Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Anthony Hopkins eta Emma Thompson, Stevens jauna eta Kenton andrea, 1993ko filmean.
'The Remains of the Day' aukeratu dute euskaratua izan dadin

'The Remains of the Day' aukeratu dute euskaratua izan dadin

Kazuo Ishiguro 2017ko Literaturako Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi Sariketa abian da, eta horixe da aukeratutako eleberria

Martes, 31 de octubre 2017

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

'The Remains of the Day' ('Lo que queda del día', gaztelaniaz) 1993ko filmeko protagonista, edo filmaren jatorrian zegoen izenburu bereko 1989ko eleberriko protagonista eta narraitzaile zen Stevens maiordomoarekin akordatzen denari, berehala etorriko zaio gogora haren zurruntasuna, haren zorroztasun erabat britainiarra, are gehiago ingelesa. Filma, baina, James Ivory estatubatuarrak zuzendu zuen, eta eleberria aurten Literaturako Nobel saria eman dioten japoniar jatorriko Kazuo Ishigurok idatzi…

1954 urtean Nagasakin jaio eta bost urte zituela gurasoekin batera Britainia Handira joan zenetik, Ishiguro ez da Japoniara itzuli, eta ingelesez idatzi izan du beti, nahiz eta aurreneko eleberriak II. Mundu Gerra ondorengo jaioterri zigortuan kokatu. Ohi denez, urteko Nobel saria zein idazerentzat izan den jakin eta gutxira, Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak haren lana euskaratzeko antolatzen duten Jokin Zaitegi Sariketaren deialdia egiten dute.

Aurtengoa martxan da, eta erabaki dute euskarara ekarri behar den lana dela Ishiguroren lan ezagunenetakoa, aipaturiko 'The Remains of the Day', Stevensek ugazaba berri estatubatuarrak utzitako autoa baliatuz egiten duen egun gutxiko txangoa, garai batean lankide izan zuen Miss Kenton mantsiora lanera bueltatzeko konbentzitzeko xedea duena, hasiera batean.

Bigarren aroko hirugarrena

Jokin Zaitegi saria 2002an abiarazi zuten Elkar argitaletxeak eta Arrasateko AED (Arrasate Euskaldundu Dezagun) elkarteak. Horri esker, 2002tik 2012ra bitarteko Nobel saridunak euskaratu ziren, Kutxa zelarik sariaren babeslea. Haren laguntza lagunda, etenaldia izan zuen sariak bi urtez eta, horrenbestez, 2013 eta 2014 urteetan saria jaso zuten bi idazle handiak, Alice Munro eta Patrick Modiano, Zaitegi bekaren bidezko itzulpenik gabe gelditu ziren (hala ere, biak daude euskarara ekarriak, Modiano zein Munro).

2015ean itzuli zen sariketa, eta Svetlana Aleksievitx bielorrusiarraren 'Gerrak emakume-aurpegia du' kronika-erreportaje zabal eta zirraragarria ekarri zuen, Iker Sancho Insausti lazkaotarrak itzulia. 2016 urteko Nobel saridun Bob Dylanen ehun abesti euskaratzeko deialdian, berriz, Gartxot Unsain donostiarraren proposamena hobetsi zuen epaimahaiak. Ondo beharrean, laster izango da irakurleen eskura.

EFE

Aurtengo deialdiari dagokionez, berriz, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatzen den lehiaketan "Ishiguroren liburua itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte". Horretarako, antolatzaileek proposatutako pasartea euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali, posta elektronikoz (aed@aedelkartea.eus) . Aukerako pasartea 'Darlington Hall' da. Bi dokumentu igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da.

Asun Garikanok, Xabier Olarrak eta Xabier Payak osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2018ko urtarrilaren 15a baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru kopuruaren truke.

Irabazleak 6.000 euroko saria irabaziko du 'The Remains of the Day' itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua eman ostean: lan amaitua 2018ko irailaren 30a baino lehen eman beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

Elkar argitaletxeak argitaratuko ditu Ishiguroren eleberria euskaraz, 2018ko Durangoko Azokarako ahal dela. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi Saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios