Aforismoak

Emile Cioran filosofo errumaniarra./El Correo
Emile Cioran filosofo errumaniarra. / El Correo

«Hitz orok, hitz bat soberan».

Begoña del Teso
BEGOÑA DEL TESO

Ospatu berri da Sevillan aforisten bilkura, non altzairuzkoak —eta ez preseski altzairu gozozkoak— izan ziren hitzak, ideiak eta esaldiak. Destilazio anitzen osteko emaitzak denak. Bertan, gurean gaztelaniaz idazten duten bi izkiriatzaile goratu ziren: Eibarko Mayora eta Irunberriko Eder; baina denen ahotan izan ziren euskaldun beste bi: Igerabide eta Linazasoro.

Aforismo, Euskaltzaindiaren Orotariko Hiztegiaren arabera: Hitz gutxitan asko dion esate bat, errate askiduna. Edo: Arau gisa proposatzen den esapide laburra. Juan Krutz Igerabideren esanetan «Aforismoa arrain bat da, uretatik jauzi batez agertua[...] Aforismo on batek ez du uzten inoiz bizkarra laztan diezaioten[...] Aforismoak ez du sinopsirik onartzen».

Aforismoak, Karlos Linazasororen aburuz, «Nobelak futbol partida bat badira, aforismoak penaltiak dira. Penaltiak beti dira partida osoa baino zirraragarriagoak».

Aforismoak baino askozaz gehiago idazten zuen batzuen pentsamenduak; izkirioen luzeraz, adibidez: Cioran filosofoaren «Hitz orok, hitz bat soberan».

Literatura eta filosofiaren arteko pasaietan barrena idazten duen Antonio Casado Da Procha euskaldun berri ezkerraren iritziz —'High Alaitasuna' du izena bere blogak—«logura da aforismoaren kontrakoa». Enrique García Maíquez idazleari lapurtutako esaldia omen da «idazle originala ez da imitatzen ez duen hori, baizik eta besteek imitatzen dutena» dioena.

Aforismoa, sarri, maiz, ia beti sariak irabazitako Iñigo Legorburu soldatzaile/bertsolari/ Errenteriakoaren hitzetan —Xabier Leteren Habanera doinuarekin kantatua— «Aforismoa mugitu ohi zaigunez handik hona, hankadun aforismoa ez ote dugu pertsona?»[...]

Aforismo bat, Oihenart lehiaketaren V. edizioan bigarren saria eskuratu zuen Juan Ramon Alberdi antropologiako ikasleak sortua: «Alkoholak ez du lotsa ezabatzen, atzeratu baizik».

«Esan nahia eta esan ezina aforismo on batekin sendatzen da» diote aforista askok, baina nola demontre, nola arraio sortzen da aforismo bat? Ideiak, esaldiak, burutazioak, pentsamoldeak, pentsaera eta pentsamenduak, ikusitakoa, entzundakoa eta susmatutakoa destilatzen, soiltzen, biluzten, kontzentratzen, garbitzen, depuratzen. Horren inguruan punteria doitzen. Etengabe idazten. Huskeriak alboratzen, txikikeria saihesten.

Eta nolakoa izan behar egileak esandako hori guztia lortu ahal izateko? Begirale fina. Eta findua. Ondoan duen oro ikusteko. Ingenio handikoa. Gaizto samarra.

Aforismoa zer den badakigu —edo—. Egun, izan daiteke ere twitterreko txio bat. Izan daiteke dagoeneko modaz pasata diren sms haietako bat. Izan daiteke whatsappa. Haiku-a ere, betidanik. Baina sekula ez atsotitza edo esaera zaharra, horiek zeharo, arras, erabat dogmatikoak direlako. Aforismoak, berriz, ederki ezagutzen du bere burua eta badaki barruan daramala esandakoaren kontrakoa. Manipulatzaile aparta da aforismoa. Zure ironia, zure adimena, zure buru-finezia laztandu —ferekatu, hobe esanda— egiten ditu. Eta gero... gero tiro!

Igarabidek Maimonides idazle juduaren 'Dudaldian direnentzako gida' ospetsua omentzen duen bere 'Labur txintan' dion bezala, epigrama —hots, aforismoaren anaia pixkat bat handiagoa— pistola bat da. Konpronbatzeko, sartu kanoia ahoan. Ausartzen bazara, jakina.

Bukatzeko, 'Aforismo lakoni...' —83. orrialdean dagoena, pistolatik ez oso urrun—.