Abian da Gaztearen XXVIII. Maketa Lehiaketa

Aizkorak Zorroztu taldea./EITB
Aizkorak Zorroztu taldea. / EITB

Otsailaren 26ra arte egongo da zabalik kantuak bidaltzeko epea. Bozketa-fasea martxoaren 13an hasiko da, eta apirilaren 5ean izango da final handia, Bilboko Kafe Antzokian

Urte berriarekin batera, Gazteak jarri du martxan Maketa Lehiaketaren aurtengo edizioa, XXVIII.a. Hala, otsailaren 26ra arte egongo da zabalik maketak bidaltzeko epea.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, «Aste horie esku artean dituzuen kantuak biribiltzeko eta lehiaketara aurkezteko balia ditzakezue. Dakizuenez, parte-hartzaileek ezin dute diskoetxe batekin inolako hitzarmenik izan. Musika estiloari dagokionez, ez dugu mugarik jarriko».

Esan bezala, otsailaren 26ra arte egongo da irekita kantuak bidaltzeko epea. Lehiakide bakoitzak hiru abesti aurkez ditzake. Bozketa-fasea, berriz, martxoaren 13an hasiko da. Hala, astebetez (martxoaren 20ra arte) lehia bizian arituko dira bigarren fase horretara sailkatutako taldeak.

Horien artean boto gehien jasotzen dituenak Entzuleen Saria eskuratuko du. Epaimahaiaren Saria norentzat izango den, berriz, epaimahaikideek erabakiko dute ondoren.

Guztira, bost taldek edo bakarlarik lortuko dute final handirako txartela. Finala apirilaren 5an egingo dugu, Bilboko Kafe Antzokian, eta bost finalistak bertan arituko dira zuzenean, euren kantuak defendatzen. Epaimahaikideek horietako hiru aukeratuko dituzte, eta beste biak boto gehien jaso dituzten biak izango dira.

Ohi bezala, sari potoloena (Epaimahaiaren Saria) jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du. Entzuleen babesik handiena jasotzen duenak, ostera, 2.500 euro eramango ditu. Horiez gain, beste sari bat izango da: Kafe Antzokiaren sari berezia. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Temas

Euskera