'Adarretatik', Zarauzko udako musika jaialdia

Mikel Urdangarinek larunbatean kantatuko du, Musika plazan./JUANFER
Mikel Urdangarinek larunbatean kantatuko du, Musika plazan. / JUANFER

Ostiraletik igandera arte, bermatuta dago musika eguerditik aurrera herriko hiri tokitan: Merkatu plazan, Musika plazan eta Itsas Pasealekuan

Enbor Akzio Kulturala elkartearen eraginez sortua, aurreneko urratsak egitear da Zarautzen Adarretatik jaialdia, uztailaren 20tik 22ra, ostiraletik igandera, burutuko dena Ekimenaren sustatzaileak bi kultur eragile ezagun dira, Oier Aranzabal kazetari eta musikaria eta Mikel Unzurrunzaga Schmitz, DJ Makala. Zarauzko Udalaren laguntza duen ekimen berria Hondarribia Blues-ek eta Donostiako Jazzaldiak osatzen duten uztaileko musikaren mapa osatzera datorrela esan liteke.

Egonkortzeko borondatearekin sortu den jaialdiak, hain zuzen, orain arte ez zeukan udako musika jaialdia eman nahi dio Zarautzi, eta baliatu nahi dute besteak beste «euskal kulturari eta euskal sortzaileei sona» emateko. Horrenbestez, euskal musikariak dira nagusi egitarau zabalean, nahiz eta baden kanpoko talderik.

Horrez gain, bereziki zaindu nahi dute eskaintza, udako musika jaialdien inguruko topikoetatik urrundu eta bestelako proposamenei tartea eskaintzeko. Egitarau zabalean ikus daitekeen bezala, mota desberdinetako emanaldiak daude, bai ordutegiari, bai tokiari, bai musikariei dagokienez. Hori bai, denak dira doakoak.

Eguerdiko saioak Merkatu plazan egingo dira, 12:30ean. Bazkalaurreko saioak, formatu txikikoak, Foru Aldundiaren Katapulta ekimenaren babesa dute, eta bertan ariko dira Sara Mansilla, Juan Valls eta Oso Fan; laukotea, bakarlaria eta hirukotea, hurrenez hurren.

Afalaurrekoak, berriz, Musika plazan egingo dira. Aurkezpen handirik behar ez duten bi musikari ariko dira toki horretan ostiralean eta larunbatean 19:30etik aurrera: Rafa Rueda eta Mikel Urdangarik. Disko bana kaleratu zuten iaz, 'Hiri kristalezkoa' eta 'Margolaria', hurrenez hurren, eta ez dira faltako lan horietako kantak, ezta bien ibilbide luzeko alerik esanguratsuenak ere.

Gaueko emanaldiak Itsas Pasealekuan egingo dira. Hiru proposamen izango dira ostilean eta igandean, 20:30, 22:30 eta 23:45ean, eta bakarra gaueko saiorik ez duen igandean, 19:30ean. Ostiralean Sao Pauloko DJ Tahira eta DJ Budin nafarra ariko dira aurreneko saioan. Bigarrenean, Zarauzko Buffalo talde instrumentalak joko du, eta gaua itxiko dute, erabateko festa giroan, The Souljazz Orchestra kanadiarrak.

Larunbatean, berriz, DJ Budinek, Elkano Browning Cream taldeak eta Akatz banda bilbotarrak beteko dituzte musikaz Itsas Pasealekuko hiru saioak. Igandean emanaldi bakarra izango da arratsaldean, Itsas Pasealekuan, Jimmy Bidaurretak zuzentzen duen Gasteiz Big Band-en eskutik.

Egitaraua

Ostirala, hilak 20
Sara Mansilla (Merkatu plaza, 12.30), Rafa Rueda (Musika plaza, 19.30), DJ Tahira (Itsas pasealekua, 20:30), Buffalo (Itsas pasealekua, 22.30), Souljazz Orchestra (Itsas pasealekua, 23.45).
Larunbata, hilak 21
Juan Valls (Merkatu plaza, 12.30), Mikel Urdangarin (Musika plaza, 19.30), DJ Budin (Itsas pasealekua, 20.30), Elkano Browning Cream (Itsas pasealekua, 22.30), Akatz (Itsas pasealekua, 23.45)
Igandea, hilak 22
Oso Fan (Merkatu plaza, 12.30), Gasteiz Big Band (Itsas pasealekua, 19.30).

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos