Amaitzear da Carlos Pérez-Uralde Irrati Antzerki Lehiaketan proposamenak aurkezteko epea

Carlos Pérez-Uralderen artxiboko argazkia./El Correo
Carlos Pérez-Uralderen artxiboko argazkia. / El Correo

Irratirako antzerki-idazketa sustatzea eta bertoko artistei sortzeko aitzakia ematea helburu dituen deialdia uztailaren 7an amaituko da

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak eta Radio Vitoria EITBk CARLOS PEREZ URALDE IRRATI-ANTZERKIAREN LEHIAKETAREN bostgarren edizioa antolatu dute. Fikzio soinuduna berreskuratzea da lehiaketaren helburua, hedabide horretara egokitutako antzezlanen gidoi originalak baliatuz.

Aurtengo deialdian parte hartzeko epea uztailaren 7an amaituko da. Hona hemen oinarriak:

a) Argitaratu gabeak eta aurretik saririk jaso ez dutenak izan behar dute. Ez da beste lan batzuen egokitzapenik (osorik edo zatika) edo bertsiorik onartuko.

b) Euskaraz edo gaztelaniaz izan daitezke.

c) Gaia librea da. Epaimahaiaren iritziz oinarrizko eskubideren bat urratzen duten gidoiak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

d) Irrati gidoiaren formatuan idatziko dira, pertsonaiak gehienez ere lau aktorek interpretatuko dituztela kontuan izanik.

e) Lanak, muntatu ondoren, ez du 25 minututik gora iraungo; bosna minutuko bost kapitulutan banatuko da, astelehenetik ostiralera bitartean irratiz emateko. Era berean, kapitulu baten eta hurrengoaren arteko lotura egin beharko da, entzuleak aurreko egunekoaren berri izan dezan, labuzki.

f) Parte hartzaileek hiru kopia mekanografiatu bidaliko dituzte –1,5eko lerroartea, 14ko tamaina eta Arial letra-mota–, zenbakituta, posta ziurtatuz; bestela, posta elektronikoz bidal daiteke kopia, helbide honetara: radioteatro@vitoria-gasteiz.org

g) Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu; ezin da estatuko edo nazioarteko saririk lortu duen idazkirik aurkeztu, ez eta epaia eman artean beste lehiaketa batera aurkezten denik ere.

h) Saridunak Radio Vitoria EITBri eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiari lagako dizkie lana eman, erreproduzitu, publikoki ezagutarazi eta banatzeko eskubideak.

Guztira 4.000 euro emango dira saritan, honela banatuta:

• Lehen saria, bi mila eurokoa, IRRATI-ANTZERKIKO GAZTELANIAZKO LAN ONENARENTZAT.

• Lehen saria, bi mila eurokoa, IRRATI-ANTZERKIKO EUSKARAZKO LAN ONENARENTZAT.

Radio Vitoria EITBren eta Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren euskarrietan jakinaraziko da nortzuk diren irabazleak, bai eta www.principalantzokia.org web- orrian ere. Sariengatik dagokion PFEZ ordaindu beharko da, indarreko legeriari jarraituz.