Agertokiak beteta agurtuko ditu zaleak Berri Txarrak taldeak

Iruñea Arenan emango dute Ikusi Arte Tour 2019 kontzertu birako azkena/J. M. Lopez
Iruñea Arenan emango dute Ikusi Arte Tour 2019 kontzertu birako azkena / J. M. Lopez

«Etenaldi mugagabea» egingo du talde nafarrak Ikusi Arte Tour bira egin eta gero. Azken bi kontzertuak Iruñea Arenan emango dituzte, eta bietarako sarrerak agortu dituzte urdu gutxian

Aurten musika uztera doa Berri Txarrak taldea, «etenaldi mugagabea egitera», pasa den abenduan adierazi zutenez. Iruñea Arenan emango dute Ikusi Arte Tour 2019 birako azken kontzertua. Sarrerak salgai jarri eta berehala agortzean, erabaki zuten beste kontzertu bat egitea horren aurreko egunean, Iruñea Arenan ere bai. Horiek ere agortu dituzte.

Ostiralean jarri zituzten salgai azaroaren 22rako sarrerak, azaroaren 23ko azken emanaldiaren aurretik. Iruñean, Lekunberrin, Altsasun, Elizondon, Lizarran, Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Baionan ere jarri zituzten salgai sarrera batzuk, leku fisikoetan. Gainerakoak, Wegow plataformaren bidez saldu dituzte.

Abenduaren 12an iragarri zuen hirukoteak «ziklo ahaztezin bat» itxiko dutela aurten, 'Ikusi Arte Tour' izeneko bira luze bat egin ondoren, «etenaldi mugagabea» egiteko. Birako data zehatzik ez dute eman oraingoz.

Hala ere, bira horretaz gain, aukera izango da, baita ere, Seaska Iparraldeko ikastolen federazioak antolatuko duen musika jaialdian talde nafarra ikustekoa. Otsailaren 16an izango da Arrangoitzen, Lapurdin. Sarrerak eskuragarri daude Biarritzeko Iraty aretoko kontzertura joan ahal izateko. Berri Txarrakez gain, Willis Drumond, Xiberoots, Diabolo Kiwi eta Txakatuk txarangak ere egingo dituzte kontzertuak.

Txartelak dagoeneko eskuragarri daude hamabost eurotan. Internet bidez eros daitezke, musikaze.net/seaska helbidean baina baita Baionako Elkar dendan ere.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos