbat itzultzailek.
- Guztioi onurak ekarri dizkigun aurrerabide horretan, beraz, itzultzaileak izan dira akuilatzaile.
- Bai, alde horretatik idazleok baino gehiago egin dute. Itzulpena izan da akuilua eta abangoardia hartu duena. Sortzaile bezala, ez badaukat behar dudan hitza eman dezaket buelta bat, eta beste era batera esan. Itzultzaileak ezin du hori egin, eta alde horretatik itzultzaileen bilaketa eta sorkuntza lana oso inportantea da. 'Itzultzaile' esaten dugu testu baten morroi balitz bezala, baina neurri handi batean sortzaile ere bada. Hizkuntza bera garatzeaz gain, itzulpenen bidez ekarri dizkigute beste erregistro batzuk, beste gai batzuk, beste kultura batzuetako erreferentziak... Idazleok ezin dugu bazter guztietara heldu, ezin ditugu historia erabat diferenteak egin. Itzultzaileek ez baligute hori guztia ekarri euskaraz, espainolaren edo frantsesaren bidez izango genituzke bakarrik eskuragarri, eta horrek ondorio latzak ekarriko lituzke.
- Zergatik kostatzen zaigu bada horrenbeste itzultzaileek egiten duten lana aintzat hartzea?
- Aspalditik datorren kontua da, hizkuntzaren beraren autodefentsa moduko bat, esango nuke... Garbizaletasunaren ikuspegitik, itzulpengintza ikusi izan da ez etsai bezala, baina bai hizkuntzaren senetik kanpo geratzen den zerbait bezala. Hitz klabea 'freskotasuna' da. Esaten da itzulpenak ez duela freskotasunik, konturatu gabe ezin duela 'freskotasun' hori lortu itzulpengintza normalizatu bat den arte.
- Euskal literatur itzulpengintza heldu al da puntu horretara?
- Hartzen bada gaurko itzulpengintza eta orain dela 30 urtekoa, sekulako aldea dago. Gaur irakurtzen dituzu itzulpen zailenak ere konparatzen dituzu ordukoekin, eta logikoa den bezala beste irakurgarritasun bat daukate. Itzultzaile Eskola sortu zenetik, bide oso inportantea egin da askoren 'egoskortasunari' eta elkarrekin koordinatzeko eta hausnarketa egiteko gaitasunari esker. Hala ere, ahalegin hori ez da behar bezala kontuan izan, eta itzulpengintza izan da tratatua bigarren edo hirugarren mailakoa izango balitz bezala. Niri iruditzen zait berez, bere egitatean, oso sendo dagoela literatur itzulpengintza, eta herrena duena dela ikusgarritasuna, irakurleen itzulpenenganako joan-etorri hori.
- Ahulezia edo gabezia hori hedatu daiteke literatur sistemari eusten dioten elementu guztien arteko harremanei?
- Bai, idazleen eta itzulpengintzaren arteko harremanetan ere defizit handia dago. Ez dut uste idazleok behar genukeen arreta jartzen diogunik itzulpengintzari. Nire irudipena da elkarren artean komunikazio handirik ez duten konpartimendu estankoetan bizi garela. Alor batean eta bestean sekulako ahaleginak egiten dira, eta gero ahalegin horiek ez dira konpartitzen; lorpenak ez dira transmititzen, eta joan-etorri handirik ez izate horretan paganoa da, neurri handi batean, irakurlea. Elkarren arteko joan-etorria sarriagoa eta naturalagoa izateak sistemaren indartzea eta normalizatzea ekarriko luke. Dena den, gauza harrigarri bat gertatzen ez bada, eta ez dut uste gertatuko denik, gure sistema ez da sekula sistema normalizatua izango. Normalizazioaz hitz egiten dudanean ari naiz gure neurriko normalizazio duinaz. Hori eduki beharko genuke beti begien aurrean.
- Bazeneukan adituei zuzendutako saiakera teoriko bat idaztea, baina espezialista edo gremiokoa izan gabe ere atsegin handiz irakurtzen den liburua osatu duzu.
- Ez nuen idazle jendearentzat edo itzultzaileentzat idatzi nahi. Horiek ezagutzen dituzte esaten ditudan gauza gehienak. Hasieratik neukan argi irakurle literaturazalearentzat idatzi nahi nuela, euskal sistema literario sendoagoa estimatuko lukeen irakurle horrentzat. Agian ez irakurle pasadakoarentzat, baina bai interesatzen zaizkion gaien ingurukoak normaltasun osoz irakurtzen dituenarentzat. Uste dut saiakera idatzi daitekeela modu askotara, eta ahalegindu naiz moduak bilatzen, eta aurkitzen, saiakerak irakurgarriak egiteko. Alfabeto moduan antolatua dago, testu bakoitzari nortasun propioa eman diot: ugaritasun estilistikoa dago, luzeran ere diferenteak dira, badira umore ukitu bat dutenak, eta akademikoagoak. Testuen arteko loturak badaude, baina nahi den moduan irakur daiteke liburua.