Abuztuaren 23tik 26ra mugatik ez pasatzea eskatu du Trafiko Zuzendaritzak

Abuztuaren 23tik 26ra mugatik ez pasatzea eskatu du Trafiko Zuzendaritzak
F. de la Hera

Biarritzeko G7 gailurra Euskal Autonomia Erkidegoan itzulera operazioko ibilgailu trafiko handieneko asteburuarekin bat dator

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak plan operatibo berezia jarri du abian abuztuaren 24an, 25ean eta 26an Biarritzen egingo den G7aren gailurrak trafikoan eragin ditzakeen gorabeherei aurre egiteko, eta abuztuaren 23tik 27ra mugatik ez pasatzeko eskatu du, gailurra bat datorrelako Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) itzulera operazioko ibilgailu trafiko handieneko asteburuarekin, eguneko 30.000 ibilgailurekin.

Horrela, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan indartu egin da informazio seinaleztapena, eta 90.000 liburuxka editatu dira, lau hizkuntzatan, gidariei jakinarazteko abuztuaren 23tik 26ra bitartean mugako pasabidea saihestu behar dutela.

Gainera, modu koordinatuan lan egiten ari da trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko. Era berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du ibilgailu astunen trafikorako murrizketen eraginpean dagoen garraio sektoreari modu puntualean informatzeko.

«G7ren gailurra Biarritzen egingo da abuztuaren 24tik 26ra bitartean, eta bat etorriko da nazioarteko zirkulazioko udako oporraldiko itzulera operazioarekin. Gailur horrek, beraz, eragin handia izango du Biriatuko mugako pasabidean. Izan ere, Frantziako agintariek segurtasun kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari», azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

«Informazio seinaleak ezarri dira AP-1, AP-8 eta N-1 errepideetako atseden eremuetan, bi noranzkoetan; liburuxkak ari dira banatzen Bidegiren zerbitzuguneetan eta ordainsarietan; informazio prozedura berezia artikulatzen ari da mezu aldagarriko paneletan, Twitterren eta web orrian. Era berean, aurreikusi da erabiltzaileei zuzendutako arreta indartzea eguneko 24 orduetan operatibo egongo den 011 informazio telefonoaren bidez», esan du Diaz de Corcuerak.

ABUZTUA

Bestalde, trafikoari dagokionez, astebururik gorabeheratsuenetako bat ostegunean hasiko da, uztailaren 25ean, abuztuko lehen asteburuarekin batera. Izatez, lau eguneko zubia hasten da, eta eguraldi onarekin barne trafikoak gora egitea aurreikusi da. Aldi berean, abuztuko oporraldiko irteera operazioa bat etorriko da uztaileko oporraldiaz gozatu dutenen itzulerarekin.

Irteera operazioko astebururik kritikoenetan trafikoaren arintasuna hobetzeko asmoz, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen operatibo bereziak abiatuko ditu Etxabarri Ibiñan, AP-1 eta N-622 errepideen arteko loturan, Gasteizerako noranzkoan, eta, aldi berean, Gasteizen, N-622 eta A-1 errepideen elkargunean, Burgoserako eta Madrilerako noranzkoan.

Gainera, Arabako Foru Aldundiarekin batera, behin behineko seinaleztapena gaitu da Armiñongo bidegurutzean, A-1 errepidearekiko paralelo bideratzen den N-1 errepidean zeharreko ibilbide alternatiboa erabil dadin Argantzon eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean.