Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Francisco Castro, bere liburuarekin Donostian F.I.
Alzheimerra, hamar urteko mutiko baten begietatik

Alzheimerra, hamar urteko mutiko baten begietatik

Francisco Castro idazle galegoaren 'Sinbad deitzen zidan' publikatu du Alberdania etxeak, eta gaur mahai-ingurua egingo da gaixotasunaz, Anjel Lertxundi ere tartean dela

FELIX IBARGUTXI

Martes, 18 de septiembre 2018, 12:24

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Alberdania etxeak 'Sinbad deitzen zidan'' eleberria plazaratu du, Francisco Castro galiziarrak idatzia, galegoz 30.000 ale saldu dituen gaztetxoentzako 'beste sellerra'. Jorratzen duen gai nagusia alzheimerra da, gaixotasun honek familian duen eragina, hain zuzen ere. Hamar urteko haur baten begietatik dago osatuta narrazioa.

Euskal itzulpena Alberdania etxeko editoreak berak egin du, Jorge Giménez Bechek. Galegoz 2009an plazaratu zen, 'Chamádeme Simbad' izenburuaren pean.

Liburua IBBYren Ohorezko Zerrendan sartu zuten 2012an. Esan bezala, oso harrera ona izan du eta galegozko haur eta gazte literaturaren historian hirugarren salduena gertatu da.

Hona hemen sinopsia: aitonak gauza arraroak egiten ditu. Dena ahazten du. Mundu guztiari aldatzen dio izena, baita 10 urteko bere biloba Paulori ere, Sinbad deitzen baitio, ipuin zaharreko marinel haren izenaz. Paulok borroka egingo du aitonaren gaixotasunaren aurka, jarrera ulerberaz, konplizitatez eta, batez ere, maitasun handiz. Gauzak itsusi jartzen direnean, Paulo izango da nola jokatu asmatuko duen bakarra, bere haur begiradaz helduek baino harago ikusten baitu. Gainera, helduek beren eguneroko zurrunbiloan murgildurik bizi dira, aitonari laguntzeko denbora hartu ezinda.

Alzheimerraren Nazioarteko Egunarekin –irailaren 21a– bat eginez, aurkeztu nahi izan du liburua Alberdaniak. Gaur asteartea, Francisco Castro bera Donostiako Parte Zaharreko Elkar liburu-dendan izango da hizketan, Alzheimer gaitzak jotako familiekin lan egiten duen Aubixa Fundazioko Maximo Goikoetxearekin eta Anjel Lertxundi idazlearekin. Arratsaldeko 18:30ean ekingo diote eta ekitaldiak sarrera librea izango du. Gogoetagai nagusia alzheimerraren inguruko literatura izango da.

Francisco Castro Veloso (Vigo, 1966) galegozko idazle eta editorea da. 2016ko abenduaz geroztik Galaxia argitaletxeko zuzendaria dugu, Víctor Freixanesen ordez hasi zelarik. Adin guztietarako narrazio labur eta luzeak idatzi izan ditu eta galiziar literaturako sari nagusiak irabazi. 2014an 'Tes ata as 10' eleberria publikatu zuen, helduentzakoa eta suspensezkoa, arrakasta handikoa eta gaztelaniaz ere publikatu ziotena, 'Tienes hasta las 10' izenburuaren pean.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios