'Agur Itaka', Black is Beltza erakusketari agur esateko jarduerak

'Black is Beltza' filmeko fotograma bat./
'Black is Beltza' filmeko fotograma bat.

Igandea denez San Telmo museoan ekainaz geroztik dagoen erakusketa ikusteko aukera, proiekzio bat eta solasaldi bat egingo dira, Fermin Muguruza bertan dela

Joan den irailean, azaroaren 18ra arte luzatu zuten Donostiako San Telmo museoan ekainaz geroztik ikusgai zegoen 'Black is Beltza' erakusketa. Heltzear da azaroaren 18a, eta behin betikoa da oraingoan despedida, igande honetan itxiko baita Fermin Muguruzaren 'artefaktuari' dagokion erakusketa.

Erakusketa ikusteko azken eguna, alegia, igandea izango da, eta agur esateko jarduerak antolatu dituzte San Telmo Museoak eta Fermin Muguruzak, 'Agur Itaka' izenburupean. Hala, 17:00etan'Beltza naiz: Dokumentala / Making of' (2018, 84 min.) proiektatuko da. Amaia Jackson afro-euskaldunaren (aita Tanzaniakoa du eta ama Zarauzkoa) apunte biografikoak, eta bere interesa 'Black is Beltza' artefaktuaren inguruan garaturiko narrazio-plataforma guztiekiko.

Bi elementu horiek osatzen dute hain zuzen ekintza-multzo honen produkzio-prozesuak erakusten dituen dokumentalaren kontakizun-haria. Bi zatitan banatua, lehenengoak proiektuaren transmedia garapena erakusten du, eta bigarrenak animazio-filma nola egin zen, guztia sormen-eztanda hau eragin zuten artista eta ekintzaileei egindako elkarrizketez maneatua. Ekitaldi aretoan izango da, eta sarrera librea da lekuak bete arte.

19:00etan, berriz, solasaldia izango da. Fermin Muguruzak eta proiektuko beste parte-hartzaile batzuk 'Black is Beltza' proiektu transmediaren inguruan hitz egingo dute, istorioaren inspirazio izan zen albistetik gerora proiektuak izan dituen garapen guztietara. Ekitaldi aretoan egingo da, euskaraz, eta kasu honetan ere sarrera librea lekuak bete arte.

Erakusketa irekita egon den hilabeteetan erakusketarekin lotutako animaziozko zinema proiekzioak, Fermin Muguruzak gidatutako bisitak eta uztaileko San Telmo Gaua izan dira. Ixteko egun batzuen faltan, erakusketak 12.000 ikusletik gora izan ditu, Laborategian izan diren erakusketen artean bisitatuenetariko bat izan delarik.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos