Amaitzear da Biko-Teka ilustrazio eta narraziogintzako lantegian izen emateko epea

Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsok gidatuko dute tailerra/Mikel Fraile
Harkaitz Cano eta Aitziber Alonsok gidatuko dute tailerra / Mikel Fraile

Liburu grafikoen tailerrerako dokumentazioa bidaltzeko epea urtarrilaren 14an bukatuko da. Lantegia, aldiz, urtarrilaren 28tik otsailaren 1era egingo da

Galtzagorri haur eta gazte literaturako elkarteak eta Iruñeko Udalak Biko-Teka liburu grafikoetarako haurrentzako ilustrazio eta narraziogintzako lantegiaren hirugarren edizioa antolatuko dute urtarrilaren 28tik otsailaren 1era, eta beharrezko dokumentazioa bidaltzeko epea urtarrilaren 14an amaituko da.

Lantegiaren hirugarren edizioak idazle eta ilustratzaileak elkarrekin lanean jarriko ditu berriz ere. Lau egun eta erdiko ikastaro trinkoan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean.

Gainera, euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute parte hartzaileek. Azken egunean, otsailaren 1ean, Mikel Soto Txalapartako editore ohia eta Paxkal Indo ZTK-ko editorea bertaratuko dira Biko-Teka lantegiko parte hartzaileei hitzaldi bana eskaintzera.

Lau egun eta erdiko iraupena izango duen lantegia Iruñeko Descalzos kaleko igogailuaren ondoko udal aretoan egingo da. Zehazki, 37 ordu iraungo ditu, urtarrilaren 28tik otsailaren 1era: 09:00etatik 14:00etara goizez (ordu erdiko atsedenarekin) eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez; azken saioa, otsailaren 1ekoa, goizez bakarrik izango da.

Zortzi bikote

Ilustratzaileek eta idazleek bikoteka parte hartuko dute lantegian, baina interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkez daitezke, bakarka aurkezten direnei bikotea aurkitzen ahaleginduko baita ondoren Galtzagorri elkartea. Guztira, zortzi bikote onartuko dira eta hautatuek formakuntza jasotzeko beka bana eskuratuko dute.

Lantegiaren xede nagusia da haurrentzako euskarazko album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea, bai eta idazle eta ilustratzaileek elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere.

Beharrezko dokumentazioa bidaltzeko azken eguna urtarrilaren 14a da: idazleek idazlan labur bat aurkeztu behar dute, ilustratzaileek hiru ilustrazio, eta bikoteek proiektuaren zirriborro bat. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia bidali behar dute guztiek. Urtero bezala, hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

Temas

Euskera