Ainara Elizondoren 'Azenario bete misterio'-k irabazi du Areago Istorioak belarrietara lehiaketa

Kontakizunak bilduko dituen argitalpen ilustratua prest izango da abenduaren 3rako/
Kontakizunak bilduko dituen argitalpen ilustratua prest izango da abenduaren 3rako

Deialdiaren gaia baserria eta paisaia izan da. Bigarren saria 'Makusi' kontakizunagatik Maialen Akizuk jaso du; Josune Garcia de Bikuñaren 'Marrubien zaporea' istorioak jaso du hirugarrena

DVDonostia

Ainara Elizondoren 'Azenario bete misterio' kontakizunak jaso du Areago Istorioak belarrietara V. euskarazko kontakizun laburretako lehiaketako sari nagusia. Idazketa euskaraz sustatzea eta zabaltzea du helburu lehiaketak, baserri munduan haur ipuinen generoa bereziki bultzatuz.

Oso modu positiboan baloratu du epaimahaiak «haurrei zuzenduta egotea, kontatzen diren gertaerrak eta umeak protagonistak izatea». Bigarren saria, 'Makusi' kontakizunagatik Maialen Akizuk jaso du. Josune Garcia de Bikuñaren 'Marrubien zaporea' istorioak jaso du hirugarren saria.

Akizuren istorioan nabarmendu dituzte «estiloa, esateko modua, hitz jokoak, haurrentzat oso egokiak eta originaltasuna». Josune Garcia de Bikuñak aurkeztutako kontakizunean, «misterioari eusten diona, aipatzekoa da lagun talde anitzak dituen baloreak».

Kontakizunak bilduko dituen argitalpen ilustratua prest izango da abenduaren 3rako, euskararen egunerako. Ilustratzaileekin harremanetan daude orain, kontakizun bakoitzean oinarritutako ilustrazioak egin ditzaten.

Baserria eta paisaia

Deialdiaren gaia baserria eta paisaia izan da. Baserriak, eta mende luzez bertan egin den bizimoduak lotura zuzena izan dute bere inguruko paisaiarekin, bere bizimoduaren oinarria izan baita.

Oraingo honetan Areagok parte hartzea, sorkuntza prozesuak, kontakizun laburren bitartez, narratiba eta ikuspegi berriak nabarmendu nahi ditu, era berean euskararen erabilera eremu honetan eta ondare eremuan sustatuz. Gainera, edizio honek, kultur ondarearen inguruko lan modu berriak zabaltzea eta parte hartze zein esperimentazio gune berriak sortzea du xede.

Guztira 26 parte hartzailek aurkeztu dituzte kontakizunak, aurreko edizioan baino 12 gehiagok. Irati Goikoetxeak, Kutxa Ekoguneko ordezkariak, Kakun Orbegozok eta Igartubeiti Baserri Museoko zuzendaritzak osatu dute epaimahaia.

Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako kontakizunen maila oso ona izan da, testuak «zainduak eta landuak» izan dira. Kontakizun sarituen aukeraketa prozesuan kontutan izan ditu epaimahaiak gaia, originaltasuna, sormena, hizkuntzaren erabilera eta estiloa.

Temas

Euskera