Akademia egonkorra, Dantz egitasmo zabalaren urratsik berriena
Dantz Academy sortu dute, prestakuntza presentziala eta 'online' formazioa uztartuko dituen ekimena
m. imaz
Asteartea, 1 otsaila 2022, 13:17
Iaz musika ekoizpenari eskainitako froga pilotuaren ostean, musika elektroniko eta garaikidearen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen Dantz egitasmoak musika-formakuntzarako akademia egonkor bat sortzea erabaki du, nabarmena iruditzen zaien hutsune bat betetzeko asmoarekin. Izan ere, Dantz-ek baditu abian formakuntza programak ikastetxeetan, baina hurrengo urratsa ematen zuten faltan, eta horixe dakarte, formatu bikoitzean ekarri ere, prestakuntza presentziala eta 'online' formazioa uztartuko baititu akademia berriak.
Abian dituen egitasmo eta ekimen ugarien helburua «musika elektronikoa eta garaikidea ikuspegi desberdinetatik sustatu eta garatzea» izanik, Akademiarena da, zehazki, «herritarren ezagutza prestatzea eta garatzea, 'harrobia» lantzea da, eta beraz, «oraingo eta etorkizuneko musika-eszena bermatzea eta indartzea». «Gure asmoa da jaialdira joango den publikoa Dantz Academy-n formakuntza jasotzeko aukera izatea, Dantz Home baten anfitrioi izatea edo–Dantz Point batean artista gisa jardutea, adibide bat jartzearren», argitu dute.
Horrenbestez, eta hori du bereizgarri nagusia, «Dantz Academy zerbait handiagoaren parte da, Dantz familiarena, artista baten prozesu osoa hartzen duena». Hurrengo asteetan gehiago bilduko badira, ere, akademia Jon Costas eta Lander Agirreurreta 'Lagant' irakasleek jarriko dute abian.
Teorikoa, praktikoa eta sortzailea
Prestakuntzari dagokionez, Dantz Academy-ren helburua da «prestakuntza teorikoa, praktikoa eta sortzailea eskaintzea musika elektronikoaren eta abangoardiako musikaren esparruan». «Ekoizpenari, konposizioari eta musika prozesu osoari buruzko prestakuntza eta orientazioa ematea, musika-estilo horren zabaltasunaren barruan» eta «musika proiektu guztiak gauzatzeko tresnak irakastea» dute xede, baita «musika elektronikoaren munduarekin lotutako produktu eta tresnen berri ematea» eta «artista eta taldeei gaikuntza, orientazio eta coaching-tresnak eskaintzea» ere.
Aurreneko ikastaroa, hasiberriei eta maila ertaina dutenei eskainitako musika-ekoizpenari emana, otsailaren 15ean hasiko Donostiako Gros auzoko Kale Berrian kokatuta dagoen Arteuparte espazioan. 16tik aurrera hastapeneko formakuntzak eskainiko dituzte lau astez areto berean (asteazkenetan, 19:00etatik aurrera). Online ikastaroak, berriz, 14an hasiko dira, Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Informazio zehatza lortzeko zein izena emateko webgunera jotzea komeni da.