Amaiur, euskal herritarren «historia kolektiboaren erreferente» nagusietakoa
Aranzadi Zientzia Elkarteak zenbait erakunde eta eragileren laguntzarekin prestatu duen 'Amaiurren memoria demokratikoa' erakusketa urrira arte ikus daiteke Elizondon
m. imaz
Domingo, 8 de agosto 2021, 13:16
Izen bereko Baztango herrian dagoen gaztelua, Nafarroako erresumaren azken erresistentzia gunea; Gerra Zibilean matxinatuen aurka borrokatu zen batailoi bati jarri zioten izena; Lauaxetaren 'Gaztelu baltza' poema, Antton Valverdek eta beste zenbaitek kantatu dutena... Amaiur toki bat edo erreferentzia historiko bat baino askoz gehiago da, eta horixe nabarmentzen du Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean asteburu honetan zabaldu den 'Amaiurren memoria demokratikoa' erakusketak.
Publicidad
Urriaren 12ra arte ikusgai izango den erakuskaren aurkezpenean honela azaldu zuen Amaiurren garrantzia Aranzadi Zientzia Elkarteko zuzendari Juantxo Agirre Mauleonek: «Munduko herrialde guztiek dituzte oroimen-lekuak, eta horien inguruan, hainbat arrazoirengatik, era guztietako sentimenduak biltzen dira. Batzuetan kontrajarriak izaten dira, baina, dena den, herritarren interesa pizten dute. Amaiur leku horietako bat da; bere gazteluaren baitan ez zen Nafarroako Gerra galdu, Gernikan Gerra Zibila galdu ez zen bezalaxe. Hala ere, gizartearen zati handi batek bi leku hauek bere historia kolektiboaren erreferentetzat hartu ditu».
Hain zuzen ere, urteak daramatza Aranzadik Amaiurren induskatzen, gazteluaren aztarnak berreskuratzen eta aurkikuntzen berri ematen, besteak beste herrian bertan orain dela urtebete, 2020ko abuztuan, ireki zuten erakustoki arkeologiko txikian. Erakuskea honetan ere esku-hartze handia izan du, komisariotza lanak bere gain hartuz. Baztango Udala, Amaiur Herria Elkartea eta Kultura eta Kirola Ministeroaren laguntza jaso dute, eta kolaboratzaileen artean aipatu behar dira Sabino Arana Fundazioa, Irujo Etxea, Javier Ciga Fundazioa, Reno Unibertsitateko euskal ikasketen departamentua eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
Lau mendeko jauzia
Erakusketaren bitartez «XX. mendearen hasieran askatasun demokratikoaren nahiz Errepublikaren defentsan borroka egin zuen belaunaldi batek Amaiur nola ulertu zuen aurkeztu nahi da, modu sintetiko batean». Belaunaldi haren ordezkari gisa hautatu dituzte Arturo Campión (1854 – 1937) humanista, euskaltzale eta politikaria; Javier Ciga Echandi (1877 -1960) margolari eta politikaria; Manuel Irujo (1891 – 1981) politikaria; Serapio Esparza (1881 – 1969) arkitektoa; Bittori Etxeberria politikari eta feminista (1908 -1997) eta Kaputxinoen ordena (1888 -1990).
Amaiur, hain zuzen, XVI. eta XX. mendeen arteko zubia da askatasunaren defentsaren dagokionez. Gaztelak 1512an Nafarroa inbaditu eta hamar urtera, 1522an, erori zen Amaiurren azkeneko erresistentzia-gunea. Aurreko urtean, 1521ean, Noaingo borrokan izandako porrotaren ondorioz militarki askoz ere hobeto prestatuta zeuden tropei aurre egin ahal izateko esperantza galdu bazen ere, ez zuten amore eman Amaiurren gotortu ziren soldaduek.
Publicidad
Nafarroako erregearekiko leialtasunagatik bizia eman zuten haien omenez, 1936ko gerran 'Amayur' izena jarri zioten Francoren gidaritzapeko matxinatuei eurre egin zieten batailoietako bati. Eusko Jaurlaritzaren agindupean aritu zen, Euzko Gudarosteko zati ggisa, 1936ko azarotik 1937ko abuztura. Gainerakoak bezalaxe, gerra-fronteen artean lekualdatuz joan zen lurraldearen defentsaren beharren eta estrategien arabera. arte egon zen aktibo. Hildako gehien izan zituen batailoietako bat izan zen, eta kalkulatzen dan 125 bat gudari hil zirela.
Bi une historiko horiek lotzen dituen erakusketaren aurkezpenean Juantxo Agirrek esan zuenez, «erreparaziorako keinu apal bat ere bada, frankismoko altxamendu militarrari aurre egiteko Amaiurko erresistentzia bere egin zuten pertsonen sufrimenduari eta giza eskubideen urraketari aitormena egite aldera».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión