Borrar
Fagus-akiza.com
Alkizako 'Sormenaren Kabiak' bi etxetiar berri ditu

Alkizako 'Sormenaren Kabiak' bi etxetiar berri ditu

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak Nagore Legarreta eta Beñat Ralla hartuko ditu bi astez sormen proiektu ezberdinak gara ditzaten

Jueves, 22 de agosto 2019, 11:06

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak artearen sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta gizarteratzeko helburuarekin artistek hausnartu, esperimentatu eta lan egiteko espazio berri bat sortu du. Hala, deialdi honetan parte hartu duten sortzaileetako bik Hernio mendiaren magalean, Europa 2000 Sarean aitortutako naturagune zoragarri baten erdian euren proiektuak burutzeko aukera izango dute datozen asteetan.

Hautatutako pertsonek bi aste izango dituzte euren ideiei forma emateko. Lete nekazal etxea, Koldobika Jaureginren Ur Mara Museoa, Inazio Urruzola Txakolindegia eta Alkizako basoak, larreak zein pagadiak izango dira artisten inspirazio iturri eta baita bat-bateko lantoki ere. Bestalde, proiektua aurrera eramateko, artistek mila euroko beka bana jasoko dute.

Sortzaileen eta herritarren artean sinergiak sortzeko aukera ere eskainiko die Sormenaren Kabia-k. Hala, Alkizara etorriko diren artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin harremanetan egoteko aukera emango zaie.

Hautatutako proiektuak

Epaimahaia Jon Umerez Urrezolak, Alkizako alkate ohia eta EHU-ko irakaslea; Lorea Agirre Dorronsorok, kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria; Koldobika Jauregi Zinkunegik, eskultorea; Aintzane Lasarte Garatek, CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko kultura bitartekaria eta Nekatoenea artisten egonaldietako arduraduna; Ramon Agirre Lasartek, aktorea eta idazlea; eta, azkenik, Haizea Barcenilla Garciak, Artearen historian doktorea EHUn irakaslea eta arte kritikoa, osatu dute.

Irabazlea esleitzeko kontuan hartutako irizpideak originaltasuna, Fagusen hiru ardatzekin (natura, gizakia, kultura) koherentzia, sormenaren Kabiak eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena izan dira.

Honela, Nagore Legarreta Alcelay eta Beñat Ralla Yusta izan dira irabazleak.

Legarreta Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziaduna da. Argazkilaritzarekin duen lotura Hernaniko Kronikan Lan egin zuen urteetan hasi zen, 2003 eta 2009 urteen artean. Argazkilaritzaren inguruko hainbat lantegi burutu ditu argazkilaritzan erreferenteak diren hainbat argazkilarirekin: Eduardo Momeñe, Oscar Molina, David Jimenez, Jon Uriarte, Isabel Diez…

Gaur egun argazkilaritzaren inguruko ikerketan dihardu, bere proiektu pertsonalak sortu eta haien inguruko erakusketak egiten. Bestalde, argazkilaritzako arlo ezberdinekin lotutako lantegiak ematen ditu, baita erakunde, sortzaile eta abarrentzat argazkiak egin ere.

'Ibaia ez da toki bat', proiektuan hasitako ideia garatu nahi du egonaldi honetan. Hainbat ibai erreferentzi hartuta (Urumea ibaia eta Poloniako Odra ibaia) honako gal­dera hauei erantzun nahi izan die Legarretak: «gizakiak historikoki ibaien inguruan antolatu garenez, zein harreman izan dugu harekin? Ubide hutsa al da ibaia? Izaki biziduna al da? Ez al da gure biri­kak bezala hazi eta uzkurtzen, ez al du bere tokia erreklamatzen? Ibaiak begiratzen al gaitu? Eta hala balitz, nola ikusten gaitu?»

Legarretaren helburua bertako biztanleek inguruko natur ondarearekin di­tuzten lotura emozionalak azalarazteko ekintza artistiko kolektibo bat planteatzea da. Kasu honetan ibaiari baino, agian, Hernio eta bertako basoekin lotutakoa.

Rallak, berriz, lehenik Herri Lanetako Ingeniaritza ikasketak burutu eta horretan bi urtez lanean jardun arren, Donostiako Kontserbatorioan piano eta perkusioa ikasi ondotik, musika eta irakaskuntzarekiko bokazioari helduz Musikenen (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian) Musikaren Pedagogia ikasketak eta EHUn Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak burutu zituen. Ondoren Genevan (Suitza) hiru urteko egonaldia egin zuen Dalcroze Erritmika metodologian espezializatuz Gradu eta Master ikasketak egiteko.

Musika eskola eta Kontserbatorio zein Haur, Lehen eta Derrigorrezko hezkuntzan aritu da irakasle, baita Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean ere. Egun, EHU-ko Hezkuntza eta Kirol fakultatean irakasle dihardu, Txalaparta eta Dalcroze Errimikaren uztarketaren inguruko Doktoretza Tesiarekin aurrera darrai eta MugMus Laborategiako zuzendari artistiko eta musikari gisa «Esku Harriak: Oteizaren (h)aria»ren hogeita hamarretik gora emandi eskaini ditu. Konpainia honekin 2. sormen-lana garatzen hastear da.

Alkizako egonaldian Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre taldekideen bisita ere izango ditu eta hainbat ekintza burutuko dituzte sormen-lanari begira zein herritarrentzat.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Alkizako 'Sormenaren Kabiak' bi etxetiar berri ditu