Aissa Intxausti eta Unai Mendiburu nagusitu dira lehen saioetan
Bi bertsolari bizkaitarrak izan dira irabazle 'Udabarria Bertsotan' faseko Urdulizeko eta Durangoko bertsoaldietan
DV
Ostirala, 5 maiatza 2023, 11:51
Aissa Intxausti eta Unai Mendiburu bertsolari bizkaitarrak nagusitu ziren ostegun honetan Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen faseko lehen saioetan. 'Udabarria Bertsotan' lelopean Urdulizen eta Durangon izan ziren bertsoaldiak eta 203,5 eta 194,5 punturekin lortu zuten lehen postua. Hala ere, hurrengo faserako sailkatu diren ala ez jakiteko itxaron egin beharko dute, txapelketaren aurkezpenean Bertsozale Elkarteak jakinarazi zuenez puntuazioz sailkatuko dira bertsolariak eta A zein B multzoetatik gutxienez hamahiruk egingo dute aurrera. Bigarren txanda horretan, udazkenean, batuko zaizkie 2021ean finalaurrekoetan eta finalean kantatu zuten bertsolariak.
A multzoko saioa, Urdulizekoa, Kultur Etxean izan zen eta Intxaustiz gain, Beñat Bilbao (178 puntu), Igor Galarza (176), Jone Larrinaga (170,5), Maider Altuna (142,5) eta Illart Gamuzio (141) izan ziren kantuan.
Bestetik, B multzoko saioa Durangoko Plateruena Kultur Aterpean jokatu zen eta oholtzan izan ziren Mendiburrekin (194,5 puntu) batera Araitz Katarain (183), Peru Irastortza (176), Arkaitz Zipitria (175,5), Imanol Arrutia (160) eta Bikain Urkiri (145,5).
Udabarria Bertsotan faseko hurrengo saioak datorren astean izango dira, maiatzaren 11n, Diman eta Muxikan, eta jada sarrerak eskuragai daude. Ostean, beste bi ostegunez izango dira sailkapen faseko saioak. Orduan jakingo da nor doan aurrera lehian.
Azkenik, finala abenduaren 16an Miribillan izango da.