Alaia Martin garaile Zarauzko bigarren finalaurrekoan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako pase zuzena eskuratu du oiartzuarrak; laugarrena izango du jarraian
Felix Irazustabarrena
Zarautz
Domingo, 24 de noviembre 2024, 01:00
Alaia Martin oiartzuarrak jaso zituen puntu gehien Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian jokatutako Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoan. Sarrerak agortuta, 1.400 lagun bertan, saioa beroa izan zen, nahiz beti ez asmatu protagonistek. Martinek lortu du, beraz, Illunbeko finalean lekua 544,5 punturekin. Bere laugarrena jarraian izango du eta pasa den igandean Oiartzunen irabazi zuen Beñat Gaztelumendi izango du kantu lagun.
Oiartzuarren ostean, halaxe geratu zen sailkapena: Eneritz Artetxe (519,5), Aner Euzkitze (512), Unai Mendizabal (504,5) Amaia Iturriotz (493,5) eta Eneko Araiztegi (462).
Honenbestez, Eneritz Artetxek ditu aukera gehien finalera sailkatzeko izan ere Oiartzunen kantatutako Nerea Elustondoren ondoren geratu da, orain bosgarren koxkan. Euzkitzek ere zain egon beharko du. Mendizabalek badu aukera matematikoren bat baina zaila ematen du.
Saio beroa izan zen atzokoa, ez bakarrik tenperaturan, jendea gogotsu zegoen eta bertsolariak behin eta berriz animatu zituen. Ez zen bete-betekoa izan baina denek utzi zuten bere mailaren arrastorik.
Agurretatik adierazi zuten zertara zetozen haizea alde edo kontra, finalerako bidean, sorpresa bila edo mendeku nahian Euzkitzeren moduan. Zortziko handian denak aritu ziren baleko. Neurria hartzeko, saioan ondo sartzeko, balio izango zien baina ez zuten askorik luzitu.
Zortziko txikiko ariketa ere desberdina da finalaurreko hauetan. Batetik rol bat, pertsonaje edo ofizio bat, markatzen zaio bikote bakoitzari eta beraiek harilkatu behar dute elkarrizketa. Garrantzitsua da lagunak esaten duenari erantzutea edo jarraitzea behintzat, gaia osatzen joango direlako. Horretan asmatu zuten Alaiak eta Eneritzek auto saltzailearen eta eroslearen paperean, batek proposatu eta besteak erantzun. Agian besteetan gehiago lotu ziren elkarren erasora eta ez zitzaien hain borobil atera.
Ganbarakoa binaka da eta sei puntukoan. Honek neurriaren zailtasunaz gain, gai zabala izango dela adierazten du eta bikoteak erabaki batzuk hartu beharko dituela bertsoaldia marrazterakoan. Atzokoan ere halaxe izan zen: lagun minak izandakoak haserretu eta berriro harremantzeko bidean jarri zituzten. Estrategia prestatzea, non kokatuko diren aurreratzea komeni, eta horrela egin zuten hiru bikoteek. Denek hitz egin zuten elkarrekin hasi aurretik. Zer harremana zuten, zergatik hautsi zen... Asmatu zuten, bertsoaldi beteenak bertan izan ziren behar bada. Puntutakoa etorri zen gero. Orokorrean asmatu zuten, erritmoa egoki hartzen aurrera joaten. Araiztegi, kolpe gehien eman izan zituena.
Bakarkako lana bakoitzak berea du, gai desberdina dutela alegia. Ganbarakoa denean baino itxiagoa, konkretuagoa. Istorioa asmatu beharrean arrazoiak bilatzekoa edo deskribapenetan saiatzekoa. Giroan ondo sartu zen Alaia zahar-etxeko erizain paperean. Sinesgarri Artetxe eta gertutik Euzkitze guraso bakar moduan.
Hortik aurrera emaitzak. Hurrengoek langa non duten badakite. Hurrengo igandean seikote indartsua dago Arrasateko azken finalaurrekoan. Aurreko finalean egondako Oihana Iguaran eta Agin Laburu txapeldunordea. Dagoeneko saioak irabazi eta ate joka sendo datozen Maider Arregi edo Andoni Rekondo, harrigarria bezain brillantea den Eñaut Martikorena, azken Nagusian finalaurrekoetan, eta Mantxi, beti oso gertu dabilen beteranoa eta azken hiru txapelketa Nagusietan kantatu duena. Guztiek dute hurrengo Nagusian kantatzeko txartela, baina orain finalekoa, nahi dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.