Xabier Olarra
Liburu «irakurterrazak» itzultzen hasi zen, baina literatura unibertsaleko obra handiak ere ekarri ditu euskarara azken lau hamarkadetan
Jatorrizko nobela albo batean, papera eta boligrafoa bestean, euskaratik abiatzen den Azkueren hiztegia eta baita Xabier Kintanarena. Tresna horiekin hasi zen euskarara liburuak itzultzen Xabier Olarra (Tolosa, 1953). Ia berrogei urteko ibilbidea, «gustura» egin duena, nahiz eta horretara profesionalki ez jardun, «nire denbora librearen parte handi bat horretara eman dut», gogoratzen du. Baina lan hori aitortua izan dela sentitzen du; Euskadi Saria hiru aldiz jaso du eta orain Kultura Ministerioak Itzultzaile Baten Lanaren Sari Nazionala eman dio.
Publicidad
– Noiztik da Xabier Olarra itzultzaile?
– Oso aspalditik. Lehenengo liburua, 'Karteroak beti deitzen du bi aldiz', 1985ean argitaratu zen. Horrek esan nahi du Elkar argitaletxekoei urtebete lehenago eman niela, eta ni urtebete lehenago hasi nintzela itzultzen. Garai hartan Bordelen nengoen tesia egiteko asmotan, baina han bertan bide hori desbideratu egin zen... Hango liburu-denda zahar batzuetan ikusi nituen bai ingelesez eta frantsesez nobela beltz ugari zeudela. Nik asko maite nuen orduan genero hori, eta besterik gabe pentsatu nuen euskaraz horrelakoak egotea komeni zela.
– Laurogeigarren hamarkada amaieran Igela argitaletxea sortu zenuten Joseba Urteaga, José Manuel Gonzalez eta hirurok. Zein izan zen zuen helburua?
– Joseba eta biok irakasle ginen Hernaniko institutuan, eta horrelako irakurgaiak jendearen esku jartzeak irakurzaletasuna bultzatuko zuela uste genuen. Horretan hasi ginen, baina munduko literaturak eman dituen obra inportanteak ere euskarara ekarri nahi izan genituen, izan ere guk horiek gaztelaniaz irakurri behar izan genituen. Zerrenda bat egin eta hortik abiatu ginen.
– Laster 200 liburu argitaratuak izango ditu Igelak. Asko dira...
– Bai, eta gainera itzulpenak, horrek dauzkan zailtasunekin, izan ere liburu horietako asko baziren gaztelaniaz, eta jendeak bi hizkuntzetara joateko aukera du.
– Berrogei liburu inguru itzuli dituzu, denetarikoak. Zeren arabera aukeratu izan dituzu?
– Nobela beltzean, adibidez, badaude gida batzuk, eta horietan azaltzen direnak eta guk irakurriak genituenen artean egiten genuen aukeraketa. Bi bilduma osatu ditugu horrela. Sail beltza eta Enigma saila. Bestalde, literatura jasoa esaten zaion hartan, dena zegoen aukeratzeko eta itzultzeko. Gaztetan irakurriak genituenetatik abiatu ginen, Truman Capoteren 'Odol hotzean', adibidez. Gero gauzak hobeto pentsatuz eta kritikak esaten zuena kontuan hartuz joan ginen. Hemen aipatzekoa da Patrick Modiano edo Annie Ernaux idazleen lanak ere euskarara ekarri genituela, Nobel Saria jaso aurretik.
Publicidad
«Irakurgaiak jendearen esku jartzeak irakurzaletasuna bultzatuko zuela uste genuen»
– Egindako guztietatik, zein itzulpen izan dira berezienak zuretzat?
– Badira batzuk beti aipatzen ditudanak. 'Deabruaren hiztegia' da horietako bat, oso liburu berezia delako, hiztegi bat izan arren literatura asko duelako barruan. Beste maila batetan, Raymond Queneau-ren 'Estilo ariketak', oso liburu adierazgarria delako. Eta gero, itzultzaile batentzat dituen erronka eta zailtasun guztiengatik, James Joyce-n 'Ulises', hiru urteko lanaren ondoren 2015ean argitaratu zena. Bigarren bertsio bat ere egin nuen 2022an, liburuaren mendeurrena bete zenean, uste nuelako bazegoela zer zuzendua... patxada handiagoarekin gainbegiratu eta zuzendu nituen gauza asko.
– Itzuli ez baina itzuli nahiko zenukeen libururik ba al duzu?
– Bai, asko, baino horrek ez du esan nahi orain egingo ditudanik. Albert Cohen-en 'Belle du Seigneur', gure gazte denboran obra inportantea izan zena, baina agian orain ez lioke inork kasurik egingo... edo 'Alejandriako kuartetoa', baina mila orri inguru dira... Horrelako planetan sartzeko ez nago orain, gauza laburragoak egitea nahiago dut, egin dudan azkena bezala, Joyce Carol Oates-en 'Bortxaketa'.
Publicidad
– Itzulpen on bat egiteko, itzuli behar den autorea ondo ezagutu edo menderatu behar al da?
– Komeni izaten da, baina ez du esan nahi beharrezkoa denik. Autoreek izaten dituzte gauza errekurrenteak eta horiek ezagutzea, betiere, hobe da, eta gomendagarria ere bai.
– Euskal itzulpengintzak egoera ona bizi al du gaur egun?
– Arlo guztietan bezala, egoera zaila da. Gu hasi ginenean, pentsatzen genuen irakurle gazte gehiago sortu ahala eta eskolen ahaleginarekin, sortuko zela gu bezalako irakurle amorratu sail bat... baina ez. Irakurle potentzial gehiago dago orain, baina ez dakit ze neurritan bilakatzen den irakurle benetako. Eta itzulpengintzak horrek agintzen dion bidetik jotzen du, hau da, alferrikakoa da hainbat liburu itzultzea gero irakurlerik ez badago. Argitaletxeek horretan pentsatu behar dute. Itzulpenak argitaratzea beti izan da zaila, eta orain ere horrela dela uste dut.
Publicidad
«Literaturan bakoitzak nahi duena jartzen du, eta hori makina batek ezin dezake besterik gabe itzuli»
– Asko aldatu da itzultzailearen lan egiteko modua azken hamarkada hauetan...
– Bai, orain klik bakar batekin adimen artifizialak ekartzen dizu nahi duzun guztia, ondo bilatzen bada. Orain erraztasun gehiago dago, alde guztietatik, euskara bera maneiatzeko, hiztegiak non nahi, eta informazioa bilatzeko aukerak ere nahi adina.
– Iritsiko al da ordenagailuak euskarara dena itzuliko duen eguna?
– Testu teknikoen kasuan errazagoa da, baina literarioak ez horrenbeste. Nik uste dut teorian posible dela, baina gaur egun dauden tresnekin ez. Adimen artifizialak orain lagundu dezake, eta ziur batzuk erabiltzen dutela. Nik probak egin ditut, baina emaitza aldrebes samarra izaten da literaturaren arloan. Baina makina horrek hitz baten zenbat eta kontestu gehiago estudiatu, ziur ez dela oso oker ibiliko. Baina hori oraindik oso urruti dagoela uste dut. Literaturan bakoitzak nahi duena jartzen du, eta hori makina batek ezin dezake besterik gabe itzuli.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión