Borrar
Urgente La carrera de Fórmula 1 con el campeonato en juego, en directo
Agurtzane Intxaurraga, aste honetan Donostian. UNANUE

Agurtzane Intxaurraga (Hika Teatroa taldearen sortzaile eta zuzendaria): «Dantza beti izan dut bidelagun, eragin handia izan du nire lanean»

Eguneroko ardurei lotutako eragozpenek ez diote kamustu erronka berriei ekiteko grina. Horren azken adibidea 'Zaparrada/Avalancha', dantza ikuskizun berria

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Igandea, 3 azaroa 2019, 13:35

Comenta

Euskal antzerkigintzaren erreferenteetako bat da Agurtzane Intxaurraga, bizkaitar donostiartua. Antzerkigile, zuzendari eta enpresaburu, zinemagintzara ere hedatu du bere lana. Eta, orain, betidanik oso maite duen dantzara. Badu zer ospatua: berak sortutako eta hasieratik zuzendutako Hika Teatroa taldeak 30 urte bete ditu. Heldutasun osoan eta, Intxaurraga bera bezala, gauza berriak egiteko grinaz.

- Hika Teatroa sortu zenetik igaro diren 30 urteak grafiko batean jaso beharko bazenitu, zein puntutan egongo zinateke 2019an?

- Grafikorik ez dut marraztu, baina badut sentsazio bat bilakaera hori nire buruari adierazteko. Hasi nintzenean, oso arina sentitzen nuen dena, dantzan bageunde bezala. Gero, gauzak arinago egiteko, Vespino bat erosten duzu, eta segidan Seiscientos bat; furgoneta txiki bat ondoren... 30 urte eta gero daukadan sentsazioa da trailer bat daramadala soinean.

«Iruditzen zait taldea sortu zenetik igaro diren urteetan gauzak asko zaildu direla»«Igor Calongeren esanetara lan egitea prozesu oso sendo eta sakona izan da niretzat»

- Nork edo zerk zamatu du trailer hori? Ez da zeurea izango daraman karga dena.

- Iruditzen zait Hika sortu zenetik igaro diren urteetan gauzak asko zaildu direla. Hasieran gazteagoa ere banintzen, eta ziurrenik indar gehiago neukan, baina eskarmentuak ere asko laguntzen du, eta indar-neurketa horretan ez daukat argi noiz izan naizen indartsuagoa, lehen edo orain... Uste dut kanpoko gauzak aldatu direla ni baino gehiago.

- Zein zentzutan?

- Ba, esate baterako, administrazioak sormen lanak bultzatzeko laguntzak jartzen ditu, baina gero zailtasun handiak daude iristeko tokietara, eta askotan egiten duzu lan zoragarria eta gero ez dakizu ondo zer gertatuko den produktu horrekin. Produktu hitza ere erabiltzen dugu, begira, garai batean ez bezala... Egunero ikusten dut hori jende berri askorekin, esate baterako dantza garaikidean. Ahalmen sortzaile izugarria dute, eta lanerako gaitasuna ere bai; etengabe daude proiektu berriak sortzen, laguntzetara aurkezten, eta gero egindakoak ezin erakutsita...

- Laguntzak eta gainerako tramite guztiak kudeatzeak makina bat paper-lan eskatuko du.

- Izugarri. Orain dela 25-30 urte administrazioak erabaki zuen gurea bezalako egiturak enpresa egin behar ginela. Enpresa izaten jarraitzen dugunok bulego-egitura handi samarrak behar ditugu, eta horri eusteko lan asko atera behar duzu aurrera. Badaude konpainia nahikotxo ondo lan egiten ari direnak, baina esfortzua ikaragarria da. Nire kasuan, gainera, nire bizkar daude bai sormena bai ardura administratiboa, eta biak bateratzea ez da erraza.

- Zailtasunak zailtasun, era desberdinetako ekoizpen ugari dauzkazue martxan aldi berean. Gainezka egiten dizue sormenak edo ezinbestekoa da gaur egun horrela jardutea?

- Bai, hainbat proiektu ari gara kudeatzen aldi berean, eta gure ekoizpenez gain insituzioentzako enkarguzko ekitaldiak eta horrelakoak ere egiten ditugu. Dibertsifikazioa ezinbestekoa da gaur egun, sormen lan bakar batek ez baitu konpainia profesional bat asetzen. Agian artistikoki bai, baina ekonomikoki ez. Alde horretatik deskonpentsazio handia dagoela iruditzen zait.

- Hainbat hamarkadaz finkatzen joan diren egiturak aldatzea zaila izango da, baina egon badaude beste esperientzia eta eredu batzuk mundu instituzionalizatu horren ertzetan. Ez zaitu tentatzen bide horrek?

- Batzuetan bai, ez dut ukatuko, baina aspalditik gatozenoi oso zaila egiten zaigu gure bidetik ateratzea. Azken bost urte hauetan ibili naiz zirkoa egiten, edo dantza gehiago lantzen, nire helburua ere badelako sormen lanetarako konplizeak aurkitzea, haiengandik ikasteko eta nire lan egiteko modua konpartitzeko. Eremu erabat formaletik zertxobait aldentzen diren esperientzietan ibiltzen naiz, ezagutzen ditut, eta esan behar dut oso aberasgarria dela, baina gero ikusten duzu SL bat zarela, hainbat langile daudela, zergak ordaindu behar dituzula... Hala ere, egia da ari direla sortzen egitura berriak, aldaketa momentuan gaudela esango nuke.

- Dantza eta aldaketa aipatu dituzu erantzun berean. Bat egin dute urriaren 26an Igorren estreinatu zenuten 'Zaparrada/Avalancha' dantza ikuskizunean. Igor Calonge da koreografo eta zuzendaria, eta dantzariak, berriz, Myriam Perez Cazabon, Noemi Viana eta zu zeu. Nolatan egin duzu urratsa?

- Nire aurreneko grina dantza izan zen, baina bideak eraman ninduen antzerkirantza... Hala ere, dantza beti izan dut bidelagun, zeharka bada ere hor egon da, eta eragin handia izan du nire lanean. Betidanik neukan dantzaren inguruko zerbait egiteko gogoa, ametsa, eta hauxe zen abagunea. Hikak 30 urte betetzean, jendeak galdetzen zidan ea ez nuen ezer berezirik egin behar, lehengo obraren bat berriro atera, zerbait berria prestatu... Juntatu ziren hainbat faktore, eta pentsatu nuen une egokia izan zitekeela dantza garaikideko ikuskizun baterako, beti nahi izan dudan hori egiteko.

- Zure buruari egin diozun urtebetetze opari moduko bat da?

- Hori izan zen proiektuaren abiapuntua. Badaukat adina, badaukat nire estruktura, eta gogoa neukan azaltzeko nire buruari gertatzen zaiona. Guztioi gertatzen zaiguna, azken batean, urteekin batera gainera datorkigun zaparrada hori; denboraren joanak norberarengan egiten duena, bai psikologikoki eta baita fisikoki ere. Dantza iruditu zitzaidan hori adierazteko modurik egokiena.

- Cielo rasO konpainiaren sortzaileetarikoa den Igor Calonge dantzari eta koreografoaren esanetara jarri zinen, zure ohiko egitekoetatik urrunduz. Nola azaldu duzue 'zaparrada' hori?

- Zer egin ez dakizula uzten zaituen 'zaparrada' momentu horretatik abiatu ginen. Zer egin: hortxe gelditu, zanpatuta, edo aurrera segi? Igor lehendik ezagutzen nuen, harekin hainbat klase hartutakoa nintzen; besteak beste, momenturen batzuetan nire gorputzarekin bakeak egin ahal izateko. Banekien, hortaz, zerotik hasten dela lanean, gorputzetik, nora helduko den aurretik finkatu gabe. Azkenean ez gara iritsi nik buruan neukan tokira, baina bidean oso-oso argi sentitu dut zaparrada.

- Eta oholtzan, nola sentitu zara?

- Batez ere izan da nire gorputzarekin elkarrizketan jartzea, eta onartzea ez dela orain dela hamar urtekoa, are gutxiago orain dela hogeita hamar urtekoa, mugak ditudala... Egia esan, dantzak berak jarri dizkit mugak. Alde horretatik, niretzat izan da prozesu oso sendoa, sakona, dantzarekin bakeak egiteko balio izan didana. Esperientzia Myriamekin eta Noerekin partekatzea, bestalde, zorte izugarria izan da.

- Hiru emakume heldu dantzan, gaztetasuna lehenesten eta goresten den garaian. Hor ere badago mezu sendo bat.

- Nik 53 urte ditut, Myriamen ditu 38 eta Noek 40. Ni ez bezala, dantzara dedikatzen dira, haien hizkuntza beti izan da dantza, nirea beti antzerkia izan den bezala, baina ez dira 25 urteko dantzariak. Eta hirurok gaude gauzak gorputzetik adierazten diren dantza ikuskizun batean, non dantza ez den hanka altxatzea edo sekulako piruetak egitea. Dantza garaikidetik aldarrikatzen da dantza egiteko modu asko daudela, adinean aurrera joan ahala ere jarraitu daitekeela, gehiago dela nola mugitzen zaren eszenatokian, zer adierazten duzun gorputzarekin eta ez, antzerkian egiten dugun bezala, emozioekin. Dena den, Igorren koreografiak oso fisikoak izaten dira, eta uste dut hau gehiago hurbiltzen dela antzerki dantzara ni nagoelako. Ezin naiz jarri Myriam eta Noeren pare... Energia eduki badaukat, baina gorputzak protesta egiten du. Alde horretatik, bi hizkuntzetatik aurkituko du zerbait publikoak, antzerkitik eta dantzatik. Gustatuko zaio.

- Estreinatu aurretik ere izan zenuten harremanik publikoarekin.

- Ikuskizunak prestatzen egoten garen tokietan saiatzen gara sentsibilizazio lana egiten, jendea gonbidatzen, tailerrak antolatzen... Oraingoan ere egin dugu, prozesua ez dadin izan bakarrik azken emaitza. Inportantea da herritarrek jakitea nola sortzen den, zer dagoen horren atzean, baloratu dezaten gure lana eta sentitu daitezen prozesu horren zati.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Agurtzane Intxaurraga (Hika Teatroa taldearen sortzaile eta zuzendaria): «Dantza beti izan dut bidelagun, eragin handia izan du nire lanean»

Agurtzane Intxaurraga (Hika Teatroa taldearen sortzaile eta zuzendaria): «Dantza beti izan dut bidelagun, eragin handia izan du nire lanean»