30. alera heldu da Munduko Poesia Kaierak bilduma

Idea Vilariño idazle uruguaiarra/
Idea Vilariño idazle uruguaiarra

Nazioarteko poeta ezagunen lanak euskaratzen dituzte Beñat Sarasolak koordinatutako ekimeneko partaideek. Poesiaren nazioarteko egunean aurkeztu dituzte 29 eta 30. liburukiak; Cesare Pavese eta Idea Vilariñori eskaini dizkiete

DVDonostia

Greziatik Estatu Batuetara, hegoaldetik iparralderik hotzenera, poesia eta poetak bizi izan dira, letra bidez irudipen eta bizipenak jasoaz, mendeetan barrena. Poesiaren Nazioarteko Eguna da gaur, martxoak 21, eta horren harira antolatu dute, besteak beste, Munduko Poesia Kaieren bildumako azken bi liburukien aurkezpena. Idea Vilariño eta Cesare Paveseren lanak euskaratu dituzte Garazi Arrula eta Ion Olanok, hurrenez hurren.

30. alera heldu da, horrela, Beñat Sarasolak koordinatzen duen poesia bilduma. Bertan, mundu zabaleko poeten lanak biltzen dira euskaraturik. 2014ko martxoan abiatu zen proiektua. Urtero 64 orrialdeko 6 kaiera argitaratzen dira: 3 udaberrian eta 3 udazkenean. Autoreen antologiak izateko daude pentsatuta. Susa argitaletxeak kaleratzen ditu.

Lehen urtean, 2014an, euskarara ekarri zituzten Georg Trakl (Anton Garikano), Maria Merce Marçal (Itxaro Borda), Aime Cesaire (Iñigo Aranbarri), Emily Dickinson (Angel Erro), Carlos Drummond de Andrade (Koldo Izagirre) eta Miguel Hernandez (Josu Landa).

Hurrengo urteko uzta osatu zuten, bestalde, Anne Sexton (Harkaitz Cano), Sophia de Mello (Iñigo Roque), Gabriel Ferrater (Aritz Galarraga), Ingeborg Bachmann (Nagore Tolosa), Eugenio Montale (Anjel Lertxundi) eta Jorge de Sena (Rikardo Arregi).

2016an argitaratu zituzten Audre Lorde (Danele Sarriugarte), Angel Gonzalez (Gerardo Markuleta), Paul Celan (Xabier Montoia), Nijole Miliauskaite (Leire Bilbao), Stephane Mallarme (Josu Landa) eta Miroslav Holub (Karlos Cid Abasolo). 2017an, halaber, Adrienne Rich (Maialen Berasategi), Alfonsina Storni (Uxue Alberdi), Dylan Thomas (Iker Alvarez), Chuya Nakahara (Hiromi Yoshida), Rosalia de Castro (Koldo Izagirre) eta Seamus Heaney (Xabi Borda) ekarri dituzte.

Iaz, Ezra Pound (Luigi Anselmi), Al Berto (Joxemari Sestorain), Yannis Ritsos (Joannes Jauregi) eta Alejandra Pizarnik (Asier Sarasola). Argitaratu berri dituzten Pavese eta Vilariñoren lanek osatzen dute 30eko zerrenda.

Harpidetza egitn eta etxean jasotzeko aukeraz gain, posible da sarean irakurtzea liburu guztiak, Susa argitaletxearen webgunean bertan.

Temas

Euskera