«Anitza, landua eta kalitate handikoa» izan da Loraldia

Guztira, 22 jarduera egin dituzte jaialdiak iraun duen hilabetean/Loraldia
Guztira, 22 jarduera egin dituzte jaialdiak iraun duen hilabetean / Loraldia

Bilboko kultur jaialdiaren arduradunek ebaluazio positiboa egin dute: guztira, 1040 'lorazain' edo zale elkartu dira, eta bete egin dituzte programatutako ikuskizun gehienak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Loraldiaren 5. edizioak «bide berriak zabaldu ditu» euskal sorkuntza garaikidean. Hala ondorioztatu dute antolatzaileek jaialdiaren ebaluazioa egitean. «Hogeita bi jardunetan zehar Loraldiak gure kulturaren iruditeria berritzailea plazaratu du arrakasta osoz. Festibalean parte hartu duten sortzaileen lanak orain arte ikusitakoa gainditu du. Ausartak izan dira eta bide berriak zabaldu dituzte. Sormen begirada anitzaz, landuaz eta kalitate handikoaz gozatu dugu. Harritu gara. Hunkitu gara. Liluratu gara. 5.edizio hau erreferentzial bilakatu da. Bada festibal bat Bilbon euskal kulturak biltzen dituena geroari begira«, esan dute.

'Kalaportu' ikuskizunarekin abiatu zuten festibala, Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantatuz. Aurten, gainera, Bilbotik, Gasteiz, Baiona, Donostia eta Iruñera ere salto egin du jaialdiak, 'Kalaportu' proiektua jendartera eramateko.

Musikan «balore berriei» ere lekua egin nahi izan zieten Maite Larbururen disko aurkezpenarekin. Nafarroako Lurpekariak taldeak, «gure musikaren eszenziak hartu eta jazz inprobisatuetara eraman zituen. Aho bete hortz utzi gintuen. Iparraldetik Belatza taldeak egin zuen hegal eta sekulako kontzertua eman zuen». Euskalduna Jauregian 300 ikusletik gora bildu zituen Hibai Gernikako kantariak.

«Bilboko kaleetan lehenengoz euskal artista baten sorkuntzak eraldatu du paisaia. Mikel Lertxundiren zazpi eskulturek eta bertan burutu ziren kale ikuskariek oihartzun handia izan dute», gaineratu du antolakuntza taldeak zabaldutako prentsa oharrean. «Lehenengo aldiz euskal artista baten erakusketa Bilboko plazetan izan da. Erronka ez zen makala eta bete betean asmatu dugu».

«Ezinezkoa zirudiena» ere eskuratu dutela uste dute. Euskararen historia dantzaren bidez, berbarik gabe, kontatu zuen Aukeran konpainiak, Xabi Payaren ideiari jarraiki. «Kalitate handia sormenetan eta zirrara bihotzetan. Urrunera joateko ahalmena erakutsi zuen Aukeranek», nabarmendu dute.

«Artea ez da mundua islatzeko espilua, kolpatzeko mailua baizik» esaldia aldarri, 'Basotik itsasora' proiektua burutu dute Dantzaz Konpainiak eta Larart proiektuko arduradunek. Dokumental bat eta koreografia bat sortu dituzte errefuxiatuen auzia abiapuntu hartuta. ekoizpen artistiko berriei lekua emateko.

Halaber, jaialdian parte hartu dute hainbat euskal idazle ezagunek: Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Iñigo Aranbarri, Katixa Agirre, Goizalde Landabaso, Garazi Goya, Hasier Larretxea, Jose Mari Otamendi, Josu Goikoetxea, Aizpea Goenaga eta Itxaro Bordak, besteak beste.

Txakur Gorria kolektiboak Joxan Artzeren lana omendu zuen, eta Iratxe Fresnedaren dokumental bat ere izan da ikusgai. Aneguriaren hip hop-ak ere bere lekua izan du Loraldian.

Festibal honetan euskal komunitatea sendotu dutela uste dute arduradunek: guztira, 1040 'lorazain' edo zale elkartu dira, eta bete dituzte programatutako ikuskizun gehienak.

Temas

Euskera